Zumarraga. Santu Guztien eguna. 06:00ak. Gau itxia. Kalean apenas dabil inor. Pintxo-pote luzea egin dutenak bakarrik. Autoak ere, gutxi. Ia denak 4×4 ibilgailuak dira. Hauek ere hara joango dira… Otzaurteko bentako Jon Oiarbidek goiz joateko esan du, egunak argitzerako ehiztariak euren postuetan egoten baitira. «06:30ak aldera taberna lepo egoten da. Hori da ordurik onena».
Hala da. Otzaurte autoz gainezka dago eta bertako benta ehiztariz mukuru. Koadernoa besapean duena arraro begiratzen dute. Argi dago ez dela euretako bat. Mintzagai bakarra, eguna nola ote datorren.
Ehiztariek ez dute kazetariarekin hitz egiteko gogo handirik: kafesnea korrika eta presaka hartu eta lagunak heldu bezain laster, postura. Euken Galdos zegamarra da errukitzen lehena. Azken finean, kazetaria ere ehiztaria da: koadernoa, boligrafoa eta grabagailua armatzat dituen ehiztaria.
Galdos umetatik da zalea. «Aitak zaletu ninduen. Tiro egiten 15 bat urterekin hasi nintzen, baina 8 urterekin jada aitarekin joaten nintzen mendira. Berak botatako usoak hartzen nituen. Aitak 18 urte bete nituenean oparitu zidan eskopeta erabiltzen dut oraindik».
Pasioz hitz egiten du ehizaz. Zer du horren erakargarria zaletasun honek? «Usoak ikustean adrenalinak gora egiten du. Zaletasun polita da. Nahiz eta usoak ez ehizatu, pase bat ikustea zoragarria da».
Beste asko ere iritzi berekoak dira. «Inguru honetara milaka lagun etortzen dira ehizara. Izan ere, postu asko daude, eta Otzaurtek N-1 errepidea ematen du 06:30ak inguruan. Zegaman, festak pasa ondoren, luma asuntoa da gai nagusia: usoak, oilagorrak…».
Otzaurten ez da emakumerik ikusten. Eurek zer ote diote? «Ez dute ehizaz gehiegi hitz egiten. Badakite hilabete eta erdi ehizan emango dugula. Eguraldi txarra eginez gero, edozein tokitara joaten gara emaztearekin, baina ona tokatuz gero, ehizara». Solasaldia ustekabean moztu du. Lagunak heldu dira eta alde egin beharra du.
Ander Otaegi, Jon Agirre eta Joseba de la Hera gazteek ez dute horrenbeste presa. Euren adinekoen artean ere zaletasun handia dagoela diote.
Gehienak umetan hasten dira mendira joaten, baina 14 urte bete arte ezin dute tirorik egin. Eta 18 urte bete arte, heldu batekin joan behar dira.
Ehizak erakargarria izaten jarraitzen du Goierriko gazte askorentzat, nahiz eta garai batean baino uso gutxiago pasatzen den. «Behin, ehiztari batek 82 uso bota zituen egun bakar batean, baina, egun, hori ezinezkoa da, kostaldetik pasatzen baitira, geroz eta gehiago. Beharbada, hemen egur asko ematen zaielako».
Hala ere, ez dute pentsatu kostaldera ehizara joatea. «06:30ean joan behar duzu zozketara eta, tokatzen ez bazaizu, etxera itzuli behar duzu».
Ez da zaletasun merkea. Partzoneriako bizilagunek 60 euroren truke hiru ehiza egun dituzte. Gainontzeko postuen zozketan parte hartzeko, berriz, sei euro ordaindu behar da. Tokatzen ez zaionari, erdia itzultzen diote. Gipuzkoa guztiko jendea etortzen da Otzaurtera. Baita nafarrak ere.
Beteranoaren iritzia
Fermin Mazkiaran beteranoa gazteek diotena entzuten ari da, adi-adi. Gazteek, bentan, beteranoen artean, asko ikasten dela diote. Mazkiaran laguna dute eta aholkuak ematen dizkie. Bai berak eta bai gazteek Zegaman ehizatzen dute beti, baina Argentinara joan direnak ezagutzen dituzte. 6.000 euro ordaindu behar da horretarako. Mazkiaran hara joatera gonbidatu zuten, baina ez zen joan. «Ez zait gustatzen ehiza mota hori. Txoriak botatzea errazegia da eta, gainera, gero ezin dira etxera ekarri». Usoak botatzeaz gain, lagun asko egin ditu urte hauetan guztietan. Otzaurten denek agurtzen dute postuetara joan aurretik.
Pixkanaka, benta hustu egin da. Hurrengo geltokia, Beunde: postuetako argazkiak ezinbestekoak dira erreportajerako.
Argazki txukunak lortzeko, gainera, postura igo behar. Ez da broma. Bertigoa eta ehiza ez dira bateragarriak. Hori da eskailera pila… Ulma enpresaren pegatinak ikusteak, lasaitasun apur bat ematen du.
Goran, berriketa gutxi: adi egon behar da usoek ihes egin ez dezaten. Argazki batzuk atera eta aparkalekura. Bertan, ehizari buruzko erreportaje batean falta ezin den pertsonaia: basozaina. Mikel Olano du izena eta altzotarra da. Ehiztariek aurten iaz baino harrapari gehiago bota dituztela eta askok postu ingurua zikinkeriaz beteta uzten dutela dio. «Ehiztarien artean denetik dago, baina ehiztari elkarteek eurek salatu beharko lituzkete gaizki jokatzen dutenak».
Basozain lana ez da erraza. «Serio jarri beharra dugu, adarra jotzea nahi ez badugu. Salaketek bakarrik funtzionatzen dute eta horrek haserreak sortzen ditu; baina gu natura zaintzeko gaude», dio ehiztari txarren ehiztariak.