Aurten 60 urte bete dira Everest gailurrera lehen aldiz gizakia iritsi zela. Hillaryren eta Tenzingen balentria bi goierritarrek soilik errepikatu dute, geroztik. Joxe Ramon Agirre ‘Marron’ ataundarra izan zen bailarako aurrena 8.848 metroak jotzen, duela 20 urte. Bigarrena, eta oraingoz azkena, Pedro Garcia ordiziarra izan zen, 2010ean.
Marron arabar espedizio batean joan zen, 1993an, bederatzi lagunek osatutakoa. Jose Mari Oñate Abitxuela eta biak aste pare bat lehenago iritsi ziren Katmandura (Nepal), kontratuak itxi, porteatzaileak hartu, janaria erosi eta halako lanak egitera. Lehenago egokitu zirenez, Everest erraldoiari gaina hartzera biak aurreratu ziren.
«Oso espedizio luzea izan zen. Bi hilabete eta erdi pasatu nituen, oinarrizko kanpalekuan bi hilabete. Gainera oso konplikatua izan zen». Ezin sinistuzko egoerak izan zituen. Nepal aldetik igo ziren, ohiko bidetik.
Lehen saiakeran, Ang Rita porteatzaile esperientziaduna —bederatzi aldiz igoa zen Everest gailurrera— eta haren seme bat zituzten laguntzaile. Hego Lepoko 4. kanpalekura igo (7.950m), eta han geratu ziren gauaren zain. «Normalean tontorrerako saiakera gau horretan egiten da, 23:00ak edo 24:00ak aldera abiatuta. Bada, iluntze horretan Ang Rita gaizki jarri zen. Ura egiten hasi zen, eta denda erabat itxita zeukanez —hankasartzea bere partetik—, itolarrian jarri zen, ezin zion arnasari buelta eman. Gizona horrela utzita gailurrera igotzea ez zela bidezkoa, eta bertan geratu ginen, hari laguntzen».
Goizerako indarrak hartu zituen Ang Ritak, eta behera jaitsi zen. Bigarren gauari begira ziren, baina semea gaixotu zitzaien hurrena. «Lehen aldia zuen, eta arropa gutxirekin joan zen nonbait, hotzak zegoen. Aitaren antzekoa gertatu zitzaion. Guk ezin genuen sinistu. Egun hartan tripa jaten egon ginen, ikusten baikenuen jendea gailurra egiten ari zela, baldintza onak zeuden eta». Bigarren gaua ere 8.000 metroan igaro zuten. Biharamunean bidali zuten gaztea ere behera.
Ingelesaren erreskatea
Denbora agortzen ari zitzaien. Hirugarren gauean ere zoriak ez zien utzi, ordea, gora egiten. «Arratsalde hartan, gailurretik behera zetorren mendizale bat erori zen, 8.500 metro inguruan. Ikusten genuen jendea behera zetorrela, eta inork ez zuela atzera egiten laguntzeko». Iluna iritsi zen, eta halako batean kopetako linterna bat pizten ikusi zuten, prismatikoekin. Piztu eta itzali egiten zuen, tarteka. «Hor zegoen eta ez zen jaisten. Gu gailurrerako prest geunden jada, gertatutako guztiaren ondoren. Hirugarren eguna genuen Hego Lepoan. ‘Zer egin behar diagu? Tipoa hor zagok’ esaten genion elkarri».
Gailurrari uko egin, eta mendizale hari laguntzera joatea pentsatu zuten, oxigenoa, ura eta janaria hartuta. «Hiru-bat ordura zegoen. Harri arte batean erori zen, eta orkatilan min hartuta zegoen. Kristoren gizasemea zen. Kranpoi bat falta zitzaion. Gu jotzen saiatu zen gainera, oxigenorik gabe kordea erdi galduta zegoen eta. Hego Lepora jaitsi eta haren espediziokoekin utzi genuen. Ingelesa zen. Izugarrizko bronka eduki genuen bere lagunekin, nola utzi zitekeen laguna han».
Harry Taylor zuen izena bizia salbatu zioten ingeles hark. Rebecca Stephensek liburu bat idatzi zuen hartaz, On top of the world (Munduaren gailurrean).
Laugarren egunak Hego Lepoan argitu zien. Hiru egun eta hiru gau heriotzaren eremuaren mugan, eta hiru laguni bizia salbatuta. Tontorrerako baldintzak onak izan arren, gizatasunaren gailurrera igotzea hobetsi zuten. Baina «porru eginda» zeuden jada. Jaitsi egin ziren.
«Aukera bakarra bizitzan»
Ordurako beren taldeko Alberto Zerain eta Juan Vallejo gora abiatuta zeuden, eta 2. kanpalekuan (6.500 m) topo egin zuten. «Nik Oñateri esaten nion: ‘Aukera bakarra diagu bizitzan, hau ez duk berriz gertatuko. Goazemak gora!’. Burutik jota nengoela esaten zidan. Gau hartan ez nuen lorik egin. Hurrengo goizean, Albertorekin eta Juanekin batera, 2. kanpotik 4.era igo ginen, zuzenean». Hego Lepoan zeuden atzera, egun bat beherago eginda.
«Ondo errekuperatu nintzen. Hego Lepora iritsi, eta hurrengo egunean gailurra egin genuen». Vallejo 4. dendan geratu zen, segitzeko ondo ez zegoelako.
Zerain, Oñate eta Marron abiatu ziren munduko sabaira. 1993ko maiatzaren 16a zen. Bidean izan zuen eragozpen gehiago ataundarrak, oraindik. «Oxigenoa erabiltzea erabaki genuen. 23:30a inguruan abiatu ginen gora. Ez nindoan ondo. Zeraini eta Oñateri beren martxan segitzeko esan nien».
8.700 metroraino iritsi, eta buelta hartzekotan egon zen. «Motxilan neraman oxigeno botila, eta, ez naiz bada konturatu beteta neukala eta balbula itxita zegoela!? Abiatzerakoan, nonbait, nerbioekin eta eskularru handiekin ireki gabe utzi nuen. Oxigenoa jarri, eta azkeneko bizkarra hala igo nuen».
Gailurretik parapentearekin jauzi egiteko asmoarekin joana zen, baina 8.000 metroan utzi zuen, hainbeste ustekabekoren ondoren tontorreraino eramatea gehiegitxo eta. Beherakoan, Hego Lepoan goizean parapentea prestatu zuen, baina Tibet aldetik haize bortitza sartu eta hegaldia zapuztu zion.
Nepalgo Gobernuak baimenaren dirua itzuli zien, ingelesa erreskatatzeagatik eta bi sherpekin izan zuten jarreragatik esker oneko keinu bezala.
Pedro Garciak izozketak izan zituen gorputz adarretan
Marronen ondotik, beste goierritar bat bakarrik iritsi da Everest gailurrera. Pedro Garcia ordiziarrak (Ordizia, 1971) 2010eko maiatzaren 24an, astelehena, 10:15ean zapaldu zuen tontorra, Alfredo Garcia errioxarrarekin batera. Tibet aldetik igo ziren.
Jaisterakoan elur erauntsi batek harrapatu zituen, eta gaua 8.350 metroan igaro behar izan zuten. Beste espedizio batek bidalitako bi sherpak oxigenoa eraman zieten, eta haien laguntzari esker iritsi ahal ziren lehen kanpalekuraino. Hatzetan eta behatzetan izozketak izan zituen Pedro Garciak.