Jon Artola
Lazkao, Beasain, Segura… hasi zaigula herriko jaien soka Mikel! Urtebete zaharrago! Kar, kar, kar. Beasaingoetan gainera zeresana eman duten berrikuntzak ere izan ditugu: Egan taldearen hutsunea… baina batez ere, nola ez, txoznen kokalekua! Herri erdi-erdira eraman ez dituzte ba!
Badakit ez dagokidala niri aldaketaren balorazioa egitea, baina txoznetako bi aldeetan ohikoa naizen heinean hausnarketatxo bat behintzat luzatu nahi nuke.
Alde batetik, tabernarien bezero galeraren beldurra ez dela bete esango nuke. Herrian irudi zikina edo txarra zabaldu dutenik ere ez dut uste (istiluak tabernen kanpoan ikusi ditut nik behintzat!). Baina egia esan, ondorio txarrak ere ikusi dizkiot aldaketa horri Mikel.
Txozna guneko eskenatokiaren galera, adibidez, jai ofizialei eskaintzen zitzaien musika alternatiba garrantzitsuena ezereztuz. Eta hari honi tiraka, txozna gunearen funtzioen birplanteamendu bat ere egin beharko litzateke agian. Izan ere, txoznak herriko jaietan integratzearen izenean ez al da agian txozna gunearen asimilazioa eman? Ez al du guneak identitatea galdu? Txoznen helburua dirua irabaztea soilik al da? Non dago Gaztetxeko «ez diezagutela esan nola jolastu behar dugun» leloaren arima? Ez al ditugu laister txoznak terrazak ipintzen eta kafeak zerbitzatzen ikusiko?
Mikel Alvarez
Joño Artola… Zaila jarri didazu gero… Hausnarketa egiten hasi eta alde onak eta txarrak ederki laburtu dituzu 1.283 karakteretan… Eta zer esan behar dizut nik orain? Beno, alde batetik, txoznalekuaren leku aldaketak sortutako izu guztiak erraz uxatu ditugula iruditzen zait niri ere. Guk jakin bagenekien gertatuko zena, baina ezberdintasun nagusi bat zegoen gure ikuspuntuaren eta leku aldaketagatik kexuka zebiltzanen argudioen artean. Guk, bageniekien txoznak zer ziren. Horrelakoetan, beste hainbat kontuetan bezalaxe, ezjakintasunak zentzurik gabeko beldurrak sortzen ditu, eta oso pozik nago horiek betiko aldendu ditugulako.
Beste alde batetik, zure azken hausnarketarekin ere ados nago, baina ñabardura txiki bat mahai gainean jarri nahiko nuke. Txoznen leku aldaketaren erabakia bi arrazoi nagusi direla eta eskatu zuen Txozna Batzordeak. Lehena, ekonomikoki azken urteetan egindako zuloa eta bigarrena, txoznak, herri gune eta festa gunetik hain urrun egoteak sortzen zuen isolamendua. Orain urte batzuk bi kontu hauek ez zituen inork arazo bezala ikusten eta horrek, zerbait esan nahi du. Bai, gizartea aldatzen ari da eta benetan pentsatzen dut, nahiz eta ondo pentsatu beharreko mugimendua izan, txoznak ere aldatu egin behar direla. Egunero talde gehiagok hartu nahi du parte txozna gunean eta horrek, Txozna Batzordea heterogeneoagoa bilakatzea ekarriko du. Talde bakoitzak bere izaera mantendu behar duela pentsatzen dut baina kolektibo moduan gauzak birplanteatu beharrean gaudelakoan naiz. Darwinek esan zuen moduan, aldatu edo hil.