Itxaro Mendizabal Amundarain (Ttiklik elkargunea)
Haurrak txiki- txikitatik hasten dira beraien gurasoek edo zaintzaileek dituzten jateko ohiturak barneratzen. Honek dakartzan inplikazioak ulertzeko gai izan gabe ere. Gai garrantzitsua da, haurtzaroan barneratzen baitira komunitateak dituen jateko ohiturak. Hau honela izanda, hainbat janarietarako gustua edo errefusa familia testuingurutik datorrela garbi dago. Kasu askotan helduen jokaera presio, xantaia, manipulazio, konparaketa, sari edo zigorretan oinarrituta egongo da. Haurrak hobeto elikatuko dira atmosfera emozional positiboetan. Elikagai batzuk mugatzeak, beraienganako desioa handituko du eta jatera bultzatuz berriz, beraienganako interesa gutxitu.
Gai honekin jarraituz, badaude hainbat datu gurasoek edo hezitzaileek gure haurrak «berezko autoregulazio seinale»-etatik harago jatera behartzen ditugula esaten dutenak, hau da, beraien beharretatik harago.
Just three more bites (Hiru gehiago eta nahiko) izeneko ikerketa baten bidez jakin izan dugu (2007), maila sozioekonomiko desberdinetako 142 familiatik %85ek beraien umeek gehiago jan zezaten ahalegina egin zutela. Hemendik %38ak behar baino edo bakarrik egonda jango lukeena baino gehiago jan zuela ondorioztatu zen. Eta orokorrean %83k beraien gosearen gainetik jan zutela. Datu kezkagarriak dira, haur gizentasun tasak kontutan izanda.
Hilabete bateko haurtxo batek, hartzen dituen kaloria guztietatik %25a erabiltzen du hazteko; normala da, urte betean duen pisua hirukoiztuko baitu. Baina haur honek urte bete duenean, kalorien %3a bakarrik erabiliko du horretarako. %3a nahikoa izango du bere hazkundea motelagoa baita hemendik aurrera eta, beraz, posible da bere jateko gogoa ere txikitzea. Honek gurasoak eta zaintzaileak galduta sentitzera eramaten ditu. Ehuneko hori (%3), pubertaroan bakarrik haziko da (%1) eta garai hori pasatakoan berriro jaitsiko da.
Haur askok 18-24 hilabete aldera janariarekiko exijentzia maila handitzen dute. Une horretan EUFICek (European Food Information Council) dioen bezala «borroka luze bat» hasi ohi da zaintzaile askorentzako. Frutak jaten zituzten haurrak, elikagai horiek errefusatzen hasiko dira, adibidez. Beste batzuk «neofobia» (elikagai berriak errefusatzea) garatuko dute. Azken hau bereziki estresagarria den egoera izaten da, zaintzaileek modu batera edo bestera haurra dieta osasuntsu bat eramatera bultzatu nahi dutelako. Askotan, intentzioa ona izan arren, bidea ez da izaten egokiena.
Normalean ematen diren jokaerak: haurrari jan dezan errepikatzea eta haurrei elikagai mota batzuetarako bidea moztea.
Jokaera horiek, ordea, nahi ez diren emaitza batzuk ekar ditzakete:gain-elikadura, nazka eta debekatutako elikagaietarako gehiegizko interesa.
Proposamena, beraz, haurrak hartzen dituzten kaloriak «auto-erregulatzen» uztea da; batez ere fruta eta barazkiak emanez. Indarra erabiltzea ekiditea, eta haurrek goserik ez badute platera bukatu gabe uztea posible izatea. Haurrek ez dute beti kantitate berdina jaten, beraz posible da egun batetik bestera beraien gosea aldatzea.
Hainbat aholku: jateko garaia atsegina egin; haurrak jaten ez badu, ez dadila gaizki sentitu; haurra osasuntsu diren elikagaien aurrean jarri (frutak eta barazkiak, adibidez); ez eman amore; ez mugatu elikagai batzuetarako bidea; ez behartu ezer jatera; neofobia erabat normala da, eta ez erabili energia askoko janariak sari gisa eta berdura edo frutak zigor bezala.