
Ikasturtearen bukaeran Olaberria bihurtuko da eskola txikien bilgune. Goierriko festa egingo dute bihar, eta Gipuzkoakoa ekainaren 9an. Landa eremuko ikastetxe publiko hauen izatea eta izaera ezagutaraziko dute jaialdi horiekin, beraien arteko topagunea sortzeaz gain.
Eskola Txikia izendapena hartzeko, hainbat ezaugarri eduki behar dituzte ikastetxeek: publikoa eta herrian dagoen bakarra izan behar du; euskalduna; sei ikasgela edo gutxiago dituena; talde txikiak eta adin batekoak baino gehiagokoak batera gelan… Eskola txikia indartzeaz ez ezik, herria bera —normalean biztanle gutxiko udalerriak— sendotzea da helburua, lotuta dauden bi hari direlako, ikastetxeen iritzian.
Belaunaldi bat baino gehiago igaro dira, dagoeneko, eskola txikietatik. Frankismo ondoren berrantolatu zituzten eskola publiko euskaldunak, 1988an ospatu zuten lehen jaia, Bidegoianen; guraso elkarteen koordinakundea 1993an eratu zuten.
Hiru hamarkada horietan, zikloa borobiltzeko astia eman du denborak. Eskola txikietako ikasle izandakoak, bertako guraso dira orain. «Gertutasuna», «maitasuna», «herritartzeko modua», «segurtasuna»… Halako hitzekin laburbildu dute eskola Zeraingo, Gabiriako eta Olaberriko guraso banak.
«Erraza zen hara joatea»
Olaberrian, herriko eskolak ez du etenik izan. Gainera auzoko eraikinean ibili zen Maider Agirre olaberritarra. «Abantaila bezala ikusten dut zeure herrian ikastea. Talde txikiak ginen, 8-10 lagun izango ginen gelako. Irakaslearekin gertutasuna zegoen, eta gurasoek ere irakasleekin harreman handia zuten. Guretzat erraza zen eskolara joatea; etxetik gertu, lagunekin…».
Gaur egun 7 eta 9 urteko bi haur ditu, eta Olaberrian eskolatu ditu. «Herriarekiko lotura gehiago ikusten diet nik, kanpora joaten diren umeek baino gehiago. Talde txikiak dira, eta irakasle kopurua nahiko ona da dauden umeentzako. Bestetik, eskola txikien metodologia desberdina da, eta gustatzen zait lan egiteko modua. Iruditzen zait umeentzako ere ikasteko ona dela», dio Agirrek.
Idoia Agirre gabiriarrak eskolaren alde denak ezagutu ditu. Balentzategi herri eskolako ikasle izan zen, irakasle ikasketetan praktikak han egin zituen, lanean bi eskola txikitan —Oikian eta Ikaztegietan— ibili da, eta orain guraso da.
«Familia bat bezala zen»
«Txikitan, Gabirian 20-25 ikasle inguru ibiltzen ginen. Familia bat izango bagina bezala ibiltzen ginen. Denok elkar ezagutzen genuen. Horrek segurtasun handia ematen du. Umetan, eskolara lasai-lasai eta pozik joaten ginen», dio Agirrek.
Eskola txikiak «ziurtatuta» dauka, Agirreren irudiko, haurrari «segurtasuna» ematea eta seguru sentiaraztea. «Eta, seguru dagoenean, umea gustura egoten da, leku lasaian. Hori abantaila da».
Irakasle bezala, eskola txikietako eta handietako ikasleen artean «alde handia» nabaritu du: «Eskola txikietako umeak askoz lasaiagoak dira. Errazago lan egiten da horietan. Eskola handiek ere badituzte abantailak lanerako garaian, baina umeak askoz mugituagoak dira. Adibidez, ordubetean matematika emateko, klasean 22 haur edo zazpi eduki, ez da berdina. Atentzio hobea ematen zaie eskola txikietan; gehiago ezagutzen dira ikasleak, hobeto ikusten da zertan dabiltzan ondo, zertan ez… Pertsonalizatuagoa da».
Urte eta erdiko Laia alaba Gabiriako eskolara eramango duela «garbi» dauka. «Ez dut inoiz zalantzarik egin. Pentsatzen dut asko gozatuko duen eskola bat izango dela, hala espero dut behintzat. Gainera, umeari herrian integratzen laguntzen dio, herritarrak ezagutzen, kuadrilla hortik sortzen».
«Zeraindartzen lagundu»
Aitziber Makazaga zeraindarra Segurako eskolan hasi zen, bi urterekin, jaioterrian ez zegoelako orduan ikastetxerik. Bi ikasturte auzo herrian egin, eta Zerainera itzuli zen. «Oroitzapen oso onak ditut. Herria maitatzen eta zeraindartzen lagundu zidala uste dut. Herri biziago bat egiten lagundu du. Plaza haurrak elkartzeko toki bihurtu da», azaldu du Makazagak.
Bera ibilitako eskola berera joaten da Maddi alaba. «Aurten hasi da, eta oso gustura dago. Adin desberdinetako ikasleak denak batera daude gelan, eta zaharragoak ditu erreferentzia». Metodo horrek ikasketez aparte ere eragin ona duela uste du Makazagak: «Asko ikasteaz gain, eskola txikietako haurrek beste balio batzuk ere hartzen dituzte, bizitzan garrantzitsuak direnak».
Eskola txikiak «oso goxoak» dira; «ikasle, irakasle eta gurasoen arteko harremana oso gertukoa da. Herri handi bateko zerbitzuak eskaintzen ditu —zaintza, jangela, taxia…—. Eta adin desberdinetako haurrak elkarrekin egoteak harremanak sendotu egiten ditu; etorkizunean lagun-taldea herrian bertan izaten laguntzen du».