Baserrietako produktuen kontsumoa bultzatzeko helburuarekin abiatu da Bertatik Bertara proiektua. Bertako herritarrek, bertako baserritarrek ekoizten dutena, bertako dendetan eta bertako tabernetan kontsumitzea da egitasmoaren funtsa. Helburu horrekin eskualde oso batek egin du bat: Ezkio-Itsasoko, Gabiriako, Ormaiztegiko, Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako erakundeek, eragileek, baserritarrek, merkatariek, ostalariek, Goimenek eta Uggasak.
Urretxutik abiatu
Urretxuko Udalak sektore desberdinekin egindako parte hartze prozesuetan erein zen, gerora Bertatik Bertaran bihurtu zen egitasmoaren lehenengo hazia. Unai Badiola zinegotziak gogoratu duenez, «baserritarrak bildu zirenean garbi azaldu zen, herritarrek ez zekitela Urretxuko baserrietan zer ekoizten zen, eta jakinda ere ez zekitela non saltzen ziren. Gabezia bat, edo katea hautsi egiten zela ikusten zen». Beraz, elkar ezagutza kanpaina martxan jartzea beharrezkoa ikusi zuten. «Baserritarrek esan zuten zentzu gutxi zeukala Urretxura bakarrik mugatzea. Eskualdeko ikuspegia eman behar zitzaiola garbi ikusi zen, produktu asko osagarriak izan litezkeelako».
Gainerako herriek ere begi onez ikusita, Bertatik Bertara marka eta egitasmoa aurkeztu zuten maiatzean. Lanerako konpromisoa adostu dute eragile desberdinek: «Garrantzitsua da merkataritza txikia, turismoa eta gastronomia ere talde honetan egotea, iruditzen zaigulako dena zirkulu bat dela. Ondo funtzionatzeko, zirkulu bat izan behar du», gaineratu du Badiolak.
Elkarlanak dagoeneko frutuak eman ditu: «Batetik, baserritarrei zein produktu ekoizten dituzten galdetu zaie. Bestetik, dendetan beste galdeketa bat egin da: ikusteko eskualdeko baserrietako zein produktu saltzen dituzten», zehaztu du Goimeneko Manex Aranburuk. Behin identifikazioa eta seinalizazioa bukatuta, triptiko bat argitaratuko dute, ekoizleen eta saltzaileen berri emanez. «Baserria, baserriaren historia, zein produktu ekoizten dituen, harremanetarako modua zehaztuko dira bertan», gaineratu du.
Baserritarrak elkartuta
Gorka Sasieta Itsasoko baserritarra ere gustura dago Bertatik Bertara egitasmoarekin. «Kalearen eta baserriaren arteko hurrunketa ikusten dugu, eta beharrezkoa ikusten dugu baserritar-kontsumitzaile arteko elkarrizketa sortzea». Hala ere, baserritarrak euren artean elkartzearen beharra ere nabarmendu nahi izan du Sasietak. «Bakoitza bere aldetik ibili beharrean, proiektu komun batean aritzea beharrezkoa da. Denon artean arituta, bertako produktuari beste balore bat emateko aukera daukagu». Horretarako herri desberdinetako baserritarren arteko Baserritarren foroa sortze bidean dira eta partaidetza anaitzena izatera deitzen dute.
Unai Badiolak aurreratu duenez, baserritarrek mahai gainean «ideia interesgarriak» jarri dituzte. «Helburu batzuk jarri dira: kontsumitzaileenganaino nola iritsi, orain arte aplikatu diren nekazal politikak zertara eraman gaituzten, intentsibo izate hori, hausnarketa egin… Gure ustez, besteak beste, politika horiek eraman gaituzte gauden lekura eta guk uste dugu horrekin hautsi behar dugula».
Aranburuk gaineratu duenez, «beharrezkoa da elkarrizketa baserritarren eta kontsumitzaileen artean. Bien artean egiten dugulako etorkizuna. Baserritarrak egiten duenak zuzenean eragiten du gizartean, nahiz eta askotan ez garen jabetzen».
Merkatariak gustura
Xabier Velle Merkataritza dinamizatzeko bulegoko kidearentzat garrantzitsua da eragile desberdinen artean «konexioa bilatzea sareen bidez. Alde batetik, baserritarrekin eta merkatariekin, nola lotu daitezkeen». Sarea bera nola indartu ere aztertu behar dela dio. «Bertako produktuak bultzatu behar ditugu, eta horretarako beharrezkoa da eskualde mailako komunikazioa hobetzea», gaineratu du Vellek. Hori bai, salmenta puntuak «ofizializatu» egin behar direla uste du. «Saltzen dira, baina ezkutuan bezala. Salmentak formalizatuta, salmenta kopurua igo egingo litzateke». Orain arte egindako bidearekin gustura daude. «Oso positiboa da, gogoa eta ideiak badaude».
Kanpotik datozenentzat ere bertakoa kontsumitzeko eta bertakoa ezagutzeko bideak jarri behar direla uste dute . Turismo sektorearekin elkarlanean aritzearen garrantzia azpimarratu du Goimeneko teknikariak. «Kultur ekintzetan uztartu daiteke, kirol munduarekin… Adibidez, kirol probetako sarietan bana daitezke baserriko produktuekin osatutako loteak». Aurrera begira, gizartean «baserriaren aldeko gizarte mugimendua sortzea» aldarrikatu du Aranburuk.