Gaur ospatuko da Seguran San Nikolas eguna, eta berari laguntzen izango dira, azken 24 urteetan bezala, Jose Luis Etxeberria eta Laureano Telleria. Lana, ordea, «nekagarri» egiten zaie azken urteetan eta erreleboa nahi dute.
Garai batean herri gehienetan ospatzen zen San Nikolas eguna, baina, galtzen joan zen. «Seguran ere galtzera zihoala ikusten genuen eta Laureanok festa honi heltzea proposatuta hasi ginen biok antolatzen». Halaxe azaltzen du Jose Luis Etxeberriak, Laureano Telleriarekin batera San Nikolas eguneko festa antolatzen nola hasi ziren.
Duela 24 urte hasi ziren Segurako kaleak haurrez, gozokiz eta txanponez beteko dituen San Nikolasen festa antolatzen. Duela 24 urte hasi ziren baita ere, San Nikolas poni txikiaren gainean eramaten. Garikoitz Oiarbideri lagundu ziotela gogoratzen dute, 1989ko aldi hartan. Aurrez, 1940 inguru aldera arte, zaldiz joaten zen San Nikolas kaleetan zehar, baina, urteren batean zaldia gaizto xamar portatu zela eta, utzi egin zioten: oinez joan zen Telleriak eta Etxeberriak lekukoa hartu artean. Lehenik Abaltzisketatik ekarri zuten ponia, Pako Muñoak lagunduta. Geroztik Etxeberritik ekarri izan dute eta Isidro Arrondok eramaten zuen.
Azken 24 urte horietan festa egun hau dezente aldatu da. Esate baterako, Ikastola sortu zenetik, lehen gaztelaniaz abesten zen San Nikolasen kanta euskaraz abesten da.
Gozokiak leiho edo balkoietatik botatzeko ohitura ere aldatu da: garai batean etxerik aberatsenetan bakarrik botatzen ziren garaiko frutak, intxaurrak eta antzekoak, eta egun, dauden etxe erdietatik edo behintzat botatzen dituzte gozokiak eta txanponak, eta bakarren batek ohitura jarraitzearren baita garaiko fruta ere.
Garai batean San Nikolasi eta bere laguntzaileari gozokiz betetako kukurutxoak lauzpabost etxe aberatsenetan bakarrik ematen zitzaizkien, eta egun, etxe askotan ematen dituzte kukurutxoak.
San Nikolasen eginbeharrak ere aldatu dira. «Garai batean, etxez etxe meza dirua biltzen zuen San Nikolasek, eguna baino lehen. San Nikolas jantzi behar zuenaren etxean entsegu txiki baten modukoa ere egiten zuten, egunaren bezperako eguerdian, eskolatik irtendakoan», dio Telleriak.
Orain gutxi arte, elizan dagoen San Nikolasen aldarearen aurrean meza txiki baten moduko zerbait ere egiten zen, baina, egun jada ez da halakorik egiten.
Ramona Lezeta
San Nikolasen festaren bueltan izan da ahaztu gabe aipatu beharreko beste familia bat ere: Ramona Lezeta, bere aurrekoak eta bere ondorengoak. Beraiek arduratu dira urte mordoan egun honetarako santutxoaren jantzia gordetzeaz eta janzten laguntzeaz. Ramonaren alaba Maixabel Telleria Lezetak hartu zuen lekukoa, eta aurten ere berak jantzi du San Nikolasen jantziarekin Ekai Azurmendi Telleria.
San Nikolas nor jantzi aukeratzeko modua ere aldatu da. Garai batean Ramona Lezetak berak aukeratzen zuen mutikoa, baina, bere alaba Maixabel Telleria ikastolako irakasle moduan hasi zenean, mutikoen artean zozketa egiten hasi ziren. Hala ere, tartean salbuespenak ere egin dira. Azken urteetan neskatoak ere sartzen dira zozketan.
Erreleboaren beharrean
78 eta 76 urte dituzte Telleriak eta Etxeberriak, eta Germanenetik Gainargirainoko bueltak «nekagarri» bihurtu zaizkie azken urteetan. Horregatik, erreleboa hartuko duen norbaiten beharra ikusten dute. Ohiturarekin jarraitu nahi bada, «Guraso Elkarteak edo antzerako talderen batek ardura hartu beharko lukeela» iritzi dute. Esperantza horrekin egingo dute gaur, akaso, azken herri-buelta San Nikolasekin.