Xabier Mendiguren Elizegi (Idazlea)
Gerrako kontuei dagokienez, gure artean bitan banatu litezke familiak, eta orain ez nabil irabazleez eta galtzaileez: etxe batzuetan asko hitz egin izan da, pasadizoak eta dramak kontatuz, goseak eta miseriak, harakoak egindakoa eta besteak ezkutaturikoa; beste etxe batzuetan, berriz, txintik ez, edo ezer gutxi. Gure etxea, bigarren sail horretakoa izan da; beraz, gai honetaz dakidana liburuetan ikasi dut gehienbat, ahoz aho baino gehiago.
Horretaz gogoratu naiz, orain gutxi Elixabete Garmendiak atera duen liburua ikusita: 36ko gerra Ormaiztegin. Hau ez da berez historia-liburu klasikoa, datak eta datuak ematen dituena, baizik eta ahozko ondarea jasotzeko proiektu baten partea: adineko sei herritarri egin zitzaien elkarrizketa luze bana, bideoz grabatua, eta hango hitzak dira hemen eskaintzen zaizkigunak, gaika ordenatuta eta bakoitzak esan bezala: batek erdaraz, eta beste bostek herriko euskaraz. Liburu maitagarria Ormaiztegi eta ormaiztegiarrak ezagutzen dituenarentzat, eta gomendagarria gerrako istorioak interesatzen zaizkionarentzat.
Dena dela, ez zen liburu horren propaganda egitea artikulu honen lehen asmoa, edo asmo bakarra behintzat. Pentsatzen jarri naiz zenbat urte pasa behar izan diren gerrako kontuez argi eta zabal hitz egiteko: Franco agintean zegoen bitartean ezinezkoa zen, etxe barruan ez bazen; baina hura 1975ean hil zen, eta geroztik beste 38 pasa dira, hark agintean egin zituenak adina!
Horren isiltasun luzea ulertzeko, noski, ez dago zertan aipatu etxe barruko lotsa, diskrezioa edo euskadunen izaera isila, arrazoi politikoak egon baitira horretarako: Patxi Zaharra lurpean sartu eta gero, frankistek oposizioko alderdi nagusiekin negoziatu zuten nola egin zitekeen trantsizio antzeko bat, zer aldatu zitekeen eta zer ez, eta tratu horren barruan sartu zen, besteak beste, gerran eta gerraostean faxistek egindako izugarrikeriak ez zirela aipatu behar, are gutxiago epaitu, eta ametsetan ere ez zigortu.
Horrek ekarri du, adibidez, 36ko gerran eta gerraondoan zapaldutakoak batez ere sozialistak eta jeltzaleak izan arren (baita anarkistak ere, baina horiek gaur ez dute pisu handirik), partidu horietako kideak mutu egon direla, ezinbestean, eta beste familia politiko batek (ezker abertzaleak) bideratu dituela salaketak eta omenaldiak, hala nola Beasainen, programazio eder baten ondotik altxatu den monumentua egokiena ez den arren.
Isiltasunaren beste arrazoi bat izan da hiltzaileen laguntzaile izandako asko bizirik zeudela artean, eta inor mindu nahi ezta, hobe isilik egotea. Horregatik izan dira askotan gazteak ikerketari ekin diotenak, ez gerra ezagututakoak, ezta haien seme-alabak ere, baizik eta ilobak. Eta gure artean aitzindaritza Antxiñe Mendizabal idazle eta kazetariari aitortu behar zaio, berak idatzi baitzuen, orain dela ia 20 urte, tankera honetako lehendabiziko lanetako bat gure inguruan: II. Errepublika Urretxu eta Zumarragan (1931-1936) gerra zibilaren atarian.