
Unai Kerejeta
Azken idatzian neure burua goierritartzat hartzen ote nuen galdetu zenidan, eta esango dizut abuztuan, Gabiriako festetan, baietz, baina irailean, Urretxukotan ezetz. Kar, kar, kar…
Pena da Susaeta jauna, baina uda amaitu da. Akabo goizean berandu jaikitze hori, zenbait herriko festa, hondartzara joatea, eguzkia… Oporretan izan al zara? Ni lau egun Asturiasen; Picos de Europa eta Lagos de Covadonga ikusi ditugu, toki politak dira, eta baita hango sagardotegi batean afaldu ere. Ze serio demonio jartzen diren sagardoa ateratzen dizuen momentu horretan! Gainera sekulako beroa eta sagardoa «fresquina» ateratzen dizute. Nik hotza nahiago! Egun gutxi, baina tira, bueltatxo bat eman dugu behintzat. Hori bai, zure ustez derrigorrezkoa al da oporretara joatea? Hala ematen du, ezta?
Abuztuan ere Donostiako festak izan dira eta entzun dudanez milioi bat pertsona ibili omen ginen eta hotelak ia 100% beteta egon ziren… gero krisia dagoela esango dute!
Abuztuak ere eman digu beste albiste pozgarriren bat: Reala, berriro ere, Champions League-n dela, Olympique Lyon-i egurra eman eta gero! Orain hor dabil jendea bidaiak antolatu nahian Manchesterrera, Leverkusenera edota Donestera. Ez dago bromarik, entzun dudanez, oso garestiak omen daude bidaia hauek; zu joango al zinateke? Ni, egia esan, joanda nago Greziara, Pragara… hori bai, Baskonia ikustera. Joatekotan, gutxienez, 4-5 egunetarako beharko luke, zeren 600 euro ordaintzea bi egunengatik…
Igor Susaeta
Kasualitatea izango da Unai, baina ni ere Asturias aldean ibili nintzen aste betez. Gustura. Eta ez dakit gustura ibili nintzen herritik urrun nengoelako, edo egiten nuenaz edo ez nuenaz inori azalpenik eman behar ez niolako. Kontua da bake ederrean sentitu nituela gorputz eta arima Picos, Ribadesella, Careseko ibilbidea eta Pezoneko hondartzatxoko olatuen kulunkatik harago. Badakizu: oporretatik bueltatu eta zer moduz ibili zaren galdetzean seko aspertu zarela erantzuten baduzu, tipo arrarotzat hartuko zaituzte bizi osorako. Hortaz, adi. «Zer moduz oporretan?», galdera erretorikoa. «Oso ondo, erabat deskonektatu dut». Oso inportantea da deskonektatu duzula esatea. Auskalo, ordea, zer esan nahi duen aditz horrek. Aprobetxatuk bezala. Eguraldi hona egiten duenean, Andoni Aizpuruk beti esaten du: «Aprobetxatu eguraldia» Zer esan nahi duzu, Andoni? Gaizkile bat naizela, morroi arraro bat, etxeko salan gelditzen baldin banaiz paretari begira, edo Diez Minutos irakurtzen, edo La Sexta 3-n Rocky II-rekin emozionatzen? Tira, ez du Aizpuruk bakarrik esaten aprobetxatu; gehienetan, gainera, enfasia ematen zaio… «Aprobetxatu!»
Champions-a? Orain bederatzi urte Lyonera joan behar izan nuen, lanera. Sekula ez dut ahaztuko joaneko bidaia, pertsona desorekatu samarrez betetako autobus batean. Orain? Nik Donetsk-era bidaiatuko nuen. Manchesterrera joateak, lagun, ez dauka xarmarik; errazegia da.