Zerainek, herri txikia izan arren, baserri ugari ditu inguruan. Mendi-bide eta bidexka ugari daude horietara joateko, eta horietako bat da ondorengoa. Ibilbide laburrean mota askotako bideak, zuhaitzak, animaliak eta baserriak ikusteko aukera emango digu ibilbide honek, bere laburtasunean anitza baita. Bideen aniztasun hori dela eta, une labur batean belarra luze-xamar egotea litekeena denez, galtza luzeekin egitea gomendatzen da. Baserri-bidea izanik, txakurrak bidera ateratzea ere oso ohikoa da bide honetan.
Herriko Ostatuaren atzealdeko hariztitik abiatuko gara, 320 metroko kotatik maldan behera, hormigoizko bidean. Plazatik Zerain eta Segura lotzen dituen galtzada zaharra da.
Bidea jarraituz, Gaztinadiko eta Olabideko zelaiko belardiak eta eskardurak ikusiko ditugu jarraian, Telleria baserria eta honen baratza eta sagasti eta fruta-arbolak ikusiz, era berean.
Aurreraxeago jarraituta, Gorostizutxiki baserria eta bere palmondoa daude. Gorostizutxikiren hurrengo baserria Gorosmendialde da, eta hemen sagarrondoak eta lorategiko ezpel-hesia ere ikusiko ditugu, gertu dagoen iturriko ur freskoa edan bitartean.
Bidea jarraituz, Gorosti eta Gorostizumendi baserriekin egingo dugu topo, eta azken baserri honen ostean hormigoizko bidea amaitu eta bidexkari jarraitu behar zaio; marka zuri-berdeak jarraitu behar dira horretarako. Marka horiei jarraituz, kanteraldeko hariztitik barrena joan eta «Kontuz erleak!» dioen kartel bat aurkituko dugu hariztiaren amaieran, ezkerretara erlauntzak daudelako. Ezkerraldera joan gabe aurrera jarraituz gero, ez dago arriskurik.
Zelaia igaro eta marka zuri-berdeei jarraitu ordez, marka zuri-gorriei jarraitzen hasiko gara orduan, Segurako lurretan sartutakoan. Ibilbideko kotarik baxuena da hau, Segurako Madura ingurua 220 metrotara baitago. Bide erdia jada eginda, ordura arte beherantz egindakoa, gorantz egin behar da gero.
Bidea Ikorta baserri aldera iristen da. Garai bateko gurdi-bidea jarraituko dugu orduan, goraka hartuz. Pixka bat aurrerago Zabalegigarakoa baserrira iritsiko gara. Bertan, hilarria eta pozadera daude ikusgai, eta pixka bat aurrerago baita Otasoroetako txakolin-mahastia ere.
Martizeko galtzada ertzeko hurritz eta haritz eskarura, Bidarteko baserriko palmondoa eta Gorostizu errekak zaindutako basoxka daude ibilbidearen azken zatian: hurritzak, haltzak, gaztainondoak eta erratzak, besteak beste. Olabide- txiki baserri ingurutik atzera hasierako puntura, Ostatuaren atzealdera, iristen da bidea.