Irriargi elkartea (Bizimodu konszientego baten aldeko taldea)
Zergatik eman bularra gure umetxoari? Zergatik ez biberoia? Noiz arte eman bularra soilik? Noiz gomendatzen da amagandiko edoskitzeari amaiera ematea? Mila galdera izaten ditugu buruan bueltaka eta erantzunak aurkitzen lana. Guk ditugun ideiak, familian esaten digutena, pediatren erantzunak edo kalean entzuten dena, sarri ez da argigarri izaten zalantza hauek usatzeko.
Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) aholkua, lehenengo sei hilabeteetan haurrari bakarrik amagandiko edoskitzea ematea da. Hortik aurrera, elikadura osagarria gehitzea aholkatzen du, osagarri modura; hau da, lehenengo bularra eta gero gainerakoa, pixkanaka. Urtebetera arte, amaren esneak elikadura nagusia izaten jarraitzen du. Gutxienez haurrak bi urte edo gehiago izan arte bularra ematen jarraitzea ere aholkatzen du.
Gomendioak horiek izan arren, hemen eszedentzia eskatu ezean haurrak lau hilabete dituenean amak lanera bueltatu behar izaten du. Hau da beraz, oztopo handienetako bat eta datuek horrela erakusten dute: Estatistikako Institutu Nazionalaren arabera, umea jaio eta sei astera arte %66-k amagandiko edoskitzea besterik ez du jasotzen, hiru hilabetera portzentajea %53ra jaisten da eta sei hilabetera %28ra.
Bestalde, emakume batzuk hasieran beren seme-alabei bularra ematea erabaki arren, azkenean asmo hori bertan behera uzten dute batez ere heredatutako mitoengatik eta ez hainbeste hori oztopatzen duten arrazoi errealengatik. Ahoz- aho zabaltzen diren oinarririk gabeko mitoek, ez diote amagandiko edoskitzeari inongo mesederik egiten. Agian zuk ere, noizbait entzungo zenituen zoritxarrez oso zabalduta dauden mito desberdinak. Hauek dira batzuk:
- Nire bularra txikia denez, ez dut nahikoa esne izango.
Gezurra. Esnea izatea edo ez izateak ez du zerikusirik bularraren tamainarekin. Bularrak umeak behar duen adina esne sortzen du.
- Titiburuak zapalak edo alderantzikatuak izatean edoskitzea ia ezinezkoa izaten da.
Gezurra. Titiburuek gehienetan aldaketak izaten dituzte haurdunaldi bukaeran edo edoskitze garaian. Gainera, haurrek edoskitze garaian ez dute titiburua bakarrik erabiltzen, bularraren zati handi bat erabil dezakete, areola osoa barne, beraren tamainaren arabera.
- Uste dut nire esnea urtsua delako ez duela elikatzen.
Gezurra. Ama guztien esneak elikatzen du. Haurtxoak behar duen guztietan eman behar zaio.
- Hiru ordutik behin eman behar da esnea, «berriz kargatzeko» denbora emateko.
Gezurra. Esnearen ekoizpena eta fluxua egokia izateko, umeari esnea berak eskatzen duen guztietan eman behar zaio, egunez nahiz gauez.
- Edoskialdiak ohikoak baino sarriago izaten hasten dira, beharbada nire haurtxoa goseak geratzen da.
Gezurra.Batzuetan gehiago jan nahiko dute eta beste batzuetan egarriak egongo dira eta bularra zertxobait gehiago hartu behar du. Hazkuntza broteengatik ere izan daiteke. Haurtxoek esne gehiago eska dezakete amak orain duen esne kopurua handitu dezan.
- Hilerokoa dut berriz ere, amagandiko edoskitzearen amaiera
Gezurra. Esnearen ekoizpena mantendu egiten da bularren estimulazioa eta hustuketa dagoen bitartean, umeak eta amak nahi duten arte.
- Hotzeria, gripea, infekzioa izatea edo botikak hartzea ez da edoskitzearekin bateragarria.
Gezurra. Ez da bularra emateari utzi behar, esnearen bidez, haurtxoari infekziotik babesten duen defentsak transferitzen dizkiogu eta. Ia botika guztiak dira edoskitzearekin bateragarriak; kontsultak www.e-lactancia.org helbidean egin daitezke.
- Haurdun geratu naiz, haurtxoari titia kendu behar diot.
Gezurra. Haurtxoak nahi izanez gero, haurdunaldi osoan bularra eman dakioke arrisku handiko haurdunaldia ez den bitartean. Haurtxo berria jaiotakoan, bularra tandem-en eman daiteke.
- Formula esnea ia-ia amaren esnearen berdina da.
Gezurra. Amaren esneak haurtxoak behar dituen elikagai guztiak ditu, eta formula esnea aukera ona da osasun arazoak edo eragozpen fisikoengatik haurtxoari bularra eman ezin dioten emakumeentzat, baina ez da erabat elikagai naturalaren ordezkoa.
- Normala da edoskitzeak mina eragitea.
Gezurra. Arina bada ere mina izatea ez da normala, Titiburuetan mina izaten bada eta hobetzen ez bada, mina nondik eta zergatik datorren aztertu behar da.