Egunotan han hemenka izango diren liburu eta disko azoketan euskarazko tituluak errenkadan irakurri ahal izango dira. Irakurri ahal izango dira, hain zuzen, euskaraz idazten, euskarara itzultzen eta euskaraz kantatzen duten sortzaileak egon badaudelako. Eta, sortzaileez gain, Euskal Herrian lan hori guztia euskaraz argitara emateko eta zabaltzeko lantegiak daudelako. Hori, ordea, ez da beti horrela izan.
Euskal kultur industriaren memoria gordetzen duen pertsona bat baino gehiago dago, eta horietako bat da Jon Jaka (Zegama, 1952); bere biografia aletzean, euskarazko kultur industriaren sorreraren lekukotza ere jaso daiteke, etxez etxe liburuak saltzen zituen garaitik hasi eta, egun, Elkar Megadendako zuzendari den arte.
Liburu munduarekin lehen kontaktua 17-18 urterekin izan zuen. «Joseba anaia zena ordurako buru-belarri zebilen, eta berak bultzatu ninduen ordu libreetan etxe batzuetan liburuak eskaintzera», kontatu du Jakak. Urtebete beranduago, «behin betiko saltoa» eman zuen: «Lan egiten nuen lantegia utzi, eta etxez etxeko salmentan murgildu nintzen».
Orduz geroztik hiruzpalau urte eman zituen Goio eta beranduago Xanti anaiekin Walt Disney-ren Gauza Harrigarriak liburu sorta saltzen. Ikastolekin lankidetzan aritzen ziren, izan ere, ikasmaterial gutxi zegoen euskaraz eta «haientzat baliagarria izan zitekeen edozer material biltzen eta eramaten» saiatzen ziren.
Euskara itzaletan zegoen arren, argi izpiak biderkatzen zituzten euskaraz ikasten ari ziren haurrek, erakusten ari ziren irakasleek, gau eskoletan ari ziren helduek, materiala biltzen eta zabaltzenzutenek… «Hiruzpalau urtetan dezente handitu zen ikas materialen eskaintza».
Franco hil zenean, baina, «bide itxaropentsu batzuk» irekitzen hasi ziren: «Joseba anaia zena Baionatik (Lapurdi) itzuli zen eta jada han sortu zuen Zabal liburu denda hemen jarri behar genuela erabaki genuen». Bilintx liburu denda ireki zuten, Donostiako Alde Zaharreko Esterlines kalean. «Uste genuen, euskarazko liburuak bakoitzaren garaje, soto eta biltegietatik atera eta liburu denda duin batean kokatu behar zirela; sasi-klandestino izatetik plaza zabalera salto egin behar zutela, eta sakabanaketaren ahuldadetik, elkartasunaren sendotasunera eraman behar zirela».
Bilintx liburu denda
1976. urtean euskarazko liburu, ipuin, disko, poster, joko eta bestelako hainbat produktu jarri zituzten salgai; «euskal material guztien topaleku izan nahi genuen». Bilintx ireki zutenean sortu zuten Zabaltzen banatzailea. «Euskal material guztiak erakutsi nahi genituen, bakar bat ere gorde gabe, eta denon eskura ipini nahi genituen». Jon Jaka ari da garai hartako pasadizoak kontatzen, baina bera ez zen bakarrik egon. Sei bidelagunekin batera eman zituen hasierako urrats haiek: Joseba, Goio eta Xanti Jaka anaiak, Joxemari eta Iñaki Sors eta Ignazio Lizarraga. Bilintx eta Zabaltzen sortu eta gero Elkar argitaletxea irekiko zuten hego Euskal Herrian, Iparraldean egindakoaren jarraipen gisa. «Elkar argitaletxearen sorrera bedeinkazio bat izan zen; izan ere, guztia hutsunez beteta zegoen».
Garai hartan ez zegoen egun dagoen euskarazko idazle kopururik, «han hemenka idazlanak sortzen hasi ziren, batez ere, haurrentzat eta gazteentzat». Horrez gain, itzultzen eta itzulitakoa argitaratzen hasi ziren, eta «denbora ez oso luzean lan dezente» atera zuten. Jakak ez du aipatu gabe utzi nahi garai hartan bidaide izan zuten beste lagun bat: Joxan Ormazabal zegamarra. «Anaia Josebaren kintoa eta lagun-mina. Ormazabalek hainbat lagun zirikatuta eta lagunduta haurrentzako zenbait liburuxka idatzi ziren».
Ikas materialen ekoizpena, musika eta diskagintza, Elkar liburu dendak –egun 18 dendek osatzen dute katea–, banaketa sarea, Elkar argitaletxearen neba-arrebak –Ttarttalo, Sua, Txertoa–, liburu denda birtuala, e-booka… Sarea amarauna bihurtu da jada.
«Egindako bidea oparoa izan da, baina euskal produkzioak gabeziak ditu oraindik, hainbat arlotan ezer gutxi argitaratzen baita euskaraz –arkitektura, medikuntza edo ekonomia…–. Hala ere, asko aurreratu da. Oso ondo idazten duen idazle asko dugu; beste kontu bat irakurleena da; hemen ez da proportziorik ematen». Eta ikusten dituen mamuen artean kontsumitzaileen ohiturak eta pirateoa daude: «Espero eta desio dut, luze gabe, legalki, pirateoa ordenatuko dela, ordenatu beharra dagoela».
Memoria hauek ekinaren ekinez sortutakoak dira, ea hor jarri du Jakak azkeneko gakoa: «Egunean egunerokoari ekinez aurrera egin beharra dago, aurrerantzean ere euskal kulturak merezi duen leku duina izan dezan. Guztion zeregina da; norberak, beraz, bere arloan ekin diezaiola».