Eremu akademiko, kultural, sozial, hezitzaile eta sindikatu desberdineko hainbat herritarrek EH11 Kolore ekimena sortu dute, «gure gizartean bizi dugun jatorri aniztasunaren inguruan, hausnartu eta eztabaida sustatzeko asmoarekin». Xabier Mendiguren (Ezkio-Itsaso, 1945) da EH 11 Koloreren bozeramalea. Bihar, hilak 1, Aniztasunaren Eguna ospatuko dute Donostian, danborra eta gastronomia ardatz hartuta.
Kontseiluan, euskararen aldeko borrokan aritu zara urte askoan. Orain, berriz, aniztasunaren alorrean zabiltza.
Orain ere euskararen alde jarraitzen dut, baina beste ñabardura bat hartu du. Guk aniztasunaren erdigune bezala euskara eta euskal kulturaren presentzia azpimarratzen dugu. Etorkizuneko Euskal Herrian, azken urteetan kanpotik etorritakoei eta aspalditik gure artean bizi direnei, euskararen eskaintza egin behar diegu; euskarak izan behar du denon lokarri. Alderdi horretatik, bidea ez dut gehiegi aldatu; forma berri bat hartu du.
EH11 Kolore ekimenenaren bozeramalea zara. Zein helbururekin sortu duzue?
Azken bi urteotan jatorri desberdinetako pertsona batzuk elkarrekin topo egin dugu. Bakoitza abiapuntu desberdinetik, baina zerbait berdina partekatuz. Euskal Herriaren etorkizunari begira, zein eratako estrategiak eta zein eratako bideak erabil genitzakeen aztertzen hasi ginen, ez zedin gertatu, hona zetorrenak ez jakitea nora zetorren. Hori baita orain arte dagoen akats bat. Hona datorrenak uste du Espainiara datorrela, eta hemen hizkuntza bakarra dagoela, espainiera. Gainera, hori areagotzen da, Latino Amerikatik espainiera dakitela datozenekin. Izan ere, Estatua da beraiei harrera egiteaz arduratzen dena. Berehala konturatu ginen hori muga bat dela eta aldatu egin behar dela. Guk egin behar diegu harrera, herri bezala eta Euskal Herri bezala.
Zein harrera mota?
Euskal Herri bezala, gu gai izan behar gara arazo horri irtenbidea emateko. Hau da, harrera guk egin behar diegu, nor garen, gure artean bizitzeak zer esan nahi duen… azaltzeko.
Nork egin beharko luke harrera hori? Ordiziako Udalak, adibidez, egiten die Ordiziara joandako etorri berriei.
Bistan dago, gauza batzuk, teorian, estatuaren esku daudela. Baina guk bilatu behar ditugu gure bitartekoak eta borondatea behar da horretarako. Etorri berri gehienak udaletxeetara joaten dira. Eta udal horietan harrera egiteko pertsona prestatuak badaude, lehen pauso egoki bat egiteko bidea egina dago. Udalek asko egin dezakete, baina horretarako udalekin hartuemana behar da.
Orain arte harrerarik ez dela egin aipatu duzu. XX. mendean Espainiatik etorri zirenekin izandako esperientzian oinarritzen al zarete hori esateko?
Esperientzia hori oso ezaguna da, eta hortik asko ikasi dugu. Guk badakigu, zein garaitan gertatu zen. Garai batean etortzen ziren, gaur Hego Amerikatik datozenak bezala, beraien hizkuntza egiten zen leku batera zetozela. Gero ikusten zuten beste hizkuntza bat, beste kultura bat, beste jende bat zegoela. Batzuk ondo konpontzen ziren bertakoekin eta beste batzuek ez hain ondo. Edo apartheid moduan, bakoitza bere auzoan bizi zen, hartuemanik gabe. Arrisku hori badago gaur egun ere: kanpotik datozenak leku batean metatzea, irakaskuntzan ere leku batean egitea… eta urteetan irautea inolako txertatzerik gabe.
