SOS Arrazakeriak iaz antolatu zuen leheno aldiz Gipuzkoan Bizilagunak, aldameneko familia egitasmoa, eta 60 familiak beste horrenbeste familiari beren etxeetako ateak ireki zizkieten. Bikoteak bertakoen eta etorkinen artean osatu zituzten, eta horietako batzuk familia goierritarrak izan ziren. Etzi, bertakoak eta etorkinak hurbiltzeko helburua duen ekintza errepikatu egingo dute. Anaitze Agirre SOS Arrazakeriako kidearen hitzetan «estereotipoak eta aurreiritziak apurtzeko bide bat da» egitasmoa, «aurrean duguna kategoria bat baino, pertsona dela jabetzeko».
Bertakoen artean jarrera positiboa dutenak egon badaudela azpimarratu du Agirrek, baina «ondoan bizi garen arren ez gara elkarrekin bizi», gehitu du. Egitasmo honekin «jarrera hori dutenei etorkinak gertutik ezagutzeko aukera» eman nahi zaie. Bertakoei jarrera positiboa eta jakin-mina eskatzen diete, «asko baita bizpahiru ordu mahai beraren bueltan egoteko». Besteak beste, jarrera positiboa duen jende hori aktibatzeko tresna izan nahi du egitasmo honek.
Helburua ez da betirako iraungo duten harreman egonkorrak sortzea, leihoak irekitzea baizik. Leiho horien bitartez, «aurreiritziak auzitan jartzeko aukerak sortzea eta etorkinen zein bertakoen arteko harremanak eratzeko espazioak eraikitzea da helburua».
Integrazioaren inguruan ere aurreiritziak daudela dio Agirrek: «Etorkinek gure gizartean ez dutela integratu nahi esan ohi da, baina hori erraz esaten den zerbait dela uste dugu. Etorkinek diotenez, bertakoekin harremanak izatea ona eta lagungarria da. Askotan bakarrik iristen dira, eta hartu emanak sortzea ez da erraza. Bizilagunak, aldameneko familia bezalako egitasmoek laguntzen dietela esan digute».
Nikaragua-Beasain
Zehazki, bertakoen aurreiritziak jarri nahi dituzte auzitan, etorkinenak baino gehiago: «Bertakoen esku daude jokoaren arauak, eta, hori dela eta, gure jarrerak aldatu behar ditugula uste dugu». Bide batez, estereotipoak zer diren azaldu du, eta esan duenez, «ez dira negatiboak, baina guztion baitan daude. Zerbait ezagutzen ez duzunean lau ideia erabiltzen dituzu ulertu ahal izateko. Arazoa beti lau ideia horiekin aritzen garenean sortzen da, jarrera diskriminatzaileak agertzen direlako». Etziko bazkariak Gipuzkoan, Bizkain eta Araban egingo dituzte aurten, eta SOS Arrazakeriaren arabera 160 familiatik gora izango dira parte hartuko dutenak.
Jose Maria Alfaro izan zen iaz egitasmoan parte hartu zuenetako bat. Beasaingo familia batekin bazkaldu zuen Ezkiaga auzoan. Alfaro Nikaraguako iparraldean jaio zen, eta zortzi urte egin ditu jada Beasainen. Bategite elkarteko –Goierriko etorkinen elkartea– kidea da eta elkartearen bidez izan zuen egitasmoaren berri.
Alfaro gazte-gaztetan atera zen Nikaraguatik, lehenengo Costa Ricara eta jarraian Ameriketako Estatu Batuetara joateko. Hirugarren jomuga Beasain izan zen eta dioenez, herria uzteko asmorik ez du. Etorkin gisa eskarmentua dauka, eta bere ustez «etorkinak bertakoekin harremanetan jartzeko bideak aurkitu behar ditu». Ez du Beasainen berarekiko diskriminazio zantzurik sentitu, eta esan duenez «oso ezaguna» da. Horregatik, «harremanak sortzea ez da zaila izan» bererarentzat, baina aitortzen du «izaeraren arabera, batzuentzat zailagoa izan daitekeela».
Iazko bazkarian ezagutu zuen familiarekin harremana dauka. «Munduan, oro har, etorkinak zenbatzen hasiz gero, bertakoak bezainbeste izan daitezke». Edozein modutan, etorkin izan edo ez, berak beste era batera banatzen du mundua: «Jende zintzoa dago eta jende okerra dago».
Beasain-Nepal
Xabier Landa ere beasaindarra da. Iaz egitasmoan parte hartu zuen bere familiarekin batera eta Ordizian bizi den Nepalgo jatorria duen familia baten etxean bazkaldu zuten. Foru Aldundiak bultzatutako Izeba programan ere parte hartzen dute eta haren bidez izan zuten egitasmo honen berri. «Izeba programarekin zerikusia zuela pentsatu genuen, eta izena eman genuen», dio Landak.
Etorkinak ezagutzeko aukera gutxi dagoela azpimarratu du, eta hala haiengana «hurbiltzeko aitzakia gisa» ikusi zuten programa. Jakin-minak bultzatuta baiezkoa eman zuten, eta egitasmoa «egiteko erraza» izan zela dio; «polita izan zen».
Nepalgo familiak bi ume ditu, eta beraiek hiru. Hasieran haurrak lotsatuta egon ziren arren, «elkarrekin jolasean aritu ziren ondoren». Umeek euskaraz eta gurasoek gaztelaniaz hitz egin zuten elkarren artean. Nepalgo jakiak dastatu zituzten eta «bestearekiko beldurrak kentzeko aukera» izan zuten. Baina «bazkari bakarrarekin harreman bat eraikitzea zaila da» Landaren ustez. Aurten beste familia batekin elkartzeko izena eman dute.