Iban Arregi (BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria)
Argitaratu da Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntz Politika Sailak (HPS) euskal hedabideei ematen dien laguntzen berri ematen duen ebazpena (ez osorik, toki telebistak eta online argitalpenak falta direlako). Aurrekontuetan jasotako diru kopurua ezaguna zenez, eta gorabehera txiki batzuk tarteko, esperotako bidetik joan da ebazpena. Hedabideen laguntza deialdian iazko diru kopuru berari eustea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak eta, Hekimen euskal hedabideen elkarteak bere garaian esan bezala, eta egoera ekonomiko zail honetan, errekonozitu behar da hedabideen arloan marra gorria jarri izana garrantzitsua dela, sektore honek ezin duelako gehiago atzera egin. Areago: beti defendatu izan dugun moduan, sektore honek erakundeen aldetik laguntza handiagoak behar ditu, inbertsio handiagoak, oraindik eta gehiago krisi garaian, bestela nekez garatuko delako. Gainera, ez dugu ahaztu behar datu hau: 2010ean baino ia milioi bat euro gutxiago dago euskal hedabideentzat aurtengo (eta iazko) Jaurlaritzaren aurrekontuetan; eta portzentualki ere berdintsu gertatzen da: hedabideen deialdiak Jaurlaritzaren aurrekontu orokorrekiko daukan pisua duela urte batzuk baino txikiagoa da, nahiz eta iaztik hona proportzio hori hedabideen aldekoagoa izan (aurrekontu orokorrak jaitsi egin direlako eta hedabideena mantendu). BERRIAren kasuan ere antzeko zerbait geratzen da: iaz baino 60.000 euro gehiago jasoko ditu BERRIA paperekoak, baina 2010ean aurten baino 115.000 euro gehiago jasotzen zituen.
Hamaika aldiz aritu gara hemen euskal hedabideen sektorearen ezinaz, egoera larriaz, etorkizun beltzaz; baina gaur ere ezinbestean dagokigu horretaz aritzea, biziraun ezinean dagoelako, arnas estuan, krisi ekonomikoaren eta hedabide tradizionalen negozio eredu aldaketaren zurrunbiloan sartuta, atera ezinik. Sektore estrategiko bat estu eta larri; herri honek eta beste edozeinek herri izateko, bere hiztun komunitatea sendotzeko eta kultura propioa eta hizkuntza propioa garatzeko ezinbesteko duen sektore bat, hedabideena, ataka larrian. Euskal hedabideen euren geroa baino gehiago dago jokoan; hizkuntza komunitate osoaren geroa, neurri batean. Horregatik dagokigu behin eta berriz sektorearen egoera larriaz aritzea.
Baina horrekin bakarrik ez dugu aurrera egingo, elkarri penak kontatzen aritzearekin bakarrik jai dugu. Guzti-guztiok egin behar dugu egoeraren jabe eta, bakoitzak bere neurrian, erantzun. Hasteko, guk geuk, inplikatu nagusiok, hedabideetako kudeatzaileok, langileok, sortzaileok; egokitu egin behar dugu egoera berrira, egokitu gu geu eta egokitu hedabideak. Elkarlanean. Bestetik, hedabideen ingurua edo ekosistema osatzen duen komunitate zabal horrek erantzun behar du; orain arte beti erantzun izan du, jakitun gara, baina inplikazioa areagotzea dagokigu, herritarrari ikusi araztea gorago genioena: ezinbestekoak direla hedabideok herri honen garapenerako, hizkuntza hau bizkortzeko. Eta hirugarrenik, Administrazioa: aurtengo aurrekontuetan marra gorria jarri du hedabideen arloan Jaurlaritzak (eta baita Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek ere), eta baloratzekoa dela esan dut lehen ere, baina ez da nahikoa, hortik harantzago joan behar du Administrazioak. Egoera honetan, sektorea estrategikoa eta ezinbestekoa dela pentsatzen badute eta benetan sinisten badute horretan, administrazio ezberdinek benetako apustu estrategikoa egin behar dute sektorearen alde, epe luzera begirakoa, dotazio ekonomikoen handitzea ekarriko duena baina batik bat sektorearen berrikuntza eta garapena sustatuko duena. Apustu horretan eragiteko eta elkarlanerako prest dago BERRIA eta sektore osoa, egoeraren larritasunari eta erronkaren tamainari behar bezala eusteko prest.