Liburu bereziak partekatu eta horiek ikusi, ukitu eta dastatuz, gozamenerako tartetxo bat bizitzen dute, giro lasaiean. Hiru eta bost urte bitarteko haurrak eta helduak, denak elkarrekin, irakurketaz gozatzeko elkartzen dira hilean behin Ordiziako liburutegian. Galtzagorri Elkartearen Bularretik Mintzora egitasmoaren baitan sortu dituzte etxeko txikiak eta helduak biltzen dituzten irakurketa klubak. Helburu nagusia plazerraren bitartez irakurzaletasuna bultzatzea da.
Ipuinen ozeneko irakurketak egiten dituzte, kontaketak ere bai, olerkitxoak eta poesiak ikasten dituzte, ipuinekin jolastu, album ilustratuak ikusi, ahokorapilo eta igarkizunetarako tarteak ere aurkitzen dituzte.
Ordiziako irakurketa taldearekin, ipuinez ipuin egiten duten bidaia horien gidari lanetan dabil Miren Guillo (Elgoibar, 1983). Pedagogoa eta antropologoa da ikasketaz eta lanbidez. Hala ere, betidanik gozatu eta bidaiatu izan du berak ipuinekin. «Aitak nahiko heldua nintzen arte kontatu izan zizkidan ipuinak gauetan», dio. Galtzagorrin hainbat urte daramatza, tartean irakurketa kluben dinamizazio lanetan. «Gustura egoten naiz haur eta heldu artean liburuez gozatzen; hunkitzen, barre egiten eta elkarrekin bidaiatzen», aitortzen du.
Gozatu eta taldeko kideak goza dezaten da Guilloren egitekoa. Garrantzitsua da, bere ustez, giro lasaia sortu eta tarte atsegina pasatzea, bai helduek eta baita umeek ere hori. «Hori da irakurzaletasuna pizteko gakoa», Guilloren hitzetan.
Hogeiren bat lagun elkartu ziren urrian Ordizian egin zen lehen saioan; bihar izango da bigarrena. Hamabi bikote daude, hirukoa kasuren batean. Baina beti haurrek heldu batez lagunduta joan behar dute. «Hasieran agian arraro egiten zaie helduei eurak ere parte hartzea, baina hau ez da soilik haurrei zuendutako zerbait, hau bien artekoa da», azaldu du. Asmoa da helduak irakurzaletasunaren transmision inplikatzea.
Kontaketak egitea baino, Guillok liburuak aurkezten dizkiete. Poesia bat irakurriz, pertsonaia aurkeztuz… kontaketa edo ipuinetarako bidea irekitzen du. «Bidaia bat balitz bezala ipuintxoak eta kontutxoak ezagutzen joaten gara», dio.
Liburutegian bertakoak
Kalitatezko bibliografia lantzen dute saioetan, hainbat irizpideren arabera hautatutakoak. Hainbat estilotako liburuak aurkezten ditu gidariak: «pertsona guztiak ezberdinak garelako eta gustuak ere halaxe». Gehienak euskaraz eta liburutegian bertan topa litezkeen liburuak izaten dira, gero partaideek eskuragarri izan ditzaten. Horrez gain, liburu berezi eta fantastikoak ere eramaten ditu Guillok, pop-up bereziak, hainbat ilustrazio album… Aukeratzen dituen kontakizunak politak, bereziak, balioak lantzen dituztenak, abenturazkoak, dibertigarriak, emozio zehatzei buruzkoak, bitxiak, jolastekoak eta ukitzekoak, klasikoak nahiz abestekoak izaten dira.
Hori guztia giro goxo eta lasaiean egiten dute. Guillok dioenez «istorioetan barneratzen gara, emozionatzen gara, barre egiten dugu, entzuten dugu eta erlaxatu egiten gara». Gurasoak ere animatzen eta inplikatzen joaten direla dio, saioak aurrera joan ahala. Beraiek ere haur literatura asko ezagutzen dutela dio Guillok eta askotan helduek eurek eramaten dituzte ipuinak klubera. Azkenean, denen gustuko ipuinak aurkitzen dituzte, mundu berrietarako bideak irekitzen dituzte.