Jon Artola
Joan zaigu aurtengo Zinemaldia ere Mikel. Berriz ere hustuko zaizkigu orain zineak eta jendeak ez du pelikula arraro gehiago ikusiko datorren Zinemaldira arte. Panorama tristea hortaz zineklubentzat, ekintza kultural gehienetan bezalaxe, jendeak jaialdi handiak babesten dituen bitartean ekitaldi txikiak jendez husten baitoaz pixkana-pixkanaka. Goierriko zineklubaren kasuan, ostegunetako planak egiterakoan pintxo-potearen konpetentzia gogorra duela ere aipatu behar.
Baina beno, ez nuke hortik bideratu nahi, azken aldian buruan dabilkidana Zinemaldiko sari ezberdinen kontua baita. Dakizunez, orain gutxi arte Donostia Saria bizi guztiko karrera bati ematen zitzaion, gaur egun beraien karreretako gailurrean dauden aktoreei ematen zaien bitartean. Kasualitatez gainera, Espainian beraien azken pelikulak promozionatzen dabiltzanak denak, noski. Publizitate hartu-eman huts bat azken batetan.
Baina Mikel, aldaketa egokia iruditzen al zaizu hori zuri? Ez al du horrek sariaren balioa eta jaialdiaren ospea gutxitzen? Eta putzu sakonagoetan sartuz, ba al du gainera zentzurik zine jaialdi batetan sariketa bat egoteak? Artearen mundua erabat subjetiboa dela jakinda, hots, neurgailu absoluturik ez dagoela, zer saritu eta zer ez?
Eta azkenik Mikel, jendea erakartzeko glamourra ekarri beharko al lukete Goienizera? Eta sariak banatu Jazpanan?
Mikel Alvarez
Galdera asko gaurkoan ezta Artola? Ez dakit nire erantzunek buruan duzun kaka nahaste hori arinduko ote duten, baina saiatuko naiz ahal dudan neurrian erantzuten. Gogoan ditut nik ere Donostiako Zinemaldian bizitza osoko ibilbideak saritzen zituzteneko garaiak, eta zure berdina pentsatu izan dut azken urteetako aldaketaz. Hala ere, izan zen erabaki hartan beste arrazoi bat, eta zuk ere gogoratuko duzu ziur. Bizitza osoko ibilbideak saritzeak, sarituak adinekoak izatea dakar eta urteetan zehar, Zinemaldian saria jasotzen zuena, urte horretan bertan hil zen. Une bat ere iritsi zen, non adineko aktore ezagunek ez zuten jaialdira etorri nahi horrek, urtean zehar munduari agur esango ziotela esan nahi zuelako. Txorakeria hutsak besterik ez dira, baina badakizu nolakoak diren zeluloideko izarrak Artola… Gauzak horrela, eta gafe sona hori urruntzeko edo, saritu gazteagoak ekartzen hasi ziren. Nik dakidala, oraindik ez da sariturik hil urtean bertan.
Hala ere, zurekin ados Hugh Jackman edo Antonio Banderas omentzeak zentzu handirik ez duela esatean, zuk azpimarratu duzun arte horri, ezer gutxi eskaini diotela iruditzen baitzait. Hala ere, ondo jan ahal izateko, kaka ere ongi egin behar da eta zuzendari eta aktore askok, milioika ikusle dituzten film komertzialak egiten dituzte, gutxi batzuk ikusten dituzten film independenteak egin ahal izateko. Norena da errua, beraz, Artola?
Sarien kontua, hobe, hurrengorako utziko dugu burua berotu didazulako. Hurrengo bat eta batean, egurra!