1934 urtean begirada jarriz gero, ezinbestean dator burura urte gutxiren buruan sortuko zen sarraskia. 36ko gerraren atarikoen berri ematen du alboko orriko argazkiak. Euskal Herrian estatutoaren eskaera zabalduz zihoan, Katalunian Lluis Companys Esquerra Republicana alderdiko buruak Estatu Katalana aldarrikatu zuen eta Asturiasen Urriko Iraultza egin zuen Alderdi Sozialistak. Ezinegona zen nagusi.
1934an Alejandro Lerroux zen Espainiako gobernu burua Alderdi Erradikal Errepublikanoaren izenean. Alderdi hau zentrokoa bazen ere, praktikan eskuineko politikak zein aliantzak egin zituen. Eskuineko politika haien erakusle da, esate baterako, herritarrek hautatutako estatutuaren aldeko udal ordezkariak beraien kargutik kendu zituztela. Kargutik kentzeko arrazoia kontzertu ekonomikoarekin lotuta egon zen.
Lerrouxen gobernuak Euskal Herrian ardoaren merkataritzak zuen kontzertu berezia aldatzeko asmoa agertu zuen. Asmo horrek udaletan matxinada bat eragin zuen. Mugimendu haren izenean, Zumarragan alkateen eta legebiltzarkideen asanblada deitu zuten.
Ongi etorri baino ez
Eusko Alderdi Jeltzaleko kideek hasieran mugimendua babestu bazuten ere, sozialistetatik bereizi ziren. Bi alderdiek bide ezberdinetatik erdietsi nahi zuten euskal estatutoa.
1934ko irailaren hasieran, Indalecio Prieto sozialista barne, ordezkari ugari bildu ziren Zumarragako udaletxeko areto nagusian. Espainiako gobernadorearen esanetara zeuden karabineroek ez zioten jendeari udaletxera hurbiltzen utzi eta liskarrak sortu ziren.
Asanblada hasi zen. Hala eta guztiz ere, Espainiako gobernadorearen aginduz batzarra debekatuta zegoenez, Donostiako alkate eta mugimenduaren buruzagi Fernando Sasiainek aretoan bildutakoei ongi etorria emateaz batera, asanblada desegin zuen. Egun gutxira Zumarragako alkatea eta beste alkate asko atxilotu zituzten.