Klasean euskara irakasten adinako naturaltasuna du Iñaki Muruak (Gabiria, 1956) Goierri Eskolako kafetegian ere. Gazte artean ondo moldatzen da. Igandean da BTN Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala; eta guztiaren burua, Iñaki Murua. Txapelketatik urrutiago jarrita dauka, hala ere, begia.
Zer moduz doa Txapelketa Nagusiaren orain artekoa?
Orain artekoan, bertsoen mailaren aldetik oso gustura sentitu naiz. Gaiekin ere, oro har, asko asmatu dute gai-jartzaileek. Bertsolarien maila, nire gusturako, ondo. Epaileek ere ez dute erraza, denekikoa egiten ezinezkoa, baina iruditzen zait busti direla, eta nik hori eskatzen diet. