Jon Plazaola
Zer diok, Arif Ergel? Asteburuan Erreinuko kapitalean ibili nauk… (eta ez nauk Iruñaz ari) eta bost zentzumenak ondo zorroztuta etorri nauk handik. Bai, bai. Espainiako hiriburuak, Madrilek, zentzu guztiak aktibatu dizkit. Turistentzako atrakzio erakargarri diren «circuito sensitivo» erraldoia bihurtuta dago Madrilgo zentroa. Izkina denetan IKUSTEN dira uniforme zuriak hiriko etorbide nagusiak betetzen. Euri edo harri, jendeari beren eskubideak urratuak izaten ari direla ikustarazten. ENTZUN ere entzuten da, espainiar guztien presidenteak etorkizuneko artaldekideak nazioaren subiranotasuna eta batasuna ahotan hartuta nola jartzen dituen lerdea dariela.
Krisi honek eragindako klaseen arteko banaketa geroz eta nabarmenagoek eragindako etxegabetzeek uzten duten ZAPORE mingotsa dastapapilatan. UKITZEKOTAN nahiago ezer ez ukitu, krimen eskenatokietan gertatzen den bezela, zerbait leporatuko digute bestela eta. Halare, bost zentzumenetan gehien zorroztu zaidana USAIMENA izan da.
Madrilek egunotan izan duen zabor kiratsa sartu zait barreneraino. Gainontzekoengatik etekina atera beste ezer buruan ez duen gobernu/udaletxe batek zikindutako hiriaren ustel usaina. Jende guztiaren ahotan entzun, kale izkina guztitan ikusi, nahitaez dastau, ukitu eta usaindu dugun ustel kiratsa. Euren isla.
Alex Areizaga
Gabon Yaw Atxianpong gaztea! Ez zaizu arrazoirik falta. Espazioa zurian uztekotan nago, bat eta huts-ekoan, baina ezin baztertu suari egur gehiago botatzeko aukera hau. Zaborraren kiratsa diozu. Tamalez, Madril alde horrekin batzen gaituen arazoa da: beren zaborrarekin modu arduratsuan jokatzen ez duten pertsonen arazoa.
Hitz egin, adostu, konpondu, elkarrekin. Hitzak besterik ez dira, horrelako jarreren ondoan. Umeei irakasten dizkiegun hitzak, helduek ahaztu ditzaten. Saldu. Urrea edo airea. Baina erosi. Gehienetan, zaborra. Asmo handiegiak, herri txiki batentzat. Madril-i ustel kiratsa dario, baina gurean dagoen usaina ez da hobea, eta zer esanik ez Zumarragan eta Urretxun dugun airearekin! Zaborra, begiak itxi arren barreneraino sartzen zaiguna. Zaborra bat, ez-ikusiarenak zero. Be basque. Be pozik.
Zaborra lurperatu egin da; errekara bota; su eman zaio edota ke bihurtu eta airera bota dugu. Balkoietan ere zintzilikatu dute, arazoa ezkutatu nahi duen protesta bistosoan. Muturrera joz, metamorfoseatu eta errege bihurtu den kasurik ere ezagutzen da. Baina nik are eta ideia erosoagoa eta errazagoa emango diet euren zaborragatik kezkatu nahi ez duten borroko guzti horiei: utzi zure zabor poltsak bizilagunaren ate ondoan, eta kitto! etxekonekoaren balkoira botatzea ere hobesten da. Gero, ez-ikusiarena egin, edo bota errua hirugarren bati. Baina ez ahaztu: zure eskubide guztia duzu zure zaborraz ez arduratu behar izateko, azken finean, ez baita zurea, beste guztiona baita. Be Ana Bottle. Be pozik.