Angel Oiarbide (Gure Esku Dago ekimeneko kidea)
Azken hilabeteetan izan dugun euriteen inguruan, meteorologo aditu batek zioen, ziklo euritsuak 30 urtez behin gertatzen direla. 1953an, 1983an ere izan omen zen, eta aurten tokatu da naturaren ziklo hori. Datorren urtean nahiko bagenu ere, seguraski ez dugu izango horrelakorik.
Naturak bere zikloak dituen bezala, gizakiek eta herriek ere badituzte beraienak. Euskal Herrian 50-60eko hamarkadak ziklo berri baten hastapenak izan ziren: kooperatiben sorrera, ikastolak, euskararen eta euskal kulturaren suspertzea, eta abar luze bat. Ziklo hasiera hark, sortutako inertziek eragindako uhinaren aparrak, gaur egun arte iritsi zaizkigu. Korrikako lekukoa bailitzan, XXI. mendeko euskal herritarrei iritsi zaigu, herri eta bertako herritarrak oinarritzen duten balore, jarrera eta izaera bat. Historian zehar etenik gabe barreiatuz, zikloz ziklo.
Herri honetan, momentu historiko batean gaude. Lur hauetan ziklo berri bat jada hasia da. Momentuz, uhinik apenas eragin ez duen ziklo hasiera batean gaude.
Euskal Herriko ziklo hasiera honek, Europa mendebaldeko herrietan (Flandia, Catalunya, Scotland, Ipar Irlanda…) hasten ari den ziklo berri batekin koinziditu du. Seguraski berriz ezagutuko ez dugun gertaera baten aurrean gaude. Aukera handi baten aurrean gaude!
Autodeterminazio kontzeptua bera, XIX. mende amaieran sortu zen Europan. Estatu egiturarik ez zuten nazioek, horretarako tresnak eta baliabideak edukitzeko bere buruari emanten zieten zilegitasuna. 1905. urtean Norvegia Suediatik independizatzen da, erreferendum bidez. Mende eta erdian Europa, Europa ekialdea behintzat, erabat aldatzen da, Europa osatzen duten nazio askok bere kolorea emanez.
XXI. mende hasiera honetan, 2014.urtean zehazki, mugarri bat izango dugu. Mugarri historiko bat. XXI. mende hasiera honetako mundu mailako superpotentzia baten eremuan dagoen herri batek bere etorkizuna libreki hautatzeko pausoa emango du, modu txalogarri eta eredugarri batean.
Adibide horrek aldaketa haundiak ekar ditzazke. Mugarri horretatik aurrera mundu mailan estatu batek pedigri demokratikoa izateko, izango duen exigentzi maila orain artekoa baino zorrotzagoa izango da. Adibide hori gerta aurretik zena baino.
Gurea bezalako herrientzako aukera paregabea. Adibide horrek bere baitan dituen balore, eskema eta oinarri demokratikoz eragin eta kutsatzeko.
Inertzia aprobetxatu
Baina nola aprobetxa genitzake etortzekoak diren inertzi horiek?
Itsasontzi batek, aurrera egin dezan, haizearen indar guztia aprobetxatzeko, oihal sendoa eta zabala behar duen bezala, guk ere behar-beharrezkoa dugu herritarren sarea osatzea.
Helburua herri honetan oinarri bat, oinarri demokratiko bat osatzearena da.
Autodeterminazioan edo erabakitzeko eskubidean, sentsibilitate guzien topagunea irudikatzen dugu.
Helburua ez da abertzaleen arteko indar metaketa osatzea. Gure aldarrikapena eta helburua ez delako aldarrikapen abertzale bat. Demokraten metaketa osatzea da helburua.
Autodeterminazioa ez da helburu politiko bat. Prepolitikoa baizik. Edozein helburu politiko aukeratu ahal izateko beharrezkoa den oinarri demokratikoa.
Beraz, helburua norabide honetan gizartea kontzientziatu, sentsibilizatu eta aktibatzea da. Topagunea sustatu. Errezelo eta deskonfiantzetatik, konplizidade eta elkarlanera pasatzea. Gizarte zatitu hau bere oinarrietatik josten hasteko garaia da.
2007an Goierrin sorturiko txinparta, horretan ari da. 2014. urte atari honetan, Euskal Herriko txoko ezberdinetan, ilusiozko txinparta ugari sortu dira. Indar eta argitasun gehiagorekin. Pausoz pauso. Txikitik handira doan mugimendu herritar honek, egoeraren eta garaiaren garrantziaz jakitun, 2013ko ekainaren 8an elkarlanerako dinamika bat jarri zuen martxan: Gure Esku Dago dinamika alegia. Lelo bat baino gehiago, Gure Esku Dago jarrera bat delako. Garaiak eta momentuak eskatzen duen mailako jarrera pertsonal eta kolektiboa.
Gehienetan muga eta horma handienak gure buruan ditugu. Eta muga mental horiek dira pausoak ematen zailtzen eta galerazten digutenak.
Jarreran dago gakoa
Herri honek duen gaitasunaz jakitun, 2014ko ekainaren 8rako ariketa praktiko bat jarri da mahai gainean: Durangotik Iruñeara bitarteko Giza Katea . 123 kilometro eskuz esku.
Orain artean bezalaxe, ekainaren 8ra begira goierritarrok badaukagu egitekorik. Giza kateko 4 kilometro osatzeko erronka dugu. 1.600lagun inguru. Izen ematea hasia da jada.
Abestiak dioen bezala: Har dezagun bidea, gure esku dago eta. / Milaka lagun oinez, eskutik oratuta. / Jende zoriontsua, herri libre batean.
Alper-alperrik egongo gara goitik zer etorriko zaigun zain. Gure Esku Dago!
Batu, elkartu gaitezen
Utzi ditzagun axalkeri eta txikikeriak, eta heldu diezaiogun batera oinarriei. Momentu historiko honetan joka dezagun arduraz.
Irudikatu eta diseinatu dezagun etorkizun hobea, eta izan gaitezen gure herriaren eta gure etorkizunaren protagonistak.
Etorkizunari heldu diezaiogun eskuekin.