Datorren astelehenean hasi eta igandera arte Mugikortasun Astea da. Europak 2002an abiarazitako egitasmoa da. Herri erakundeen bitartez garraio jasangarria bultzatzea da kanpaina honen helburua; autoei alternatibak bilatzea, alegia. Alternatiba horien ardatza da garraio publikoaren, txirrinduen erabileraren eta oinezko guneen sustapena. Txirrinduen erabilerari erreparatuz gero, ezinbestekoa da bidegorriei begiratu bat ematea. Goierrin 28 kilometrotik gorakoa da bidegorriek hartzen duten luzera. Herri guztiak ez daude elkarren artean lotuta, baina bidegorri sarea egunetik egunera luzatzen ari da.
Ordizian abuztuan hasi dituzte tren geltokitik Bonberia pareraino joango den bidegorriaren lanak, 280 metro egingo dituzte, eta iraila amaierarako lanak amaituko dituztela aurreikusten du Ordiziako Udalak. Lanen amaieran CAF enpresarekin lotura zuzena egongo da.
Ordiziaren eta Beasainen arteko loturak ere hobera egingo du datozen hilabeteetan. Izan ere, aste honetan bertan Beasaingo Udalak bidegorriaren lanen esleipenari oniritzia eman dio, eta behin izapideak amaituta, lauzpabost hilabeteetan bidegorria erabilgarri izango dela adierazi dute.
Aurreko biak herri erakundeek mugikortasun jasangarriari bultzada emateko egiten ari diren lanaren isla dira. Goierri garaian Legazpin eta Urretxun orain gutxi garraio publikoaren aldeko apustua egin dute, eta herri barruko autobus zerbitzuak jarri dituzte martxan.
Txirrinduan lanera
Aurrekoak erakundeetatik egiten den lanaren erakusle badira, datorren adibidearen eragilea Goierriko enpresa pribatu bat da. Langileak lanera txirrinduan joan daitezen, Idiazabalgo Ampon abian jarritako proiektua da. Aurreko urtean txirrindu elektrikoekin lotuta egitasmoa burutu zuten. Xabier Berasategik hau guztia «ideia soil batetik» sortu zela dio: «Solasaldi batean gaia atera zen, eta halako batean, egingarria izan zitekeela pentsatu, eta kontseilu sozialera eraman genuen». Dioenez, «gogoeta sakonik ez dago» egitasmoaren atzean, «txirrinduan lanera joateko aukera mahai gainean jarri genuen, beharbada aparkalekua autoz beteta ikusten dugulako eta kutsadura ekiditeko modua ere badelako».
Ampoko langile talde bat txirrindu elektrikoen merkatua aztertzen hasi zen, eta «nahikoa garestiak» direla ikusita, Euskal Energia Erakundeari diru laguntza eskatu zioten. «Laguntza horiek lortzeko modelo jakin batzuk aukeratu behar genituen. Txirrinduaren balioaren gaineko %25eko deskontua lortu genuen azkenean, eta Ampok berak geratzen zen kopuruaren erdia ordaindu du txirrinduko». Bi modelo aukeratu zituzten, bata 1.700 eta 2.300 euro ingurukoa eta bestea 900 eta 1.200 euro ingurukoa.
Guztira, 40 langilek erosi dituzte bizikletak. «Hasieran langile gehiago animatuko zela uste genuen, baina gero atzera egin zuten». Enpresak baldintza bakarra jarri zien: txirrindua lanera joateko erabiltzea. «Horren kontrola zaila da. Finean, eguraldiaren araberako erabilera egiten dute langileek».
Badira egun Ampora Idiazabaldik, Ordiziatik, Ormaiztegitik, Zegamatik edo Gaintzatik lanera txirrinduan doazen langileak. «Errepideak eta bidegorriak erabiltzen dituzte, baina segurtasunagatik bidegorriak nahiago izaten dituzte».
Garikoitz Aranburu langile horietako bat da. Gaintzatik Idiazabalera, Ampora, joaten da txirrindu elektrikoan eguraldiak uzten dioenean. «Ohiko txirrindu batean Gaintzatik Idiazabalera joango banintz, izerdi batean iritsiko nintzateke lanera. Txirrindu elektrikoak beste era bateko bidaia baliatzen du. Ordu erdi inguruan iristen naiz. Lanera etortzeko beste modu bat da».
Aranbururen arabera, bizikleta elektrikoaren erabilerak ariketa fisikora hurbildu du: «Eguraldi onarekin lanetik atera eta maiz desbideratzen naiz buelta handitzeko. Indarra kenduz gero, ohiko txirrindua bihurtzen da». Erosiko zuela ez zuen argi izan hasieran, ekarri zituztenean eta probatu zuenean animatu zen.
Txirrinduaz jakiteko
Bigarren adibidea Goierri garaian Mugikortasun Astean bertan gauzatuko dute. Uggasa garapen agentziak antolatuta, Francisco Javier Godoyk bi hitzaldi egingo ditu, eta biek txirrindua izango dute hizpide nagusi. Lehenengoan txirrinduaren erabilera eta segurtasun neurriak zein arauak izango ditu mintzagai. Bigarrenean, txirrinduaren ohiko matxurak konpontzeko oinarrizko informazioa emango du. Bizikleta elektriko bat erakusteko asmoa ere badu. Hitzaldiak Legazpin eta Urretxun zein Zumarragan egingo dituzte datorren astean.
Godoyk txirrinduak ariketa fisikoarekin duen loturaz gain, mugikortasun jasangarria bultzatzeko baliabide gisa erakutsiko du: «Umeak eskolara txirrinduan joan daitezke, edota helduak lanera, eta horrek mugikortasunarekin zerikusi handia dauka». Aitzitik, eguraldia txirrinduaren erabilpen hori egiteko «traba» handiena dela dio, «eta Goierri garaiko herrietan, zehazki, maldak ere aipatzen dituzte».
Txirrindu saltzailea ere bada Godoy, eta dioenez «txirrinduaren beste erabilpen bat
zabaltzen ari da, ludikoagoa edo. Esate baterako, igandeetan familia osoak ikusi daitezke bidegorrietan. Neurri handi batean, egunerokoan txirrindua kirola egiteko erabiltzen ez duen jendea dela esan daiteke».
Etorkizunean txirrindu elektrikoa «oso ondo kokatuta» ikusten du Godoyk, eta «fisikoki txirrinduan ibiltzeko gai ez dela uste duen jendearentzat irtenbide ezin hobea izango da». Hala ere, eragozpen bat ikusten dio: prezioa, « ez dago guztion eskura». Bizikleta elektrikoak, dena den, beste oztopo bat gainditzen du: aldapa.