Herri kirolen munduan lehen mailan jarraitzen du Igor Esnaolak (Legorreta, 1974). Segalaritzan ari da, iaztik. Bakarkako Liga irabazi zuen estreinako urtean, eta txapeldunorde da aurten. Bestetik, era tradizionalean Gipuzkoako txapela jantzi du, eta Euskal Herriko finala jokatuko du, Gasteizko Zuhatzun (Araba), uztailaren 20an.
Segalaritzara iraultza txiki bat ekarri du, gainera. Orain arte Euskal Herrian inor aritzen ez zen teknika bati ekin dio, segari kirten luzeagoa jarrita. Lau mailatan ebaki ohi dena hiru mailatan egiten du berak.
Trontzan Euskal Herriko txapeldun izan zen, behin baino gehiagotan, Aitor anaiarekin. Hura 2011n atxilotu zutenetik, segari heldu dio. Emaitza bikain berberekin.
Nondik duzu segarako afizioa?
Txiki-txikitatik. Segalaritza etxetik ikasi dugu, etxe ondoko malkarrean. Gero, beti joan izan gara segalariak ikustera. Anaiak kuadrilla ere Gaztelun zuen, eta han Joxe Gabirondorekin ibiltzen zen. Beti sega txikiarekin ohitu ginen lanean, kolpe txikian; handia hartu nuenean oso arraroa egin zitzaidan.
Lehiaketara bideratu duzu zaletasuna. Noiz hasi zinen?
Lehengo urtean. Hasieran nazioarteko eran hasi ginen, askoz errazagoa delako. Lan motzak dira. Gainera, gustura ateratzen nintzen, ez puntan ibiltzeko grinarekin. Helburu jakinik gabe ibili naiz urte batzuetan. Iaz dezente aurreratu nuela uste dut, gehienbat 100 metroko sailetan. Ia denek normalean lau mailatan eramaten dute, eta esperimentu zelebre bat egin nuen kirten luzearekin, hiru mailatan egiteko. Berez, esperimentua orain dela bost-bat urte hasi nuen. Kirtena eginda neukan ordutik, eta buruari bueltaka aritzen nintzen.
Nola da, bada, hiru edo lau mailako kontua?
Berez sailak 10 metro zabal eta 10 metro luze izaten dira nazioarteko eran, eta jende gehienak 2,50 metroko maila eramaten du. Hala lau mailatan ebakitzen da. Kirten luzearekin 3,33 edo 3,40 metrokoa eraman beharra daukazu. Nik normalean aurrenekoa handixeagoa eramaten dut, indarra ere gehixeago izaten da eta, gero menderatuxeago joateko.
Segalariari lanerako garaian eragingo dio besakada zabalagoa izateak, ala?
Nahiko behartuta egiten da. Belarra karga pixkatekoa baldin bada, urruti gelditzen da indarra egin beharreko puntua. Gerriak-eta minberatzen ditu. Baina kirten luzearekin ikaragarri gustura nabil. Jarri nuenetik hor daukat, mugitu ere egin gabe. Kirten horretatik luzeago, errazago ailegatzeko jar litekeela iruditzen zait, baina gerriek potentzia gehiago eskatuko dute.
Zer aldaketa egin zenuen?
Kirtena luzeagoa jarri, besterik ezer ez. Kirten motzarekin edo luzearekin, sega berdina da.
Araurik ez al dago kirtenaren luzera zehazten duenik?
Ez, ez dago araudirik. Herri kirol munduan, ia ezertan ez dago araurik, erremintekin behintzat. Ez zerran, ez segan, ez aizkoran.
Gorputz aldetik, zer eskakizun dauka kirten luzeak?
Maina. Erabat sorgina da sega. Trukoa edo, ez dakit. Gero, berriz, erabat motxa baldin bazara ez, baina taila pixka bateko pertsona bada edozeinek egiteko modukoa da, belar normal batean. Altuera bat behar du. Nik 1,83 daukat. Baina uste ez dugun batek ere eraman dezake, agian. Norbere mainaren araberakoa ere asko da.
Belarra nolakoa den aldatzen dela aipatu duzu. Zertan?
