Jon Plazaola (Urretxu, 1982) artista handia da. Aktore, aurkezle eta gidoigile lanak egin ditu telebistan, film laburrak idatzi eta zuzendu ditu eta Euskal Herri osoan ehunka bakarrizketa saio egin ditu. Gaur, 20:00etan Idiazabalgo Xaloa tabernan, Two seconds izeneko bakarrizketa eskainiko du.
Zer diozu Idiazabalen antolatu duten bakarrizketa zikloaz?
Bakarrizketak euskaraz emateko eskatu digute, eta primeran iruditzen zait. Joan zen astean aritu zen Barry Barrez mundiala da. Datozen asteetan arituko diren Eneritz Artetxe eta Esther Uria aktoreak ere ezagutzen ditut, eta bikain lan egiten dute.
Nolakoa da zuk eskainiko duzun bakarrizketa?
Kanpin egitera joaten garenean gertatzen zaizkigun xelebrekeriei buruzkoa da. Two seconds du izena, bi segundotan muntatu baina gero jasotzerik ez dagoen kanpin dendaren omenez. Saioak 45-60 minutuko iraupena izango du.
Bakarrizketak emateaz gain, zer gehiagotan ari zara?
Ez naiz gelditzen. Oso gustura nago. Astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 19:00etara, Sargori irratsaioa aurkezten dut Euskadi Irratian. 50eko, 60ko eta 70eko rock musika eta rock euskalduna jartzen ditut. Ane Guerra urretxuarrak ere saioan parte hartzen du, Londresetik hain zuzen ere.
Gidoilaria ere bazara.
Madrilgo lagun batzuekin antzezlan bat idazten ari naiz. Gure bigarren antzezlana da. Lehenengoa taularatzea lortu genuen.
Film labur batekin sariak lortu dituzu eta Txinan egon zara.
Squash du izena eta lehiaketetara aurkeztu dugu. Bi sari eman dizkigute. Lehena Madrilgo Udalak eman zigun. Langabeziari buruzkoa da eta bukaeran langabetuek arrautzak botatzen dizkiote bulegoari!
Zein da gehien atsegin duzun lana?
Gehien atsegin dudana fikziozko gidoiak idaztea da, baina ez da mundu erraza. Alor horretan, ETB-k ez du apusturik egiten, garestia delako.
Zein da zure ametsa?
Nire ametsa film luze bat zuzentzea da, baina hau distantzia luzeko lasterketa da eta ez da presarik eduki behar. Estreinatu behar ez bada, ez du pelikularik egitea merezi. Ez naiz saiatu gabe geldituko, baina une egokia itxaroten ari naiz. Bitartean, film laburrak eginez entrenatuko dut.