Bere berea du Ordiziak asteazken goizetako azoka. Mendetako ibilbide luzearen ondoren, askorentzat derrigorrezko zita izaten da astea joan eta astea etorri. Egia da, baina, bizimoduen aldaketarekin azokarako ohitura galtzen ari dela.
Batez ere belaunaldirik gazteenengan pentsatuta, hainbat ekimen jarri izan dira martxan azoka erosleei gerturatzeko: zer behar den eskatu eta erosketak etxean jasotzea, esaterako. Smartphonetarako aplikazio berri batekin, berriz, azokaren gaineko informazio guztia izan dezakegu sakelakoan.
Ez dago aitzakiarik. Arreta eta mantentzeko aheleginak asteazken goizetan jartzen badira ere, Ordiziatik kanpo, eta sarritan bertan ere, horren ezaguna ez den bigarren azoka bat egiten dute: ostiraletakoa.
Astero astero, 16:30ak ingurutik iluntzera bitartarte Plaza Nagusian hainbat ekoizle elkartzen dira euren baserriko produktuak saltzera. Barazkiak, fruta, ogia, gazta… Zalantzarik gabe, asteazken goizetan ezin duenarentzat aukera paregabea da.
Bigarren aukera
Dagoeneko hamaika urte dira azoka hau egiten hasi zirela. Beste asmo batzuekin hasi bazen ere, urteen poderioz asteazkenetakoaren «osagarri» bihurtu dela dio Leire Arandia D’elikatuzeko arduradunak. Erakundeetatik ez diote indar berezirik eman, Ordiziak betikoa duen azoka asteazkenetakoa delako. Hala ere, lan ordutegiengatik asteazken goizetan joatea ezinezko zaienentzat «aukera paregabea» da ostiraletakoa Arandiaren ustez.
Hemezortzi ekoizle hasi ziren euren postua jartzen; bospasei daude egun. Arantxa Zurutuza aramarra bertan egoten da, astea joan eta astea etorri. Aitortzen du azoka hau horren ezaguna ez dela, baina salmenta «onak» izaten dituztela dio. «Belaunaldi gazteak ekartzeko ahaleginean ari dira, baina hona betiko jendea etortzen da», zioen berak. Iritzi berekoa da Idiazabalgo Joseba Baez gaztagilea: «Ostiraletan gazteak pasatzen dira hemendik, baina ez dira erostera gelditzen».