2012. urtean Iparraldeko Eusko Ikaskuntzaren gonbita jaso zuen Goimenek(Goierriko landa garapenareko erakundea), elkarren arteko harremana sendotu eta elkarlanean aritzeko. Nekazaritzaren eta landa garapenaren arloan «zer ikasia eta zer erakutsia» badagoela ikusita, gonbita onartu eta Euskadi-Akitania programaren barruan, Lurra eta Hiria proiektua sortu dute Goimenek, Iparraldeko Eusko Ikaskuntzak, Euskal Herriko Laborarien Ganbarak eta Bizi On Slow Food elkarteak.
Diru laguntza jaso du proiektuak: «Aitzakia polita da batak bestearen berri izan eta elkar gehiago ezagutzeko. Guk esku artean dugun ezagutza zabaldu eta ditugun azpiegiturak eskaini genizkien», dio Manex Aranburu, Goimeneko teknikariak. «Elkarrekin komuneko puntu asko ditugu gainera: kultura, identitatea… Antzeko errealitatea bizi dugu; lotura asko ditugu». Harreman horretatik sortu zen Lurra eta Hiria proiektua. Dagoeneko hainbat jardunaldi egin dituzte Baionan (Lapurdi) eta Barkoxen (Zuberoa). Goimenek «hitzaldietan parte aktiboa» izan duela dio Aranburuk. «Bertako produktuak gizarteratzea, merkaturaketa bide berriak irekitzea… jorratu ditugu». Ordiziako azokaren 500. urteurrenaren harira sortutako telefono aplikazio berria, Kixkurre marka, Goizane eta Bertatik Bertara proiektuak dira, besteak beste, Goimenek elkarbanatu dituen proiektuak. Elkarlan horretatik, Kixkurgunetik Goierriko produktuak Parisko azoka batera eraman zituzten eta oso harrera ona izan zutela gogoratu dute.
Aspalditik lanean
Aranburuk adierazi duenez, oso aberatsa izan da hartu-emana. «30 bat urteko ibilbidea dute dagoeneko. Identitatea barneratuago daukate, adibidez». Horretaz gain, «oso ondo daude antolatuta. Idoki, ogiaren prozesu osoa…. Urrats txikiak eginez, etenik gabeko ibilbidea egin dute eta frutuak ikusten ari dira». Elkarlanaren bidean eskarmentu handiagoa daukatela dio Aranburuk.
«Hastapenak gogorrak izaten dira baina merezi du. Sinetsi egin behar dugu. Nekazaritzak gizarte eragin handia du, uste duguna baino gehiago, eta onurazkoa orain artean, elkarrizketa zuzenagoa beharko genuke herritar eta nekazarien artean. Azoketan eman ohi zena Garai batean beste eszenategi batera pasa behar da». Elkarlan horretan Iparraldeko eta Hegoaldeko nekazarien artean urrats eraginkorrak egin daitezkeela uste dute Goimenen. «Eskualde mailan garatzen ditugun hainbat proiektuk ez dauka eskualdeko mugarik. Egiten dugun lana nekazaritzaren eta landa garapenaren onurarako da». Euskal Herriko produktuak elkartuko eta bilduko dituen marka propio bat saltzeaz hitz egin dute. «Marka bakar bat erabiltzeko aukeraz eztabaidatu dugu». Iparraldean erabiltzen duten Eusko txanpona ere esperientzia interesgarria iruditu zaie.
Miarritzera txangoa
Goimenetik harago, Goierriko hainbat alkate, teknikari eta ikastetxe ere ari dira Iparraldeko eragileekin harremanetan. Joan zen urriaren 18an, adibidez, Beasaingo Andramendi Ikastolako hainbat ikasle eta irakasle Miarritzera (Lapurdi) joan ziren Euskal Herriko Laborarien Ganbarak antolatutako Lurrama azokara.