Forma, kolorea, orriak, eraztunik duen, usaina, zaporea… Hamaika dira perretxikoak eta onddoak jaso eta sutara bota aurretik kontuan hartu beharreko ezaugarriak. Basoan, edozein lekutan ere ez dira ateratzen. Inguruak badu garrantzia; iparrera begira dagoen, hegora… Edonola ere, sekretuan gorde beharreko datuak dira horiek, altxorra norberarentzat gorde nahi bada behintzat.
Azken aldian moda modan dagoen zaletasuna da perretxikoetara joatea. Udaberrian ere zer jasoa izaten den arren, udazkena izaten da garirik oparoena. Onddo ederrak eta gibelurdin bikainak bilatzearena, ordea, artea bilakatu dela esatea ez da gehiegizkoa izango. Abilezia eta trebetasun guztiak jarri behar dira martxan; are gehiago, aurten bezala, aleak urriak badira.
Udaberriko euri emana ikusita kontrakoa bazirudien ere, aurtengo iraila ez da batere ona izan perretxikozaleentzat. Izan dira nahikoa ale jaso dutenak, baina gutxi, beste urte batzuekin alderatuta. Urria ere bide beretik hasi zen, baina, badirudi zertxobait gehiago agertu dela ordutik. Basoak onddoz edo gibelurdinez beteko badira giro eurisua eta humela behar da. Euria egin duenean, ordea, hotza ere egin du.
Badira oraindik etorriko direla diotenak, garaia amaitzen ari den arren. Zerura begiratzen dutenek ilargialdi bat geratzen dela diote.
Mendian ez bada, azokan
Azoketan badute hemengo basoetako egoeraren berri. Izan ere, perretxiku gosez denak eta mendian alerik biltzerik izan ez duenak, bertara jo dezake erostera. Eta bertakorik ez badago Espainiatik zein Frantziatik ekarritakoekin konformatu eta poltsikoa astindu behar.
Zamoratik, Soriatik nahiz Errioxatik ekartzen ditu ziza eta onddo aleak Mikel Lasa hernaniarrak. Asteazkenero, hutsik egin gabe, Ordiziako azokan izaten da Lasa. Azken asteetan jende ugari gerturatzen da bere mahaira. «Udazkena iritsita, perretxikuak jateko gogoz dago jendea. Gainera, askok neurri handitan erosi eta kontserbak egiten dituzte», dio Lasak.
Zaldibiako Kalbariota baserriko Kontxi Arizagak ere edukitzen ditu onddo eta zizak Ordiziako azokako bere postuan. Bai, inguruko basoetan daudenean behintzat. Ez da aurtengo kasua, bere mahaien ez dago perretxikorik. «Nola edukiko ditut ba egiten ari den eguraldiarekin? Giro epela eta humela behar dugu, aurtengoa oso txarra izaten ari da», dio berak. Hemendik aurrera ere, inguruko basoetan bertako onddoak «nekez» izango direla uste du Arizagak.