Dantzak, dantzatuko bada, doinu bat behar du, eta doinuaren araberakoa izaten da gehienean dantza. Euskal Herriko Dantza Txapelketan ere bai, hein handi batean behintzat. Igande honetan jokatuko da XXXVI. Euskal Herriko Dantza Txapelketa, eta txapelketa egiten hasi zirenetik ari da dantzarientzat doinu egokienaren bila Joxemari Telleria. Txapelketaren lehen urteetan txistulariek bakarrik jotzen zituzten fandangoa eta arin-arina, baina, 1981etik aurrera trikitilariek ere jotzen dute, txandaka: txistulariek fandangoa eta arin-arina jotzen dituzte, eta trikitilariek trikitixa eta porrusalda.
Telleriaren ustez «berreskuratu behar litzatekeen gauza» da txistulariak fandangoa eta arin-arina jotzea eta trikitilariek trikitixa eta porrusalda jotzearea. «Fandangoak eta trikitixak hiruko erritmoa dute eta arin-arinak eta porrusalda biko erritmokoak dira. Dantza egiteko berdinak dira. Trikitixa fandangoa bezalakoa da, baina, tartean abesteko zati bat ere bazuen, nahiz eta txapelketan ez den inoiz abestu».
Abesteko zatian, dantzariek bueltak eman behar lituzkete, Telleriak azaldu duenez, baina, ez zioten ez dantzariek ez eta epaimahaikoek ere antzik ematen normalean. «Martin trikitilariak beti esaten zien desberdinak zirela eta desberdin egin beharko liratekela, baina, ez zioten kasurik egiten».
1981az geroztik bi aldiz aldatu dira trikitilariak: lehen urteetan Martin eta Iturbe bikotea aritzen zen, gero Martin eta Imanol eta azken urteetan Iparragirre eta San Jose aritzen dira infernuko auspoa eta panderoa jotzen.
Pieza berdina denentzat
Hasierako saioetan hamar fandango eta hamar arin-arin jotzen zituzten txistularien eta trikitilarien artean, zozketa bidez dantzarien ordena erabakita. Baina, bikote batzuk ez zeuden konforme, batzuei besteei baino pieza errazagoak tokatzen zitzaizkielakoan, Telleriak kontatu duenez. Hala, 1986 urtean fandagoen eta arin-arinen lehiaketa egiten hasi ziren, txapelketan jotzeko pieza bakarra aukeratzeko.
Epaimahaikide izan zen, beste batzuen artean Telleria ere. Peter Jose Inazio Ansorenari ere eskaini zioten mahaiko kide izatea, baina, honek, parte hartu nahiago zuela azaldu zion Telleriari, eta halaxe egin zuen. Baina, bere osaba Jose Luis Ansorena eta Lorenzo Ondarra musikari fraide kaputxinoek, esaterako, laguntzen zuten erabakiak hartzerakoan.
Ondarre ere musikari ezaguna zen, eta besteak beste, Espainiako Musika Sari Nazionala ere lortu zituen. Donostiako Udal Txistularietako Kepa de Miguelek ere osatu zuen epaimahaia, eta Segurako Udaleko ordezkari bat ere izaten zen mahaian, urtero.
Aukeratzerakoan «melodikoki polita izatea, armoniaren egokitasuna eta dantzarako egokia zen» begiratzen zuten, batez ere; «izaten ziren, oso doinu atsegina izan arren, dantzarako oso egokiak ez zirenak», dio Telleriak. «Epaimahaia osatzen genuenak ados xamar egoten ginen bata-bestearen erabakiarekin», dio.
Dozena erdi bat lan inguru aurkezten ziren urtero, baina, azken urteetan pare bat bakarrik aurkeztu ziren, eta txapelketa egiteari utzi zioten. Ordutik aurrera, txapelketaren aurretik bezala, Telleriak aukeratu izan ditu abestiak, eta abesti askori armonizazioa ere egin die. Sortu ere egin ditu zenbait pieza, txapelketarako bereziki.
Sekretuan gordetzen da
Aukeratutako pieza sekretuan gordetzen da, oraindik ere, txapelketako egunera arte, eta txapelketa hasi aurretik, frontoiko aldageletan egiten duten entseguan entzuten dute lehen aldiz dantzariek, Reflex usainez inguratuta, kirioak aidean dituztela.
Horregatik, «jotako pieza berria, ezezaguna edo behintzat gutxi entzundakoa» izan dadin ahalegintzen da Telleria: «Paper zaharren artean aurkitutako fandangoak oso egokiak izaten dira, ia denak dantzarako eginak zirelako».
Telleriak sortu dituen piezen artean daude txapelketaren hasieran erabili zuen bere semearen izena eman zion Andoitz fandangoa (nahiz eta abesti hau bere semea jaio zenetik, 1970etik, sortuta eduki), 1985 fandangoa eta arin-arina, dantza txapelketaren XXV. urteurrenerako sortutako beste semearen izena daraman Aitzol fandangoa eta 2011n bere lehen bilobari eskainitako Madd-i abestia.
Aurtengo fandango ere Telleriak berak sortutako pieza berri bat izango da, aurten jaio diren bere biloba bikietako bati, Bidatzi, eskainia. Musikariak aurreratu duenez, «geldialdi berezi bat du abestiak bukaera aldera, eta agian polemika pixka bat sortuko du, baina, erritmoa jarraitzen du», dio. Ez du gehiago kontatzerik.
Ixilkara
Txapelketari doinua jartzen, txapelketak berak adina urte daramatza Telleriak, zita honetarako espreski sortu eta Ixilkara izena eman zion taldearekin batera. Txapelketaren hasieran Telleriak berak, Idiazabalgo Naxario Telleriak eta Ordiziako Joxe Manuel Bergarak eta Xabier Lekuonak osatzen zuten taldea. Telleriak lehenengo txistua jotzen zuen, Bergarak bigarrena, silbotea Naxariok eta atabala Lekuonak.
Laukote horretako kideak, ordea, aldatzen joan dira urteetan zehar. Baina, Joxemari Telleriak eta Naxari Telleriak jotzen jarraitzen dute urtero-urtero, gaixo tokatu ez diren urte bakanetan izan ezik.
Bihar 18:00etan
Bihar, beraz, Joxemari Telleriaren estudiotik atera berri-berria den Bidatz fandangoa entzuteko aukera izango da, lehen aldiz, Segurako Baratze pilotalekuan Ixilkara txistu taldearen eskutik; 18:00etan hasiko da Euskal Herriko Txapelketa.