Orain bezala, aurrez ere izan ziren krisialdi ekonomikoak, eta hamalau urtetatik lanean zebilen Antonio Jaritek (Urretxu, 1958) zapatari ofizioa ikasi zuen Antzuolan (Gipuzkoa), aurrez zuen lana galdu zuenean. Urretxun ireki zuen lehen denda, bere lagun batekin, eta duela 28 urte Beasainera lekualdatu zen, dendari emaztearen izena jarriz: Loren.
Zapatak eta poltsak konpontzen ditu gehienbat urretxuarrak. «Konpontzen ditudan zapaten %75a emakumeena da, normalean takoi finagoa izaten dutelako eta azkarrago gastatzen direlako», dio Jaritek. Zapatak josi, tapa berriak jarri, zola aldatu… Ia-ia denetik egiten du zapatekin.
Denetik aurkitu du
Ofizioan daramatzan 28 urteetan denetik aurkitu du zapaten barruan: kuleroak, pantyak, tangak… Eta enkargatutako lanak, konpon zitezkeenak behintzat, ahalik eta txukunen egiten saiatu da beti. Gainera, «konpontzerik merezi ez zuela ikusiz gero ere, argi esan izan diet beti bezeroei», dio.
Krisialdiak eragin diola badio ere, geroz eta zapatari gutxiago daudenez eta inguruko herri guztietako bezeroak etortzen zaizkionez, ez dabil hain gaizki. Orain, jendeak zapatak «erabat izorratuta daudenean» eramaten dizkiotela dio, «lehen, izorratzen hasten zirenean» eramaten zizkiotenean.
Lan guztietan bezala, honetan ere bada hanka sartzeko aukera. Jaritek nahi gabe zerbait izorratu duenetan bezeroei berria erosteko esaten die eta berak ordaintzen ditu.
Zapata mota bat gomendatzekotan, onenak «sokekin lotzen direnak eta zabal xamarrak direnak» izaten direla dio; takoiari dagokionean, «gehienez lau zentimetrokoa».