Euskara eta irakurzaletasuna bultzatzeko helburuz, Euskaltzaleen Topagunea elkarteak Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoaren zazpigarren edizioa jarri du martxan. Apirilaren 23an, Nazioarteko Liburuaren Egunean hasi zen kanpaina, eta ekainaren 30era arte luzatuko da.
Herritarrak euskaraz irakurtzera animatu nahi ditu kanpainak, irakurtzearen alde atsegin eta gozagarria azpimarratuz. Goierriko bost herrik (Beasain, Ordizia, Lazkao, Ataun eta Zaldibia) bat egin dute ekimenarekin. Asmoa aurrera ateratzeko, herrietako hainbat elkarte, udal liburutegi, liburu denda eta udalak elkarlanean ari dira.
Kanpainaren izenari jarraituz, parte hartu ahal izateko hiru urrats jarraitu behar dira. Lehenik eta behin, herriko liburutegira joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu behar da. Bigarren urratsa, liburua irakurtzen gozatzea da. Liburutegira itzulitakoan, fitxa sinple bat bete behar da: zein den irakurritako liburua, zer inpresio eman dizun… adieraziz. Behin bigarren pausoa egindakoan, liburuzainak erosketa-txekea emango dio irakurleari, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko. Azkeneko pausoa, beraz, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, edo norbere buruari. Euskarazko beste edozein libururen erosketan %25eko deskontua izango du.