Giza proba herri kirol mota bat da, oinarrian idi probetatik eratorritakoa. Harri bat denbora mugatu batean ahalik eta distantzia luzeenean garraiatzea da jokoaren gakoa. Taldeka naiz banaka jokatu daiteke, eta harriari tira egiteko tiralaria metalezko estruktura bati lotzen zaio. Goierrin aspaldikoak dira giza probaren zantzuak, baina urte luzetan desagertuta egon den kirola izan da, 2007an Zumarragako eta Urretxuko bi kuadrillek berreskuratu zuten arte.
Ordutik, Goierrin ez ezik, inguruetan ere ugarituz joan dira giza proba taldeak Legazpin, Aian, Orion, Aiztondon, Usurbilen… eta ondorioz, baita kirol honi lotutako erakustaldiak eta txapelketak ere. Gizonezkoen Gipuzkoako IV. Giza Proba txapelketa bete-betean dago orain. Datorren abuztuaren 4an jokatuko dute finala Aian. Emakumezkoen Gipuzkoa mailako txapelketa ere aurten gauzatu da lehen aldiz. Ibarra, Orio eta Ergobiako taldeek hartu dute parte, eta lehenengoarentzat izan dea garaipena.
Toribio Kerejeta zumarragarrak eta Mikel Elgarresta urretxuarrak badute zer kontatu giza proben inguruan. Lan asko egin dute biek, besteak beste, ahaztuta zegon kirol hau berreskuratzen. 1979an Zumarragan egin zen kuadrillen arteko txapelketan parte hartu zuen Kerejetak. «Santaisabeletan izan zen, eta zazpi bat kuadrillek» parte hartu zutela oroitzen du. Gerora, Zumarragako giza proba taldeko botilero lanak ere egin ditu.
Ordukoak, dena den, ez du gaur egungoarekin zerikusirik. Garai hartan «inolako prestaketarik gabe plazaratzen ginen, kuadrillen arteko joko moduan hartzen genuen», dio. Aurrekariak, egon badaude, dena den. 50. hamarkada hasieran «Orbegozo lantegiko talde bat, gaur egun Sidenor den Azpeitiko Afora enpresako langileen aurka» desafioa egin zuten Azkoitiko probalekuan.
Hortik aurrera ez da kirol honekin lotutako ekinaldi gehiagorik ezagutzen, «taldeka baino, bakarkako erakustaldi gehiago egin izan dira inguruan», zehaztu du Kerejetak. 1979ko ekinaldi hartatik, bi urtetan errepikatu zuten afera kuadrillek Zumarragan. Ondoren, urteak igaro ziren eta giza probak plazetatik desagertu ziren. 2007 urtera arte.
Gipuzkoako I. txapelketa
Kerejetaren oroimenean giza probak ez ziren inoiz desagertu, ordea, eta buruan beti izan zuen kirol hori, modu batera edo bestera berreskuratzeko ideia. Horretan zela, 2007 urte hartan Urretxun herri kiroletan zaletzen hasita zegoen lagun kuadrilla batengana jo zuen. Elgarrestarekin jarri zen hartu-emanetan. «Urretxuren eta Zumarragaren arteko giza proba desafio bat antolatzea proposatu zidan», oroitzen du Elgarrestak. Azkenean, bi herrietan taldea osatu eta 2007ko abenduaren 2an egin zen lehendabiziko apustua.
Apustu hark arrakasta handia izan zuen, eta urte bereko abenduaren 30erako Zumarragako I. Giza Proba txapelketa antolatu zuten. «Urretxu, Zumarraga eta Ezkio-Itsasoko taldeek hartu genuen parte», dio Elgarrestak. Eta orduan hasi zen giza proben gorakada etengabea. Urte oso oparoek jarraitu zieten 2007ko hari. Zumarragako txapelketa beste lau urtetan ere ospatu zen, eta erakustaldien kopurua biderkatu egin zen.
Zumarragako txapelketa aitzakia hartuta inguruetan ere giza proba taldeak sortuz joan ziren. Giza proba hain ezaguna ez zen herrietatik ere deitu zioten Urretxuko taldeari. «Getxoko Erromo auzoan, Atarrabian, Elgoibarren, Gaztelun… erakustaldietarako deitzen ziguten». Jendearen aldetik ere «interesa bazegoen», eta plazak ikuslez betetzen ziren.
Hasierako oihartzun hartatik, gauzak aldatu egin dira. «Gure inguruan erakustaldiak eta apustuak gutxi egin dira, baina kirola egonkortu egin da», dio Elgarrestak. Giza proba «Gipuzkoako beste leku batzuetara hedatzen» ari da orain. Hortik sortu zen orain lau urte Gipuzkoa mailako txapelketa bat sortzeko ideia. «Urretxu, Aiztondo eta Orioko taldeak elkartu eta txapelketarako oinarriak finkatzen hasi ginen».
Etorkizun «oparoa»
Harriari nola tira egin arautzea izan zen lehendabiziko lana, «metalezko estrukturak nolakoa behar duen, tiralariak nola lotuta joan behar duten…». Taldekide kopurua zortzikoa izatea adostu zuten, eta guztien artean gehienez 660 kilo pisatzea. Tiratu beharreko harria 900 eta 1.000 kilo artekoa izango da. Lekuan lekuko plazaren arabera adostuko dira ondoren denbora, plaza kopurua… Dena den, aipatu beharra dago giza proban aritzeko askotariko moduak daudela: banaka, hirunaka, taldean…
Askok, astakeriatzat hartu dute sarri kirol hau. Ez dira iritzi berekoak Kerejeta eta Elgarresta. Lehenengoaren iritziz, «maila eman nahi bada, kirol guztiak dira gogorrak». Horregatik, ezustekorik gertatu ez dadin «aurrez prestaketa ona izatea ezinbestekoa da».
Giza probaren etorkizuna «momentuz, baikorra» da Elgarrestarentzat. Eskualdean hasierako talde gehienak desagertu badira ere, Urretxukoak lanean dihardu hasieratik. Jendeak ere «gustuko» duela uste du eta etorkizun oparoa aurreikusten dio.
Abuztuaren 4an jokatuko da Gipuzkoako finala, Aian
Gizonezkoen Gipuzkoako IV. Giza Proba Txapelketa amaitzear da. Lau kanporaketa jokatu eta gero, dagoeneko ezagunak dira datorren abuztuaren 4an, Aian egingo den finalean arituko diren taldeen izenak: Urretxu, Aiztondo, Orio eta Berrobi.
Aiako probalekuan izango da finala, abuztuaren 4an, igandez. Finalean ere 20 minutuz arituko beharko da zortzi kideko taldea harriari tiraka. Plaza gehien egiten duen taldeak jantziko du Gipuzkoako taldekako giza proben txapelketako txapela.