Eskuak gurutzatu, hatzak elkarren artean kiribildu, poltsikoetan sartu, begiak itxi, lurrera begiratu eta begi urduriz entzuleak ikusi. Buruan gordetako trikimailuak atera, hitzentzat joskera dotorea bilatu eta gatzez eta piperrez lotu. Eta, hor doa, bozgorailuetan barna, doinu baten konpainian, entzuleen eta epaileen belarrietara. Goierritik bost bertsolari, dozenaka epaileren aurrean, ehunka bertso botatzeko prest, milaka ikusleren aurrean.
Nerea Elustondok, Iban Urdangarinek, Iñaki Apalategik, Iker Zubeldiak eta Aitor Sarriegik parte hartuko dute Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian. Pasa den astean aurkeztu zuten txapelketa Bilbon, eta aurtengoa «oxigenatua» izango dela azaldu zuen Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakari gabiriarrak aurkezpen egunean.
Oxigenazio horren parte izan liteke Andoni Egañak txapelketan parte hartzeari uko egitea. Halere, bost bertsolari goierritarrek «nahiko argi» ikusi zuten aldaketa horren etorrera, azken Txapelketa Nagusiaren ostean. Aldaketa handirik ere ez dute espero, «gai edo planteamendu berririk izan ezean, behintzat». Sistema beretsuarekin jarraitzea «erosoa» da Apalategiren ustez, baina, «betirako hor gelditzea ere ez dakit ona izango litzatekeen», dio.
Faboritorik aukeratzen ere ez da inor ausartzen, eta are gutxiago bost goierritarren artean: «Behin maila hauetara iritsitakoan edozeinek egin dezake edozer. Egunaren araberakoa izaten da asko; tokatu egin behar da…», dio Urdangarinek. Sarriegi ikusten du ondoen, «txapelketetan ere maila ona ematen badakielako». Duela lau urte finalera iritsi zirenei postua kentzea «ia-ia mirari bat izango litzateke» ataundarrarentzat: «Orduko bostek behintzat finalean kantatuko dutela iruditzen zait».
Bitartean, entseatzen
Txapelketan, batzuek besteek baino lehenago hasi beharko dute bertsotan. Baina, bien bitartean, gehixeago edo gutxixeago, denak ari dira entseatzen. Urdangarin eta Zubeldia Gabiriko Osinalde elkartean aritzen dira, bertako bertsolariek lagunduta, eta Sarriegik oraindik bere txanda urrun xamar ikusten badu ere, bertara joateko asmoa du. Zubeldiaren esanetan, «nahiko ondo» ari dira prestatzen; «gehiegirik ere ez, baina, inoiz baino gehiago bai».
Apalategik, berriz, Oiartzunen (Gipuzkoa) egiten ditu entrenamenduak Jon Martin, Jokin Uranga eta Arkaitz Oiarzabalekin. Kuadrillako lagun batek ere jartzen dizkio gaiak tarteka, Apalategik presta ditzan eta Sarriegirekin ere prestatu izan du beste batzuetan. «Kotxean noala ere aritzen naiz, batez ere aurrez egindakoak nola hobetu pentsatzen eta buruari buelta batzuk ematen».
Elustondo eta Zubeldia izango dira entseatzeko tarte gutxien dutenak, igande honetan –etzi– baitute saioa VIllabona-Amasan. Elustondok Euskal Herriko Txapelketa Nagusian abesten duen bigarren aldia izango da, lehen aldiz duela hamabi urte abestu ostean. «Orain helduagoa naiz, baina, hori ona bezain txarra izan daiteke abesterakoan, gauzak lehen baino gehixeago kuestionatzen ditudalako».
Sarrerak salgai
Sarrerak eguna baino lehen www.bertsosarrerak.eu atarian egongo dira salgai. Txapelketaren jarraipena egiteko , berriz, bertsozale.com eta bertsoa.com helbideak, ETB1eko Hitzetik Hortzera saioa eta sare sozialak izango dituzte eskura jarraitzaileek. Twitterren #btn13 hashtag edo «traola» erabiliko dute.
Igandean hasi eta abenduaren 15ean amaituko den txapelketan lehia «bizi-bizia» espero dute goierritarrek.