Andoni Salamero (Irakaslea)
Nahi gabe, basoan erreparatzen dut, gure mendi-zelai eta bazterretan haziz, ugalduz eta zabalduz doazen zuhaitzetan. Guztia da mirari eta atsegin zuhaitzaren baitan, bere isiltasunean, sotiltasunean eta soiltasunean, izan ere, etengabe, haiek nolakoak izan behar dugun erakusten baitigute, eta noski, jakintza horren ezkutuan, bestearen aurrean ere nola aritu behar dugun.
Geldi egonean dauden gizakiak al dira zuhaitzak ala ibilian dabiltzan zuhaitzak gara gizakiok? – hala dio maixuki ‘Oihana auhenka’ liburuan Joxan Artzek, eta berori nire baitan makina bider pentsatuz, sarri, zer hausnartua eman dit olerkitxo honek, hain zuzen, gure herriotako bidezidorretan barna ibiliz, bake huraxe arnastuz, hainbat eta hainbat arbolaren Misterioan aztertu nahi izanez, haiek gurekin eta guk haiekin dugun antzekotasunaren inguruan gogoeta egin izan dut. Zer esanik ez zuhaitz eta txori bati begira aritu izan naizenean; zenbat ikas daitekeen ohartu izan naiz, hain zuzen, txoriak zuhaitzaren gainean kantatzen duenean, talai bikain hartatik eragindako doinu gozoaz. Halakoxea da zuhaitzen itzala gurekiko, etengabeko bake, oreka, lasaitasun eta presentzia handikoa, hori antzematen dugun bakoitzean, gure begirada erabat aldatzen zaigu; hain zuzen, guk, hasieratik, harekin bat egin dugulako, eta gure bihotz-zuztarrek harekiko lotura gorpuzten dutelako.
Lotura bikain eta sentikor hau gogoan hartuz, duela hilabete batzuk, Zumarragako Argixao aldean, aurten jaio ziren haurrek beren gurasoekin egindako ekimen baten inguruan mintzatu nahi nuke; hau da, zuhaitzen landaketaz. Badakit, urte batzuk badaramatzatela honetan, hala ere, txalotzen zaituztet, izan ere, zuhaitza landatuz, biziari ematen diozuena bizigarritzen duzue, ez bakarrik bizia bera bizituz, baizik eta bizi hori osatzen dugun bizidun guztiok biziberrituz, gure barruak, horrelako keinu apal baten bidez, pizten dituzuelako. Esan dugun ekintza horretan, Argixaon, gurasoek zuhaitza hartzen zuten eta, berori landatuz, bere seme edo alabaren izena jartzen zioten zuhaitzari. Ez dakizue horrelako ekimen samur eta atseginaren bidez, zenbat jokabide on eta sano bultzatzen ari zareten! Urte bat, bi, hiru pasatuz, zuok, gurasook, zuon haurtxoarekin ikus zaitzaketet , Argixaoko lur zati hartan haziz doan zuhaitzari bisita egiten, berau ukituz, begiratuz, negua igarota udaberriko kimuak ikusten, loreaz eta fruituez gozatzen. Zein ekimen fin eta ederra, naturarekin bat egiten duena, naturari zor zaiona ematen dakiena, ematen jakin, eta ez kentzen, horretan majo ohituta gaude eta.
Zerk egiten du berezi? Maider, Arkaitz, Iñaki, Jone eta bestelako izenek zuhaitzok izana, hain zuzen, haur-izena zuhaitzok hartuz, gizakiak eta izakiak, berriz ere, izadiaren bidez bat eginez, eta haurrek zein gurasoek biziarekiko errespetua zein izan behar den ikasiz.
Oso bide onetik goaz honelakoak egiten, ez dugu natura bezain irakasle apartik izango, berarengandik jasotakoak beti, izango zaizkigu atsegingarri. Jardun hauxe amaitzeko, eta naturan dauden izaki orok gogoratzeko eta goratzeko, Seatle Buruzagi Handiak, 1855ean, Amerikako Estatu Batuetako Presidenteari idatziriko hitz batzuekin bukatu nahi nuke: «Lurrari gertzen zaiona Lurraren umeei ere gertatzen zaie/ Irakatsi behar diezue zuen seme-alabei oin azpian duten lurrak, gure arbasoen errautsak dituela. / Lurra errespeta dezaten, esaiezue Lurrak gure arbasoen arimak dituela bere barruan. Irakatsi zuen umeei, guk gureei irakasten dieguna: Lurra ama dugula. Lurraren umeei ere gertatzen zaie. Gizakiek ttu egiten diotenean Lurrari, beren buruari egiten diote ttu. Guk jakin baitakigu Lurra ez dela gizakiena, gizakia dela Lurrarena. Ondo dakigu hori. Dena dago loturik, familia bera batzen duen odola bezala. Dena dago loturik».
Ea Seattle Handiaren hitzak bezala, guraso, haur eta herritarrok loturok kimutzeko, loratzeko, goratzeko eta zabaltzeko gai garen. Jardun honetan, zorte on!