Karga handia baldin badauka, zailagoa da. Adibidez, Bakarkako Ligaxkako Nafarroako kanporaketan desastre zegoen, niretzat. Dena etzanda, izan zitekeen baldintza txarrenetan. Hirutan edo lautan ebakitzeko zalantzan egon nintzen hasteko momentura arte. Luzearekin egin nuen. Izugarrizko karga zeukan, eta denbora hartu behar izan nuen. Bestea hori da: sega luzearekin denbora gehixeago eraman behar duzu. Bestearekin adinako erritmoan ezin duzu hasi, bestela ito egiten zara segituan. Badauka bere sorginkeria.
Nondik hartu zenuen teknika horren ideia?
Gogoratzen naiz, 2003an, Seguran nazioarteko Europako Txapelketa egin zenean Olasagasti deitzen dioten segalari bati ikusi niola. Europa aldekoa da, izugarrizko aitona. Hark hiru mailatan nola ebaki zuen ikusi nuen. Ordundik buruan ibili nuen urtero, aukera egongo zela eta. Iaz probatu nuen, eta emaitzak oso onak izan ziren.
Euskal Herriko Bakarkako Sega Liga irabazi zenuen, jendea harrituta utzita.
Kirten luzearekin denbora aurreratzen dela uste dut. Azken batean maila bat gutxiago da, astia ematen du lasaiago arituagatik. Orain, gero belarraren arabera dago. Hor dago gakoa.
Hala ere, betiko lehiaketetan ere, ordubeteko lanetan-eta, emaitza bikaina lortu duzu: Gipuzkoako Txapelketa irabazi duzu aurten, lehenengo aldian.
Bai, sekula aritu gabe nengoen. Hasieran zalantzak izan nituen parte hartu ala ez. Jendeak animatzen ninduen. Gero, saiatu ere egin gara puska bat. Neukan beldurra zen hanketatik erantzungo ote nuen. Iaz, nazioarteko erako saioak bukatzen nituenean ezkerreko hankak huts egiten zidan, eta kezka nuen iraungo ote nuen. Entrenamenduetan konturatu nintzen egin nezakeela. Kirol aldetik lehen ere oinarri handi bat eginda daukagu, urte askoan. Garrantzitsuenetakoa sufritzeko gaitasuna da, hori dexente baldin badaukazu, ondo. Eta burua kaskagogor samarra, bestela ordubetean hor aritzeko… Ordubetean gora-behera asko izaten dira, eta gainditzen jakitea garrantzitsua da. Oso sentsazio onarekin gelditu nintzen, bai kanporaketan, bai finalean. Zentratuta geunden.
Hanka hutsik aritu zinen, gainera. Antzina bezala.
Bai. Beti atzera eragin dit hanka hutsik aritzeak, baina aurten hasi naiz, aurreneko aldiz. Gabirondok-eta esaten izan zidaten askoz hobea dela. Probatu nuen egunetik, ikusi dut izugarrizko aldea dagoela. Askoz asentu hobea hartzen duzu; egonkortasuna, seguritatea. Hasieran sufritzen da, zuztarrek zulatu eta zauria egiten dizute, eta hura harrapatutakoan… Beste gauza bat ikasi dugu.
Egin dituen eguraldiekin…
Atzazalak ondo beratuta erabili ditugu! Zelebrea izan da. Pasatutakoak ahaztu egiten direla esaten dute, baina aurtengoa grabea da, pixka batean gogoan edukitzeko modukoa. Bestetik, belarra ebakitzeko, entrenatzeko, baserritarrek ez dute nahi izaten edozein garaitan, normala den bezala. Baina nahiko ondo moldatu naiz.
Non entrenatzen duzu?
Amasan, lagun batek behi mordo bat dauzka, eta egunero ganadu-janak berak egiten ditu. Harekin moldatu naiz. Bestela, normalean bolak egin behar direnean aritu behar izaten dut, dena kolpean batera izaten da. Harekin abantaila izan dugu alde horretatik; egunero aritu ahal izan dudalako.
Nolako egoeran dago sega?
Egoera tristea dago erabat. Ez dago inongo laguntzarik. Jendea, hala ere, izan diren giroetako aurten asko joan da ikustera. Azkeneko urteetan izan den gehiena, dudarik gabe. Aurten bederatzi segalari apuntatu ginen Gipuzkoarako. Batek ezin izan du eta zortzi aritu gara, gazte batzuk ere bai, eta hor pixka bat mugitu dela uste dut, haien jirako gazteak eta. Horrek asko lagundu du.