Nerea Elustondo
Gaur hasiko dira Urretxuko jaiak Gorka! San Migelak iristeko denbora gutxiren faltan, Santa Anastasiak izaten dira udako jaien artean azkenetakoak.
Komunera joatea ere bideoz grabatzera ohitu garen garaiotan, ohiko bihurtu da herriko jaiak iragartzeko prentsaurrekoak ematearena. Dela interneten, dela telebista lokaletan, ez da zaila bateko eta besteko jaien aurkezpen bideoak topatzea. Bada kezka sortzen didan zerbait ordea. Jai batzordeetako kide bati baino gehiagori entzun diodan esaldia da “aurrekontua asko jaitsi dugu baino sekula baino egitarau beteagoa dugu”. Bizimodua garestiagoa bada, nola da posible hori?
Bai, badakit. Jai parte hartzaileagoak antolatzen dira gaur egun eta herriko taldeek ordezkatu dituzte dirutza kobratzen zuten kanpoko taldeak. Neurri batean konpartitzen dudan aukera da, baina jai batzorde gehienen atzean dauden udaletxeetako gestioak ikusita ez dakit krisiaren aitzakian ez ote garen krisi kultural batean sartzen ari. Nola liteke lehen dirutza gastatzen zen ekintzetan sosik ere ez gastatu nahi (ahala oso erlatiboa baita krisi garaian ere) izatea? Nola kontratatuko dugu urteetako ahaleginaren ondorioz bere kultur jarduera profesionalizatzea lortu duena, amateurren bat doan (bere buruari gastua suposatuta askotan) etortzeko prest badago? Ez al gara profesionalak amateurtzen eta amateurrak gutxiesten ari?
Gorka Azkarate
Ez dakit hala den, Nerea. Nik uste dut oreka bat aurkitu behar dela profesionaltasunaren eta jarduera amateurraren artean. Eta herrietako jaietan bereziki, protagonismoa jarduera amateurrari ematearen aldekoa naiz egia esatea nahi baduzu. Hainbeste aipatu den krisi famatuak zer edo zer ona ekarriko zuen, eta horixe da: denoi balio izan digu hausnarketa bat egiteko eta dauzkagun baliabideak are modu egokiagoan erabiltzeko. Baita udaletxeei ere, noski. Orain urte batzuk gauzak nolabait esatearren beste alaitasun batekin egingo ziren ziur aski, eta kultura ez da salbuespena.
Urretxuko jaiak ate-joka dauzkagu, eta aurten ere ziur naiz, ekimen partehartzaileak izango direla beste behin ere arrakastarik handiena izango dutenak. Kanpotik etortzen diren taldeek ere badute garrantzia, noski, eta egitaraua majo dotoretzen dute, baina benetako indarra herritarron artean elkarlanean antolatzen diren ekintzek dutela uste dut. Bere burua doan eskaintzen duen amateurrarengatik kontratatzen ez duten profesionalaren kontua ere aipatu duzu… Eremu zingiratsua, zinez. Kulturan ere merkatu librea, badakizu. Hemengo enpresa askok beren produkzioa Txinara eramatearen parekoa, konparazio batera.