Gurutze Izagirre (BERRIA Taldeko Administrazio Kontseiluko kidea)
Lerrootan sartu bazara erantzuna baiezkoa izango delakoan nago. Pauso bat harago eramango dut galdera: Euskaraz ‘normal’ bizi nahi al duzu? Alegia, etxean, lagun artean, lantokian, ikastetxean, administrazioan, hedabideetan… euskara jaso eta eman nahi al duzu? Hein handi batean, badugu horretarako aukera. Baina askotan eman dezake horretarako esku artean ditugun tresnak zerutik erori berriak direla, zuk esku artean duzun berri paper hau bezela. Eta ez da horrela.
Komeni da gogoratzea duela 25 urte, euskarazko egunkarien alde erakundeek eta gizartearen zati handienak xentimo erdirik ematen ez zuten garaian, bost Argierok erderazko prentsaren alde zegoen olatuari aurre egin, eta marearen kontra nola ekin zioten euskarazko egunkaria egiteari, itsu-itsuan lan egin zuten, euskarak euskarazko egunkari bat behar zuela sinesten zutelako. Beharko hala egin, ez zen aterako bestela. Eta gero ekimen hori zabaltzen ahalegindu ziren, eta ehunka euskal herritarrek musutruk, jakin gabe oso ondo zer eratorriko zen, dirua eman zuten Euskaldunon Egunkaria sortzeko. Herritik sortu zen, herritarren laguntzarekin. Sortu zen 1990ean, eta ibilbide oparoa egin zuen. Hazten eta sendotze bidean zela, 2003ko otsailean itxi egin zuten, baina ekainean beste bat ireki genuen, indar handiagoz eta gizartearen babes zabalarekin. Ordurako Hitzak ere martxan zeuden.
Euskarazko egunkari bakarra daukagu; euskaldunok egina, eta euskaldunontzat. Egunkari guztiak oro har, gogor kolpatu ditu krisiak. Batetik, krisi ekonomikoak eragin du jendeak gero eta egunkari gutxiago erostea. Eta bestetik, teknologia berriekin joera gero eta handiagoa da informazioa jasotzeko papera ez den beste tresna batzuetara jotzea.
Berregokitze ahalegin horretan buru belarri ari gara. Interneten gero eta zerbitzu hobea eta osoagoa ematen ahalegintzen (albisteen azkartasuna, bideoak, argazkiak, soinu grabazioak, tokian tokiko informazioak). Berria.info (hilabete batzuk barru .eus!) helbidera doan sar daiteke erabiltzailea. Baina atzean sekulako lana dago, pertsonak daude informazio hori berritzen eta elikatzen etengabe.
Sekula baino jarraitzaile gehiago ditugu. 20.000 lagun baino gehiagok segitzen dute egunero BERRIA interneten, eta CIESen arabera, 64.000tik gora dira egunero egunkaria irakurtzen dutenak. Jarraitzaileak inoiz baino gehiago, baina diru sarrerak inoiz baino gutxiago. Baliabide premia horri erantzuteko abiatu genuen komunitatearen kanpaina. Erantzuna oso ona izan da. Iazko urtean, 500.000 euroko ekarpena lortu dugu. Lortu dugu milaka lagunek, aleka, hilero hamar euroko ekarpena eginda sekulako ziztada ematea proiektuari. Badakigu komunitate bat dugula atzean, euskaraz bizi nahi duena, euskaraz informatu nahi duena.
Hobetzen segitu nahi dugu. Informazioa euskaraz modu independente eta profesionalean ematen segitu nahi dugu. Egin ditugu hamar urte. Baina hamarnaka kontatzen segitu nahi dugu. Bakarrik ezin dugu. Zurekin bai.