Joseba Villarreal (ELA sindikatua)
Berriro ere greba deialdi baten aurrean gaude eta berriro ere grebaren arrazoietaz hitz egitea ezinbestekoa da; 2009ko maiatzaren 21etik hona 6. greba orokor eguna izango da maiatzaren 30ekoa, eta lehenengorako zeuden arrazoi guztiak biderkatu egin direla esango nuke. 2009ko greba iragartzean sindikatu abertzaleak Patxi Lopezi (PSE) ongi etorria emateko deitzen genuen greba politikoa zela leporatu zigun batek baino gehiagok, eta 4 urte beranduago Iñigo Urkulluren (EAJ) aurka sindikatu abertzaleak eta, kasu honetan, beste 50 mugimendu sozialetik gora egiten dugun greba politikoa dela esaten dute beste askok.
Greba berez da politikoa, agintariek aplikatzen dituzten politikak baldintzatu eta aldaraztea baita edozein greba orokorraren berezko helburua, hori bai, ez da inondik inora greba partidista. Agintean dagoen gobernuak inposatzen dituen politika ultraneoliberalen aurka, herriaren ahotsa plazaratu nahi duen greba baten aurrean gaude, garbi gera bedi. Kuriosoa da behin eta berriz entzutea, ia beti eragile zein pertsona berdinei, grebarako arrazoiak egon arren greba ez dela bidea, ez dela grebarako unerik aproposena, greba borroka molde zaharkitua dela edo grebarekin ez dela ezertxo ere aldatuko, biharamunean berdin egongo garela…
Goazen arrazoietara: egunero langabetu gehiago, murrizketak murrizketen gainean (osasungintza, hezkuntza, zerbitzu sozialak…), lansarien gainbehera (funtzionarioei murrizketak, langileoei soldata jeitsierak…), langileon bermeei eta eskubideei ikaragarrizko erasoak (lan erreforma, Negoziazio Kolektiboaren erreforma…), ongizate gizarteari gupidarik gabeko erasoa (pentsioen erreforma, dependentziaren inguruko murrizketak, etxegabetzeak…) eta bakoitzak zerrenda honi gehitu diezaizkioken beste hamarnaka arrazoi. Era arrunt batean esateko guztia deuseztatzen ari dira gutxi batzuen interesak bermatzeko, gertatzen ari dena «katastrofe humaritarioa» da, kasu honetan ez da ekaitz, tsunami edo lurrikara batek sorturikoa, aseezinak diren elite ekonomikoen zerbitzura diharduten Gobernuak (Europa, Erkidego, Estatu) dira erantzule bakarrak.
Alternatibarik ez dagoela darabilte hitzetik hortzera, hau ere gezurra, beraiek jakin badakite, ondo jakin gainera, beste politika batzuk garatzeko aukera badagoela. Herri xehearen aldeko politika egiteak gaur gobernuetan daudenen hariak mugitzen dituztenen aurkako politikak egitea da, eta ez daude horretarako prest, ez dira ausartzen, gehiegi zor diete.
Abiapuntu gisa fiskalitatea errotik aldatu beharra dago, herriaren zerbitzura jartzeko fiskalitatea progresiboa bermatu, gehien daukanak gehien ordaindu dezala (gaur hauek ez dute ordaintzen), iruzur fiskala erasotu (gaur bultzatu egiten da…), baina ezinbestekoa da ausardiaz jokatzea eta iraultza fiskala ahalbidetzea. Zerbitzu publikoak hedatu behar dira, languntza sozialak haunditu, arlo sozialean enpleguak sortu, ingurugiroarekin bateragarriak diren enpleguak bideratzen lagundu, herriaren eta ez multinazional haundien mesedetan dagoen Ikerketa eta garapena sustatu, nekazaritza jasangarria babestu eta bultzatu, finean kapitalaren aldeko politikak egin ordez herritarren eta herriaren aldeko politikak garatu.
Tamalez gaur aginte makilak dituztenak ez dira ari honetan pentsatzen, gizarte osoaren ardura da ados ez gaudela jakinaraztea, zapalduak eta erasotuak sentitzen garen guztion erantzukizuna da gure aletxoa edo zakukada jartzea, honetarako deitzen dugu Greba orokorra, honetarako egin nahi dugu topo kalean. Lehen, orain, bihar eta etzi aldaketa kaleetatik etorriko da, beti izan da horrela, langile klaseari inork ez digu inoiz ezer bulego batean oparitu. Gora Greba Orokorra!