Xanet Imaz (Segura, 1995) gazte mailako pilotaria da eta astelehenean, bere garaian punta-puntan aritu ziren hiru pelotarirekin jokatuko du Segurako Baratze pilotalekuan. Berak eta Mikel Goñik, Migel Capellanekin eta Oskar Lasarekin neurtuko dituzte indarrak.
Herrian bertan, hiru pilotari handirekin jokatuko duzu.
Aukera polita da, baina hiru horiek topera ez jokatzea espero dut, bestela bizirik jango naute! Mikel Goñirekin jokatzea oso pozgarria da. Dudan guztia ematera joango naiz eta ea partida polita irteten den. Oskar Lasari aurre egitea ez da erraza izango.
Noiztik ari zara pilotan?
Umetan aitonarekin Idiazabalgo frontoira joaten nintzen eta osabarekin Mutiloakora. Ondoren, Segurako pilota eskolan hasi nintzen.
Seguran, bere garaian, zaletasun handia zegoen.
Bazegoen, bai. Txikitan kuadrillako guztiok jokatzen genuen, baina nik bakarrik jarraitzen dut. Kuadrilla guztietan gertatu da hori. Seguratik joan behar izan nuen eta Tolosako Aurrera Saiaz taldearekin jokatzen dut. Ez dut Herriarteko Txapelketa jokatzeko aukera izan eta horrek pena handia ematen dit.
Nolako pilotaria zara?
Ez dut kolpe handirik, baina segurua naiz… egun txarra ez dudanean.
Zeintzuk dira irabazi dituzun txapelketa garrantzitsuenak?
Kadete mailan Euskal Herriko txapelketa irabazi nuen eta iaz DV txapelketako finala jokatu nuen.
Enpresaren batek deitu al dizu?
Ez, ez… Pilotan jokatzea gustatzen zait eta gero gerokoak. Pilotari esker jende on asko ezagutu dut. Tolosara alde egin beharrak mesede egin dit.
Nork irabaziko du buruzko buruzko finala igandean?
Juan Martinez de Irujo ondo dago, baina Aimar Olaizolak irabaziko du. Aimar, Aimar da.