Trapalata edo Trapaleta mendiak, Aizelekurekin (812 metro) batera, iparraldera Aizkorriko mendikatearekin bat egiten duen kordala osatzen du. Urola eta Oria erreken goialdeko arroen artean dago, ezkutatuta erabat, seinalerik gabe, eta pinuzko basoek bistak lapurtutzen dizkiote.
Urretxutik Legazpirako bidean, behin industrialdea igarota, lehenengo biribilgunean ezkerrera egin eta Azpikoetxe tabernatik igarota Mantxola auzoa aurkituko dugu. Autoa han utzita, oinez ekingo diogu ezkerreko bidetik hormigoizko azken etxearen ondotik abiatzen den zidorretik.
Bidean gora asunak daude, baina kuku prakak, otea eta bitxiloreak ere gogotik ikusiko ditugu; gaztainondoak eta ametzak ere badaude. Bidearen zati horretan Legazpiko industria jardueraren zaratak entzun eta keak arnastuko ditugu. Hamar minutu inguruan, behin zidorraren gailurrera iritsita, atzean utziko dugu kutsadura basoan barrena abiatzeko.
Pista batera iritsiko gara eta aurrean dugun bidea zeharkatuko dugu. Eskubian aterpetxe bat utzita, mendi pistan behera egingo dugu pixka bat, pista hori hormigoizkoa bihurtzen den arte. Aurrera eginda, Irazola baserria dagoen lepora iritsiko gara. Ikusgarriak dira baserria bera, zein inguruan duen parajea. Inausi gabeko haritzak harrera egingo digu, adarretik zintzilik duen zingulozangoarekin.
Irazola baserria
Baserria zuriz margotutako harrizko eraikuntza da; ateak nahiz leihoak berdez. Leihoak geranio gorriekin apainduta daude, eta hormei itsatsita bezala, kimatutako lizarren enborren tamainak zahar-zaharrak direla erakusten dute. Horietako enbor bat hustu, eta etxeko artzain zakur beltzaren habi bihurtu dute.
Irazola baserria atzean utzita, ezkerrera egingo dugu aurkitzen dugun lehenengo zidorrean. Harriek estaltzen duten bidean gora egingo dugu. Hasieran okerrago dagoen bideak hobera egingo du gora egiten dugun heinean, zidorra zabalduz eta garbituz baitoa. Bidean gora jarraituko dugu, eta zidorrak bi aukera eskaintzen dizkigunean, ezkerrekoa hautatuko dugu mugarri batekin topo egin arte; bata bestearen gainean jarritako harriek osatzen duten mugarria horietakoa da.
Handik gora egin behar dugu, eta berriz bideak zabaltzen direnean, eskubira joko dugu, basoaren sakonean Trapalata gailurra aurkitzeko. Tontorra dela Oñatiko mendizaleek 1973an jarritako burdinezko etxetxoak adieraziko digu.
Pinuak dira nagusi basoan, eta inoiz Trapalatatik Legazpi bistaratu ahal izan bada ere, orain pinuek begirik gabe utzi dute mendi gaina. Edozein modutan, tokiak badu bere xarma, pinuek eta zorua estaltzen duen garo itsasoak edertasuna ematen diotelako. Hango isiltasuna ere nabarmentzekoa da, are gehiago industriaren zaratarekin hasitako ibilbidea izanda.
Trapalatako gaina jo eta gero, ibilbidea labur geratuz gero, Aizalekura egiteko aukera dago aurrera segituz.