Eman hartu nahi duzun mundua da Mundumob ekimenaren leloa. Bi dira Gipuzkoa Zero Zabor taldeak sustatutako iniziatibaren ardatzak: datozen belaunaldiei mundua aurrekoek jaso zuten bezala hartzeko eskubidea zein ondorengoei ere jasotako moduan emateko betebeharraren aldarria eta baikortasuna, hau da, mezu hori era baikorrean helaraztea. Irudia munduko bola erraldoia da, eskuz esku Orendaindik Donostiara Gipuzkoako herri askotatik iragango dena. Baikortasuna Karlos Gimenezek eta Jon Maiak sortutako kantaren dantza koreografiak ekarriko du.
Dantzaren grabaketak
Dantzaren grabaketa Ataunen, Beasainen, Lazkaon, Legazpin, Legorretan, Ordizian, Seguran eta Zaldibian egingo dute. Dantzak ekimena kolorez eta alaitasunaz beteko badu ere, sakonean lanketa zabalago da. Ainize Lasa Beasaingo Zero Zabor taldeko kideak azaldu duenez, «kontsumismoa jaun eta jabe den garai batean bizi gara. Erosten dugun gehiena zorroetan zein plastikoetan dator, eta horrela ezin dugu aurrera egin. Guri erdi izorratuta iritsi zaigun mundu hau nola jasoko dute gure umeek? Kontua ez da bakarrik birziklatzea, zer erosi jakin behar dugu eta gauzak berrerabili ahal direla; horrela, bizi filosofia aldatzeko kate bat sortuko dugu».
Herrietan birziklapena eta berrerabilpena oinarri dituen filosofia hori txertatzeko lanketa egiten ari dira Zero Zabor taldeetako kideek. «Eztabaida zaborrak kudeatzeko moduan zentratu da, baina benetako gogoeta bakoitzak bere zaborrarekiko hartu behar dituen konpromisoetan dago», gehitu du Lasak. Beasaineko sektore ezberdinetako eragileen atxikimenduak bilatu dituzte. Elkarte gastronomikoetan organikoaren bereizketa bultzatzeko lanketa egin dute. Eskoletan zabaldu dute beren mezua. Eta Mundumobeko dantzaren grabaketa aurreko entseguak antolatu dituzte. «Guretzat abiapuntu bat da, asko baitago egiteko», dio Lasak.
Berezia da Ataunen Mundumobetik abiatuta martxan jarritako dinamika. «Zaborrak biltzeko bitartekoei buruz hitz egiten ari gara, baina benetako arazoari ez diogu heltzen», dio Ainara Lasak, Ataungo Zero Zabor taldeko kideak. Herria «nahikoa zikin» zegoen, eta «horren ardura herritarrena» dela iritzita, Gipuzkoa Zero Zaborrek bultzatutako ekimenak Ataungo taldeari martxan jartzeko tresnak eman dizkio.
Zakarrontzietatik hasita
Orain bi hilabete Ataungo hiru auzoetako zabor ontziak zenbatzen hasi ziren; San Martin auzoan, esaterako, 38 zenbatu zituzten. «Gure proposamena 36 zakarrontzi jartzea da, baina bost puntutan elkartzea eta, kalean ere, hondakinak gaika sailkatzeko aukera ematea». San Gregorio auzoan zaborra botatzeko bi gune jarriko dituzte eta Aian bakarra. Hori guztia, bizilagunekin batera adostu dute aurretik.
Ontzien materiala ere aintzat hartu dute daudenak berrerabiltzeko eta modelo berak launaka elkartzeko. Bihar, lanketa honen emaitza ikusi ahal izango da Ataunen 12:00etan ontzi aldaketa egingo baitute. Ez da hori, halere, Ataungo Zero Zabor taldeak biharko antolatutako ekintza bakarra; 08:30etik 10:30era auzolanean herriko kaleak garbituko dituzte, eta plazara eramango dute jasotako zabor guztia. Plazan bereizketa jolasa egingo dute, «zaborra modu ludiko batean sailkattzeko». Asmoa «guztiori burura etortzen zaizkigun dudak argitzea da», azaldu du Lasak. Goizari amaiera emateko 14:00etan dantza grabatuko dute.
«Gauza gehiegi direla pentsa daiteke, baina harik eta herritar gehien bildu nahi dugu, eta ekintza hauetara adinekoak, gurasoak, gazteak eta haurrak erakarri nahi ditugu». Ataungo hainbat eragilerekin ere bildu dira Zero Zaborrekoak eta jasotakoak «gozoak zein mingotsak» izan dira. Lasak, amaitzeko, 2011ko datuei erreparatuta birziklapena «oso baxua» zela dio, «268 kilo pertsonako sortzen genuen errolda osoa kontuan hartuta, eta horietatik 22 kilo baino ez ziren organiko gisa sailkatzen. Horri arduragabekeria hutsa da».
Legazpiko Zero Zabor taldeak ere ekintza berezia egingo du bihar, eta kirol materialen bigarren eskuko azoka antolatu dute. Josu Saez taldeko kideak esan duenez, «xedea, zabor bilketarekin lotuta egonda ere, harik eta zabor gutxien sortzea eta kontsumo ohiturak aldatzea da». Bihar Mundumobaren dantza grabatuko dute plazan, 13:00etan. «Eguna borobiltzeko» antolatu dute azoka. «Era guztietako materiala saldu daiteke, baita apal gisa berrerabiltzeko eski zaharrak ere». Azoka antolatzeko Urola Triatloi taldearekin elkarlanean aritu dira, izan ere, Legazpiko Zero Zabor taldeak ere lanketa zabalagoa egin du herrian birziklatzea eta berrerabilpena sustatzeko eta kontsumo aldaketak eragiteko asmoz.
Azokan hiru aukera emango dituzte objektuak salgai jartzeko. 10:00etatik aurrera materiala eraman daiteke eta antolatzaileek salduko dute, 14:00etan jasotzera joan daitezke. Beste aukera taldeka edo kuadrilletan banatuta salmenta egitea da, toki bat egokituko diete eta taldeek beren esku hartuko dute salmenta. Aurretik materiala eramateko aukera ere eman dute.
Gaur eta bihar Goierritik iragango da munduko bola erraldoia. Donostiara ekainaren 8an iritsiko da, eta han egingo dute amaierako dantza ekitaldia. Dantzak alaitasuna jarri dio egitasmoari, Zero Zabor taldeen grina sakoneko gogoeta eta eraldaketa bultzatzea baita: norberaren zaborra norberarena izaten segitzen du edukiontzira bota ondoren. Zerumuga, gainera, datozen belaunaldiak dira, eta haiekiko betebeharra.