Iñaki Apalategi
Gaurkoan kontu bat diat hirekin aipatzeko: aztoratuta dabiltzan herriak. Azkenaldian hainbat herritan munduaren amaiera proklamatu ditek; eta ez, ez duk aldaketa klimatikoa, krisia edo tamaina horretako beste arrazoiren batengatik: zaborra biltzeko modua aldatzeko planteamendua dagoelako. Beste hainbat gauzaren artean, errauste plantarik egin beharrik ez izateko duk gainera aldaketa. Eta manifestuak, manifestazioak eta sekulako tinta errekak eguneroko gauza bihurtu dizkitek. Eta aldarrikapen guztien ardatz, inposaketa. Horregatik, galdeketak izan dizkiagu hainbat herritan, baina harrituta nagok galdera berarekin: nahi al zenuke atez-ateko zabor bilketa zure herrian ezartzea? Jakina, zaborra sailkatzea ez sailkatzea baino errazagoa duk, gure etxean gauzak erabili eta lurrean botatzea beraien tokian uztea baino errazagoa den bezala. Baina bazekiagu etxean gauzak pixkat antolatu ezean zer gertatzen den…
Horixe bera bota diat faltan galdeketan, birziklatu ala ez, hautazkoa balitz bezala aurkeztea, ondorioak azaldu gabe. Nahi al duzu errauste planta bat zure etxe ondoan? galdetu izan balute, zein izango hukeen erantzuna? Nola erabakiko diagu orduan zeinen etxean egin errauste planta bat, herri kontsulta bidez? Hori proiektu «estrategikoa» duk, eta beraz, ez zegok galetu beharrik? Zer eta nola galdetzen den, alde ederra zegok, ezta? Galdera ederra.
Aitor Sarriegi
Erantzuna galderan doanean alperrikako samarra dek bai, galdetzea, eta antzeko zerbait gertatu berri dek Goierritik ez oso urrun. Urtetan zehar herritaren inolako partehartzerik gabe hartu diren erabakiz jositako araupean egiten diagu eguneroko bizitza; urrutira joan gabe trafiko-arauak hortxe. Eta beharrezkoak direnik inork ez diagu zalantzan jartzen, ados egon ala ez. Inposizioa bezalako hitz potoloak ari gaituk entzuten zaborren kontu honekin, aurreko sistema guztiak geuk erabakiak izan balira bezala. Urteak dituk gaia bere jokalekutik at dabilela; behar bezala azaldu ez delako, batetik, eta interes ekonomiko handiak daudelako, bestetik. Ezin baitiat ulertu, besterik gabe, probatu ere egin gabeko bilketa-sistema baten aurkako kanpaina hain obsesiboa, hariak mugitzen dituenak Zubietan tarta-zati bat gal dezakeela pentsatu gabe.
Beasainen dozena-erdi urte inguru izango duk 5. edukiontziarekin gabiltzala. Irten berri diren datuek ederki erakusten ditek: hondakinak sailkatzera derrigortu ezean ez duk %40ko mailarik pasatzen. Eta hori, ehuneko horren barruan beste bilketa-sistema batekin ados geundekeen asko egonik, sinatzen duen hau tartean. Hortxe ditek, ba, erronka: 5. edukiontzia erabiltzen dugunon erdiak (eta gutxi esatea dela uste diat) atez-atekoarekin ados egon bagintezkek, erantsi horiei balizko galdeketa batean alde daudela esango luketenen kopurua. Benetako erabiltzaileak muga horretara iristen direnean sinetsiko zieat benetan alde daudela. Bitartean, kontra daudela pentsatzen jarraituko diat.
Bazekiagu zeren kontra. Bazekiagu noren kontra.