Igor Larrea (Legorreta, 1993) plater-tiratzaile bikaina da. Europako eta munduko txapelduna izan da taldeka eta hirugarrena bakarka. Bere familian ehiza oso gustuko dute, aitonarekin hasi zen 9 urte bakarrik zituenean, eta bere ametsa egunen batean munduko txapelketa irabaztea da.
Nolatan hasi zinen ehizan?
Familian ehiza oso gustuko dugu. Aitona ehiztaria zen eta osabek eta aitak ere oso gustuko dute ehiza. Aitonarekin hasi nintzen 9 urte nituenean.
Eta plater-tiroketan?
Eskopeta berria erosi eta tiro-eremura joan ginen probatzera. 12 urte bakarrik nituen arren, aitari eta osabari irabazi egin nien. Harrituta utzi nituen eta plater-tiroketan aritzera animatu ninduten.
Zeintzuk dira zure erronkak?
Orain arte gazte mailan aritu naiz, baina datorren urtetik aurrera helduekin arituko naiz. Nire ametsa munduko txapelketa irabaztea da. Gainera, plater-tiroketa joko olinpikoetara eramateko lanean ari dira eta benetan bikaina izango litzateke parte hartzea.
Zuen kirola dirudien bezain garestia al da?
Kirol garestia da, baina, zorionez, babesleak ditut. Blaser F3 enpresa alemaniarrak eskopetak ematen dizkit eta J.G. enpresa espainiarrak, berriz, kartutxoak.
Nola entrenatzen duzu?
Tiro-eremura joateaz gain, mendira joaten naiz txakurrekin. Ez da komeni pisua hartzea, eskopetak neurrira egiten baitizkigute. Kaxa oso garrantzitsua da. Batzuk bere neurrikoa aurkitu ezinik ibiltzen dira, baina ni egin zidatenarekin oso gustura nago.
Egunen batean plater-tiroketatik soilik bizitzea espero al duzu?
Oso zaila da. Gutxi batzuk bakarrik bizi dira plater-tiroketatik. Estatu espainiarrean, inor ere ez. Enpresa ikasketak egiten ari naiz Donostian.
Ehizari dagokionez, nora joaten zarete?
Burgosera, Huescara eta partzoneriara gehienbat. Nire ametsa Errusiara edo Eslovakiara joatea da. Izan ere, han hemen baino askoz ere oilagor gehiago daude. Abuztuan Burgosen izan nintzen, aitarekin, osabarekin eta Segurako lehengusu batekin. Adur Alustiza du izena eta aurki berari egin beharko diozue elkarrizketa. 16 urte bakarrik ditu, baina dagoeneko tiratzaile bikaina da.