Juanita Arana (Ormaiztegi, 1931) Ojarbide baserrian jaio zen. Sukaldaritza ikasi zuen Segurako Katalina Goiarekin eta ondoren banketeak prestatzen lan egin zuen. Ezkondu zenean utzi zuen sukaldari lana, baina handik urte batzuetara Giroki taberna ireki zuen Donostian. Egun, semeari laguntzen dio Madrilgo Donosti sagardotegian.
Nolatan sukaldari?
Sukaldaritza gustuko nuen eta gurasoek Segurara bidali ninduten ofizioa ikastera, Katalina Goiarengana. Bost urte eman nituen astero Segurara joaten, oinez, menditik. Goia primerako sukaldaria zen eta 30 bat neskei eskolak ematen zizkien. Liburuak ere argitaratu zituen. Bere errezetak apartak dira. Jatetxe eta hotel onetan lan egin zuen.
Non hasi zinen lanean?
Goiari banketeak prestatzeko deitzen zioten eta batzuetan ni bidaltzen ninduen. Garai hartan ezkon-oturuntzak eta halakoak etxean egiten ziren, eta ni etxeetara joaten nintzen bazkaria prestatzera. Behin, Nafarroako Iturmendi herrian, beheko suan 80 pertsonentzako bazkaria prestatu nuen. Ormaiztegiko bainuetxean ere lan egin nuen.
Zer jaten zen garai hartako oturuntzetan?
Legatz betea, legatza otarrainarekin, otarraina, oilaskoa, txipiroi beteak, arkume errea… Janaria ez zen gaur egun bezainbeste apaintzen.
Urte asko eman al zenituen enkarguz lanean?
Ezkondu nintzen arte. Senarrak Beasainen denda zuen eta ez zitzaion gustatzen ni sukaldari ibiltzea. 20 urte Beasainen eman nituen, eta senarrak denda itxi zuenean, Giroki taberna ireki genuen Donostiako Alde Zaharrean. Neure buruarengan konfiantza nuen. Banekien ondo moldatuko nintzela. Lan asko egin genuen. 16 urte eman genituen bertan eta orain alokatuta dugu. Oraindik ere ni arduratzen naiz maizterrak lortzeaz.
Zer eskaintzen zenuten Giroki tabernan?
Gure ogitartekoek, errazioek eta pintxoek sekulako ospea zuten. Baserritik barazkiak, babarrunak eta ilarrak eramaten nituen eta bezeroek oso gustura jaten zituzten.
Noiz utzi zenuten Giroki?
63 urterekin utzi nuen, ordurako oso nekatuta bainengoen.
Dena den, oraindik sukaldean aritzen zara.
Semeak sagardotegia ireki zuen Donostian eta, hasieran, sukaldeko lanetan lagundu nion. Tximinia dela eta, bizilagunekin gorabeherak izan zituen eta hura utzi eta Madrilen beste bat irekitzea erabaki zuen. Duela 12 urte joan zen.
Zergatik Madrilera?
Madrilen jende asko bizi da eta, beraz, diru asko mugitzen da.
Zer eskaintzen duzue Madrilgo sagardotegian?
Ojarbideko babarrunak eramaten ditugu eta Madrilgo onenak direla esaten dute. Bakailao tortilla, arraina, odolkia… ere ematen ditugu. Eta kroketak eta babarrunak nik esandako erara egiten dituzte. Oraindik ere saltsan ibiltzen naiz eta semeak aholku eskatzen dit.
Non dago sagardotegia?
Luisa Fernanda kalean, Ferraz eta Princesa kaleen artean, Plaza de Españatik gertu. Politika eta zine munduko jende asko etortzen da gure sagardotegira.
Madrilen ondo moldatzen al zara?
Bai. Donostian bizi naiz, baina sarritan joaten naiz Madrilera. Bizitzeko ez zait asko gustatzen, baina jendea oso irekia da eta oso ondo hartu gaituzte. Primeran pasatzen dut han. Denek de usted hitz egiten didate eta opari asko egiten dizkidate. Sagardotegi denboraldiaren irekieran eta San Sebastian bezperan sekulako festak egiten ditugu. Madrildarrak euskaraz abesten jartzen ditugu, eta Txuri-Urdin primeran abesten dute. Euskaldunok nik uste baino ospe hobea dugu Madrilen. Hitzekoak eta langileak garela esaten dute.