Orain hobeto kokatuak gaude: badaukagu Jaurlaritza bat, lehen ez genituen tresna batzuk baditugu; beste kontzientzia bat dugu. Beraz, hori hobeto egingo dugu gaur egun. Horregatik ditugu harremanak etxe erregionalekin eta interesgarria da hona etorri denak zer sentitu duen, eta hemen zegoenak zer sentitu duen elkarbanatzea.
EH11 Kolorek ez du etorkinei buruz hitz egiten, jatorri desberdineko euskal herritarrei buruz baizik.
Hori da. Ez zaigu hainbeste inporta etorri berria den eta nongoa den. Euskal Herrian bizi eta lan egiten duenarekin, elkarrekin, Euskal Herria eraikitzea nahi dugu. Eta eraikitze horretan euskararen eta euskal kulturaren erreferentzia izatea nahi dugu. Guk, zubi lan hori, euskarak eta euskal kulturak egitea nahi dugu.
Aniztasuna aberastasuna dela aldarrikatzen duzue.
Oso garbi daukagu eta askotan errepikatzen dugu: aniztasuna berez, aberastasuna da, landareetan eta animalietan den bezalaxe. Ugaritasuna aberastasuna da. Beste kontu bat da, ugaritasun hori kudeatzen jakin behar dugula. Hor pertsonak daude, borondate bat dago, kontzientzia bat dago; beraz, hor denon parte hartzea ezinbestekoa da. Denon artean iritsi behar dugu hartuko ditugun erabakietara. Aberastasun horrek, printzipioz, guri mesede egiten digu. Euskal Herriak dituen ezaugarri batzuk aniztasunagatik ditu. Baina arazoak ere sortzen ditu. Baina arazoak izateak ez du esan nahi ezer txarrik; esan nahi du zubiak eraiki behar direla, elkar ulertu eta elkar ezagutu behar dela.
Euskal Herriko herritar guztien eskubideen, betebeharren eta aukeren berdintasuna defendatzea ere bada EH11 Koloreren helburua.
Berdinez berdin ez baditugu gure aurrean jartzen diren pertsonak tratatzen, ezin dugu ezer seriorik egin. Harremanen porrotak hortik etortzen dira, bat bestea baino gehiago dela pentsatzean. Batak besteari zerbait ezartzeko eskubidea duela pentsatzea. Hortik abiatzen baldin bagara, besteak bere burua defenditzeko eskubidea izango du, eta ez du onartuko. Edozer gauza elkarrekin egin nahi badugu, berdinez berdin egin behar dugu. Gero, Estatu bat sortzen denean legeak sortzen dira, baina gizarte mailan lehenengo pausoak izan behar du, borondate onean, elkar onartzea.
Euskal herritar guztion lotura euskara eta euskal kultura izatea nahi duzue, zubiak eraikiz.
Etorri diren helduek lana egin behar dutenez gero, ez zaie erraza gertatzen euskara ikastea, nahiz eta ia dena doan eman. Baina beraien seme-alabei bai. Gutxienez, bigarren belaunaldiei aukera guztiak eman beharko genizkieke, eta gurasoek onartu beraien seme-alabek euskara jakitea mesedegarria dela. Askok halaxe aitortzen dute; beraien seme-alabak hemengoak bezala- koak izatea nahi dutela. Jarrera hori edukiz gero, askoz ere errazagoa zaigu beraiekin lana egitea. Haurrek oso erraz ikasten dute euskara. Egia da ingurune erdaldunetan zailagoa dela. Eta kasu horretan ahalegin eta bitarteko gehiago jarri beharko dira. Ahalegin berezia egin beharko luke Eusko Jaurlaritzak behar diren tresnak eta bitartekoak jartzen. Borondatea benetakoa badago, tresnak jarri behar dira eta tresnak jarrita helburuak lortzen dira.