Unai Kerejeta
Gogorra behar du izan, Susaeta jauna, greba mugagabean egoteak. Makina bat enpresa daude edo egon dira horrela. Ni Argixao Lamorous Zumarragako zahar-etxeaz mintzatuko naiz. Baina gogor izanagatik, nola ez duzu ba grebara joko hilean 400€ gutxiago jaso eta urtean zehar 200 ordu gehiago lan egin behar duzula esaten dizutenean? Ah, eta zu edo zure lankideak kaleratuak izango zaretela jakinda.
Lotsa gutxi behar da uztailaren 7an indarrean jarri behar den espainiar hitzarmenaz aprobetxatzeko. Gustura jarriko nituzke eurak astebetez soldata miserable horren truk lanean, aitona-amonak zaintzen, ikus dezaten benetan zer den hori. Norbaitek enpresa bat irekitzen duenean dirua irabaztea du helburu, baina horrela? Tristea, ezta?
Gaiz aldatuta, triatloi asko irabazi eta urte asko lehen mailan egon ondoren pena handia eman dit Virginia Berasategiren positiboak, EPO. A zer amaiera eman dion bere kirol ibilbideari, zer behar zuen? Okerrena, ez dela horrela amaitu duen bakarra, Aitor Osa ere antzeko parezido.
Eta azkenik, badatoz 2013ko San Ferminak. Ño, festa ederrak dira, ezta Susaeta? Izan al zara noizbait bertan? Lesakan edo Iruñean? Nik aukeran Iruñea nahiago, badakizu zergatik? Jende aniztasun handiagoa dagoelako Lesakan baino, kanpotar gehiago. Lesakan iruditzen zait Goierriko edozein herriko festatan nagoela.
Igor Susaeta
Askotan leporatu izan didate hasten naizela Baruch Spinozari buruz hizketan, eta handik bost minutura Fede Etxaberen Alpe d’Huezeko garaipenaz ari naizela; hariari ez diodala behar bezala eusten, alegia. Ba zu ere ez zara makala… Lasai, badut eta lagun bat zu eta ni batera baino okerragoa dena. Azokan erositako azkeneko galtzerdiez ari zarela harekin? Galdetuko dizu ea zer iruditzen zaizun azukrerik gabeko kafea.
Zer nahi duzu esatea zahar-etxeez, Unai… Gertatzen ari dena penagarria da, negargarria da. Ez dakit zer gertatuko den gu bezalakoekin, baina nik argi daukat noiz aldatuko den egoera: poliziak eta segurtasun indarrak edo dena delakoak herriarekin (baldin eta existitzen bada) alineatzen direnean. Orduan. Egia esan, oso tolerantea naiz, ezin toleranteagoa, baina ezin dut konprenitu nola izan daitekeen pertsona bat polizia. Saiatzen naiz ulertzen, baina, aizu, ezin…
Dopinaren kontuaz ez dut erantzungo, ez bada behintzat nire abokatuaren aurrean. Eta Sanferminez… Bai, hiru bat aldiz egon naiz Iruñean, eta izan naiz kapaza tren geltokirako bueltako bidea egiteko. Hori bai, utz nazazu orain Estafeta kalean, eta ez dut uste asmatuko nuenik.
Zumarragako festak izaten ari dira hau idazten ari naizen bitartean. Barka hain denso egotea. Aizu, aipatu duzu Goierri. Idazten dugu Goiberrin… Baina goierritartzat al daukazu zure burua? Nik ez.