Ion Muñoa
«Gailu hau itzalita edo estaldurarik gabe dago». Horixe entzuten ari nintzen telefonoaren beste aldean, telebistan Irura eta Anoeta artean gertatutako azken bortxaketaren berria ikusten ari nintzen bitartean. (Ez dakit penetrazioa egon zen edo ez, eta ez zait axola, bortxaketa beti baita bortxaketa, eta ez saiakera). Nahigabean, nire buru aldrebesak telefonoaren soinua eta telebistako albistea elkartu zituen: nazkagarri horren gailua ez zegoan ba itzalita! Astar kabroi horrek estaldura ere bilatu dik! Nire artean horiexek esan nituen, eta kezkatuta eta haserre geratu nintzen.
Buruari bueltaka jarraitu nuen. Nola liteke? Zergatik? Eta hain sarri, sarriegi, entzuten ditugun emakumeen aurkako eraso gehiago (bortxaketak eta bestelakoak) etorri zitzaizkidan burura. Nola liteke garai hauetan, inoiz baino hezkuntza eta askatasun gehiago duen belaunaldi gazteak horrelakoak egitea? Gure ondoan. Ondoko herrian. (Ez gara Huelvako herri galduez edo Indiako autobusetako erasoez ari). Eta ez gaitezen engaina: erasotzaileak ez dira marrokiak, latinoak edo kinkiak (bakarrik). Euskal familia zintzo eta jatorretako semeak ere badira. Nola liteke?
Kezkatuta nago gizarte («jendarte» ez erabiltzearen azalpena beste baterako utziko dut) gisara arazo larria dugulako. Eta oso erraza da errua Eliza Katolikoaren urtetako jarrerari, edo egungo sexu askatasun gehiegizkoari edo antzekoei botatzea. Oso erraza lentea eta ardurak besteen gainean jartzea. Baina arazoa guztiona da, gizarte osoarena da. Eta zoritxarrez nik behintzat ez daukat soluziorik. Galdera nagusi bat baino ez: nola liteke? Eta erantzunetarako bidean galdera gehiago: burkaren eta Mujeres, hombres y viceversa ereduaren artean ez ote dago beste ezer?
Eneritz Gorrotxategi
Askotan egin izan diot galdera hori neure buruari: nola liteke? Zer ote zuen buruan eraso egin duen, horrek? Bestearen nahiaren kontra jardutea, bortxaketa da; berdin dio muxu, ukitu, hitz, mehatxu, sarketa edo laztana izan. Behartuta sentiarazi bada, bortxaketa da! Gaztetxoen artean gertatzen diren horrelako jokabideak ezkutatzeko joera edo ohitura dago, «jolasa» izan dela argudiatuz, baina errotik moztu ezean, ondorio larriak ekar ditzake. San ferminetan «grazia» egin dezaketen irudiak «desgrazia» dira tamalez. Gizarteari begiratzeko ditugun betaurrekoen araberakoa da gizarteak daukan arazoa, baina ezinbestekoa da EZ hitzaren esanahia azpimarratzea.
Horrelako ankerkeria bat egiten duenari ezin diot pertsona deitu. Berdin dio kolore, jatorri, abizen edo daukan diru kopuruak. Horrelako bat egiten duenak, ez du hitzik! Gizaki zentzudunak garbi izan behar du batak ezin duela bestea menpeko hartu, emakumearen eskubideak ere errespetatu egin behar dira!
Oroitzapenen kutxan baditut zenbait irudi: oso txikia nintzela, gogoan dut telebistako albistegi bateko irudiei begira geratu nintzela: bortxatzaile bat pankarta aurrean hartu zuten eta herria zeharkatu zuten erasotzailea publikoki salatuz. Ez pentsa atzerriko irudiez ari naizenik ez, Euskal Herriko irudiak baitziren haiek.
Negu Gorriak taldeak «Sexu makina baino gehiago da, emakumea gizakia da! Gauza bakarra buruan badaukazu, panpin puzgarri bat har dezakezu» zioen, esaterako. Eraso sexista gehiagorik ez!