Bizkaiko Durangaldean orain bi urte Euskarak 365 egun egitasmoa martxan jarri zuen Berbaro euskara elkarteak. Topaguneak Euskal Herriko elkarte guztietara zabaldu nahi izan du aurten egitasmoa abenduaren 3ko Euskararen Egunaren harira. Lazkaoko Gerrikok eta Ordiziako Hitzarok Topagunearen gonbiteari baiezkoa eman diote, eta egitasmoa Goierrira ekarri dute.
Joxepa Madariaga Lazkaoko Gerriko kultur elkarteko kideak , kanpainaren asmoa zein den azaldu du: «Euskararen Eguna egunero dela aldarrikatu nahi dugu. Egunero euskararen nahiz euskal kulturaren alde lanean ari den norbanako, talde zein elkarte ugari dago Euskal Herrian. Euskarak 365 egun kanpaina lan horren aldarrikapena da».
Azaroaren azken astean eta abenduaren lehenengoan, kanpainaren kartelak nonahi jartzeko asmoa daukate. Kartel batzuetan egitasmoaren izenaren azpian Geu izateko euskararen herrian leloa ipini dute; besteetan, Noiznahi, nonahi, orain, hemen.
Azaroaren azken astean Lazkaon zein Ordizian kartelak jartzeko saioak egin dituzte. Madariagaren esanetan, «ahal bezainbeste kartel» jartzea eskatu diete, eta normalean iristen ez diren tokietan ipintzea ere bai».
Egitasmoak beste ardatz bat ere badauka. Elkarteek herri bakoitzean hogei eragileren edo talderen ordezkari biltzeko konpromisoa hartu dute elkarteek. Kartelak eskuetan dituztela argazkia egingo diete, eta bakoitzari euskararen inguruko esaldi bat eskatuko diote. Material hori Topagunera bidaliko dute, eta Euskaren Egunean Topaguneak argazkiekin zein esaldiekin osatutako mosaikoa argitara emango du Internet bidez. Kontuan izanda, Euskal Herrian 30 elkarte inguruk egitasmoarekin bat egin dutela, Topaguneak 600 bat argazkirekin osatuko du mosaikoa.
Euskararen unibertsoa
Madariagak dioenez, «Lazkaon urtetan ez dugu Euskararen Egunaren inguruko ospakizun berezirik egin. Iaz, presaka eta korrika mintzodromoa antolatu genuen eta ondo atera zen». Aurten, Euskarak 365 egun kanpainaren harira Joseba Tapiak Tximela kapitainaren izarrak disko berria aurkeztu du Gerrikon –asteartean izan zen–. Abenduaren 3an bertan mintzodromoa eta jaia egingo dituzte. «Euskaraz ez dakiten euskaltzaleentzat ere izango da lekua. Zenbat eta gehiago elkartu, orduan eta ikusgarriagoa agertuko zaigu euskararen unibertsoa».
Aintzine Anduaga Ordiziako Hitzaro euskara elkarteko kidea da, eta dioenez, Topagunearen proposamenari baiezkoa eman zioten «euskararen alde egin beharreko lana egunerokoa delako». Kanpainaren baitan hiru ekintza antolatu dituzte nagusiki. Astelehenean, Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguneko aldarria eta Euskarak 365 egun kanpaina uztartuz, Emakumea eta Bertsolaritza hitzaldia eraman zuten Ordiziara.
Abenduaren 3an Larrun Arri abesbatzaren kantu-jira antolatu dute, eta abenduaren 4an, «Ordizian pintxo pote eguna dela baliatuz, euskararen aldeko manifestu bat irakurriko dugu eta abesti batzuk kantatuko ditugu plazan». Horrezaz gain, egun horietan Ordiziako tabernetan euskarazko musika entzun dadila nahi dute.
Boluntario gutxi
Anduagak azaldu duenez, «elkarteak zein norbanakoak parte hartzera gonbidatu nahi ditugu ahalik eta jende gehien bildu dadin. Gure elkarteak arazo ekonomikoak izan ditu garai batean. Orain, diru arazorik ez dugu, baina boluntario aldetik larri gabiltza».
Ordiziako Hitzarok Topagunearen gonbitea jasotzeaz gain, datozen urteetan egitasmoarekin jarraitzeko asmoa du: «Jarraitu eta poliki-poliki zabaltzea ere nahiko genuke».
Lazkaon nahiz Ordizian egitasmoa finantzatu ahal izateko errifak jarri dituzte salgai.
Hori guztia, abenduaren 3ko Euskararen Egunaren harira egingo dute. Euskararen egun bat 365 egunetan egiten denaren erakusleiho gisa. Egun bat 365 egunetan egiteko dagoenaren aldarria.
ERREAKZIOAK:
Arantxa Murua Agirre
«Hitzaro euskara elkartearen deialdiarekin bat egin dut. Tamalez, euskararen alde egunero lan egin behar da, eta hori gogoratzea garrantzitsua dela uste dut. Ordiziako Mintzalaguna egitasmoaren izenean mosaikorako argazkia egitera etorri naiz, horrelako egitasmoekin bat egitea ezinbestekoa baita».
Amaia Iztueta
«Euskararen alde zerbait egitea garrantzitsua da. Euskarak 365 egun egitasmoa interesgarria iruditu zait euskararen aldeko lana ez baita egun bakarreko lana, egunerokoa baizik. Bultzatzeko moduko ekimena da eta hemen nago nire aletxoa jartzeko prest. Ordiziako Sorturen izenean etorri naiz».
Igor Eguren
«Joseba Sarrionandia idazleak dioen bezala ‘euskara da gure territorio libre bakarra’. Esaldia poetikoa da, baina ahaztu egiten zaigu askotan. Gizartearen aurrean euskara gurea dela eta euskaraz bizitzeko beharra aldarrikatu behar dugu egunero. Ordiziako Udalaren izenean etorri naiz».
Maddi Caballero
«Eskolan eman digute Euskarak 365 Egun egitasmoaren berri, eta euskarari bultzada bat ematera etorri gara. Abenduaren 3a Euskararen Eguna da eta ongi dago euskarak bere eguna izatea, hala ere, euskararen alde egin beharreko lana egunerokoa dela uste dut, eta horregatik nago hemen».
Jose Luis Gonzalez
«Tamalez, Ordizian euskara nahi baino gutxiago entzuten dugu, eta batzuetan horrelako ekintzetan aurpegia ematea beharrezkoa da. Herritarrak batu eta euskarari bultzada eman behar diogu. Gurean, oraindik ere, euskara gainditu gabeko irakasgaia dela gogoratu behar da. Hitzaroko lehendakaria naiz».