Eneritz Gorrotxategi
Emozioz betetako asteburua dugu aurrean. Mundu zabalean Nelson Mandelaren agurra da hizpide. Kantu eta negar artean, sentimendu nahasketa eragin du apartheid-arekin amaitzea lortu zuenaren heriotzak. Afrikako herritar soilek agur esateaz gain, nazioarteko hainbat agintari ere hurbilduko dira azken agurreko ekitaldi jendetsuetara. Herritarrek taldean edota familiaka agurtu dute, bakoitzak bere modura. Bitxia da agintarien jarrera ere; bizi artean ez bezala, hil ondoren guztiek dituzte loreak Mandelarentzat.
Baina ez dago Afrikara begiratu beharrik emozioak gainezka egiteko. Baliteke Mandelaren irudia hitzez edo kantuz gure artean agertzea, Barakaldon hamabost mila lagunen artean ere mundu bat bilduko baita. Han ere emozioa izango da nagusi, eta kolore, adin eta sorterri ezberdinetatik gerturatuko da jende andana. Zortzi protagonista, oholtza gainean, hitzekin jolas eginez, bertsoak josiz eta sentimenduak dantzan jarriz. Erreparatzen hasita gainera, Ion, Goierriko jende asko eta asko izango da egun horretan protagonista. Oholtza gainean kantuan, gaiak jartzen, txapela jartzen, edota atzeko lanean, oholtza barrenean aulkiak jartzen, gertatzen denaren berri ematen…
Ion Muñoa
Emozio horien sorburuaz pentsatzean, bi hitz datozkit burura, Eneritz: sinboloa eta lehia. Bistan da heriotza berez dela emozio sortzaile, eta gutxienez ahoz gora adierazten direnen artean, sentimendu lorezaleak izaten dira nagusi Herio iristean. Ez da gaur goizekoa hil eta gero, salda bero esapidea. Baina Madibaren kasuan, gizakiok nahiko berezko dugun hipokresia (nork bere neurrian jakina!) munduko agintarien ahotan agerian geratu arren, azpimarragarriena sinbolo izaera dela iruditzen zait. Arrazionaltasunaren gizarte «modernoan», jentilak, gurutzeak eta santuak zaharkituta alboratu baditugu ere, beharrezko ditugu oraindik Mandelaren moduko sinboloak, edo konstituzioak, edo ikurrinak, edo errauste plantak, edo Olentzero, edo…
Neurri handi batean, bertsolaritza ere, oro har, halako sinbolo gisa ikusten dut, eta Txapelketa Nagusia bereziki. Nola uler daiteke bestela inguruan sortzen duen guztia? BECen egoteko gogo bizi hori? Ez dut uste (askok hau eztabaidatzen didaten arren) bertsozaletasunak bakarrik mugitzen duenik hainbeste jende eta emozio. Eta horrez gain, ez gaitezen engaina! Txapelketan lehia ere gustagarri zaigu (nahiz eta modan ez egon ahoz gora esatea). Nik behintzat bertsolarien lehiarekin gozatzen dut. Emozionatzen nau nor baino nor mikrofono aurrean jarrita, ataka estuenean, hizkuntzaren artista horiek sortzeko gai direnak. Baina lehia ez dago modan; sinboloak bai! Beraz: Pin, pan, pun! Sarriegi txapeldun!