Zumarragako Urdangarin burdindegian zer saltzen duten zerrendatu baino, laburragoa litzateke saltzen ez dutenaren zerrenda. Dendarik zaharrenetakoa izango da herrian, ehun urtetik gora baitira Joseba Urdangarinen sendiak ireki zuela. Birraitonak, hasiera batean, galdarategi gisa ireki zuen; aitonak, beranduago, burdindegi bihurtu zuen. Egun, Joseba Urdangarin da dendako nagusia; familiako hirugarren belaunaldia da jada.
«Burdindegiak zehazki zenbat urte daraman irekita esatea zaila da. Aitona Frantzian errefuxiatu zen 36ko gerran, eta tarte hartan itxita egon zen».
Burdindegian denetarik aurki daiteke, baina «burdindegi klasikoak behera egin du; ez dago bazar handiekin lehiatzerik». Beherakada hori dela eta, beste arlo batzuk indartu ditu; nekazaritza burdindegia, adibidez. Zurezko lanabes ugari dago aukeran, eta hornitzaileak nortzuk diren galdetuta, Urdangarinek artisauak direla dio: «Pena daukagu gehienak nagusiak direlako, eta poliki-poliki joaten ari direlako». Ez da denbora asko Juanito Mendiaraz danbolin egile urretxuarra zendu zela, «bezeroak bere danbolin elektrikoak erostera Euskal Herri osotik etorri dira».
Dendara sartzen den bezero jarioa ez da geratzen. Beasaindik datorren batek, «betidanik» Zumarragako dendara etortzen dela dio, «ez dut han horrelakorik aurkitzen». Eskatu dioten produkturik bitxiena gogoratzen al duen galdetuta bezeroek «erronkak» botatzen dizkiotela dio:«Beheko suan jartzeko eltzeak ez ditugula izango, eta harritu egiten dira ateratzen dizkiedanean».
El Sordo ezizenez ezaguna den dendak museo txiki bat dirudi, erosle nostalgikoentzat ideala.