Haitz arteko eta basoko bideen zailtasunak zein inguruetako paisaien edertasunak erakarrita edo, gero eta gehiago dira mendi lasterketen mundura hurbiltzen ari direnak. Zalantzarik gabe, moda modan dagoen kirola da. Ikusi besterik ez dago, Goierrin antolatzen diren mendiko probek duten arrakasta.
Igande honetan, etzi, da XII. Zegama-Aizkorri Mendi Maratoia; Ehunmilak eta Goierriko 2 Handiak probekin batera, mendi lasterketen artean harribitxia. Hamarkada batean mundu mailako sona izatera heldu den lasterketa da Zegamakoa. Probarako prestatu dira Oihan Galparsoro ataundarra eta Karmele Ormazabal zegamarra. Nuria Molina urretxuarra, berriz, uztailerako G2H proba prestatzen ari da. Zegaman elkartu dira hiruak.
Kirolerako afizioa, mendizaletasuna eta kemena soberan dituzte hiruek ere. Lana eta etxeko ardurak konbinatuz, prestatze lanetan eman dituzte azken hilabeteak.
Orain urte batzuk Boliviara egindako bidaia batean hasi zen Molina mendian «serio» entrenatzen. Hala, han eta hemen hainbat lasterketetan irten ondoren, iaz egin zuen lehenbizikoz G2H bi lagunekin batera. Beasaindik abiatuta, Aralar eta Aizkorri inguruak zeharkatzen ditu 88 kilometroko ibilbideak. Ehunmiliak lasterketaren parte da proba hau. Oso gogoan ditu Molinak lasterketan igarotako uneak, gogorrak ugari: «Asko sufritzen da, luzea da oso». Gogoan du Mutiloan, amaierarako 10 kilometro falta zituenean arropaz goitik behera aldatu behar izan zuenekoa. «Bustita eta hotzak nengoen, ezin nuen jarraitu», zioen. Azkenean, 20 ordu eta 50 minututan amaitu zuen lasterketa. Proba amaitu orduko gehiago ez zuela egingo pentsatu zuen bere artean; «baina, ordubete geroago ziur nengoen hurrengo urtean berriz egingo nuela». Aurten saiatuko da bigarrenez.
Sentsazio berarekin amaitu zuen G2H Oihan Galparsorok ere. «‘Nork esan ote zidan niri hemen sartzeko?’ galdetzen nion nere buruari, baina proba amaitutakoan sentitzen den harrotasun horrek dena ahaztarazten du», zioen.
Beti izan da kirolaria ataundarra; futbolean jokatzen zuen eta errepidean korrikan hasi zen ondoren, mendian amaitu duen arte. Igandean hirugarrenez ekingo dio maratoiari. Lehenbiziko saiakeran bertan behera utzi zuen, eta iaz osatu zuen ibilbidea lehenengoz.
Zegama-Aizkorri bazetorrela eta nabarmena zen urduritasuna korrikalarien artean erreportajea egiteko hitzoduan. Ataundarrak zioenez «zaila» da nerbiorik ez izatea, «beti sentitzen da zerbait». Galparsororen gisan, Karmele Ormazabal ere maratoian irtetzeko prestatu da. Parte hartzeko ilusioz dago: «Nire helburua ibilbidea amaitzea izango da, minik hartu gabe. Berrogehi urterekin maratoia egiteko erronka jarri nuen eta asmo horrekin irtengo naiz». Gaztetan atletismoan aritu bazen ere, urte asko eman ditu kirolik egin gabe. «Bi alaba ditut, kozkortzen ari dira eta hemen naiz ni berriro, galdutakoa errekuperatzen», zioen. Behin behintzat proba osatu nahi du zegamarrak, datorren urtean zer egingo duen ez dakiela zioen. Molinak eta Galparsorok aurreratu zioten baietz, behin egiten badu urrengo urtean ere irteera puntuan izango dela. Argi dute, mendiko lasterketena «harrapatzen» duen kirola dela.
Prestaketa gogorra
Azken hilabeteak euritan joan direnez, mendian entrenatzeko zailtasun handiak izan dituzte korrikalariek. Lokatzak eta elurrak oztopoak jarri dizkie. Zegama-Aizkorri, GH2 edo mendiko edozein proba prestatzea «erronka gogorra» dela aitortzen dute hiruek. «Ordu asko eskatzen dituen entrenamentua da» urretxuarrarentzat.
Dagoeneko, ordea, prestatu beharrekoa prest dute eta igandera begira daude. Lasterketan gainean eraman beharrekoen artean ura eta janari energetikoak aipatzen dituzte. Erlojua ere ez da faltako. Molinak zioenez «beharrezkoa» da denbora neurtzea; «ez erronka gisa bakarrik, indarrak neurtu behar direlako baizik». Galparsorok ere hala zioen: «Jendearen animoekin behar baino gehiago ematen dugu sarri, neurtzen jakin behar da».
Hiruek goraipatzen zuten Zegama-Aizkorrin zein G2Hn izaten den ikusle emana. «Iaz Andraitzen gora nindoala, euritan eta lainopean, ezinean, jendearen berotasunagatik ez balitz ez dakit zer egingo nuen», aitortu zuen ataundarrak.
Etzi irteera puntuan 450 korrikalarirentzat lekua izango bada ere, 3.188k eman dute Zegama-Aizkorrirako izena. «Zegamak badu zerbait berezia, hitzez azaldu ezin dudana. Hau bizian behin behintzat egin beharrekoa da», zioen Galparsorok. Parte hartzeko aukerarekin «pribilegiatuak» sentitzen dira.
Erronka gogorra dute aurretik, baina atsotitzak dioenez gustuko lekuan ez omen dago aldaparik.