Pepe Bosquek (Urretxu, 1939) bizitza erdia egin du Osaba tabernako barraren atzean, nahiz eta lanbidez jostuna izan. Gustukoa ez bada, tabernari bezala lan egitea «oso zaila» dela dio. Oso parrandazalea izan dela aitortu du, eta taberna giroa beti gustatu izan zaiola. Egun, bi alabetako batek eramaten du Urretxuko Osaba taberna, eta Bosquek zeregin horretan laguntzen dio.
Noiz ireki zenuen Osaba taberna?
Santo Tomas egunean 37 urte beteko dira aurten Urretxuko Abenidan tio Mari osabarekin batera taberna ireki nuela. Izena, esan beharrik ez dago nondik datorren.
Nolatan erabaki zenuen taberna irekitzea jostuna izanda?
Garai hartan sortu genuen Etxe Azpi elkartea. Bertan hasi ginen tio Mari eta biok sukaldean, eta oso ongi moldatzen ginela konturatu ginen. Hortik sortu zitzaigun taberna bat irekitzeko ideia.
Zer motatako taberna zen Osaba ireki zenutenean?
Gaur bezala, gazteei zuzendutako taberna zen, poteo eta parranda girokoa. Pintxoak ere ematen genituen, eta sarri gazteak ez ezik, haien gurasoak ere etortzen ziren tabernan zerbait hartzera. Egia esan, tabernatik belaunaldi ezberdin asko igaro dira, garai bateko gazteen seme-alabak eta haien ondorengoak ere bai.
Nola gogoratzen dituzu lehenengo urte haiek?
Lan asko egiten genuen. Jendeak asko maite gintuen. Beste garai batzuk ziren eta tabernan jendeak gaur baino gehiago gastatzen zuen. Sukaldean ere onak ginen eta tortillak, txorizo egosia eta txanpiak ziren gure espezialitatea. Eguraldi onarekin, plater konbinatuak ere zerbitzatzen genituen terrazan.
Taberna giroa asko aldatu al da ordutik hona?
Bai, txikiteo giroa asko jaitsi da. Txikiteroaren figura galtzear dago, baina oraindik badira Urretxun hasi nintzenetik egunero poteatzen duten kuadrillak. Gazteak astean zehar ez dira ia ateratzen, eta alkohol gutxiago edaten dute.
Hainbeste urteren ondoren, bitxikeriaren bat izango duzu kontatzeko.
Hasierako garaietan grisak eta guardia zibilak askotan etortzen ziren tabernara, istiluak sortzera. Baina, grisen tenientea zena sarri etortzen zen Osabara zerbait hartzera. Kalera atera arazten zidan, sorbaldatik helduta taberna parean berarekin paseatzeko. Ordurako bezero guztiek ezagutzen ninduten eta gaitz erdi.
Nola bizi izan zenuen Osaba zaharra bota zuten eguna?
Gaizki eraman nuen oso. Hiru hilabetez buelta eman ezinda egon nintzen. Azkenean, alboan dagoen taberna zenaren jabearekin akordio batera iritsi eta taberna erosi nion. Orduan sortu zen Osaba berria.
Zure bi alabek aitaren pausoak jarraitu dituzte.
Bat tabernaren kargu egin da eta bestea Jai Alai jatetxeko sukaldaria da. Tabernan laguntzen jarraitzen dut; horretan arituko nahiz ahal dudan artean. Alabak langileak dira eta Osabak oraindik iraungo du.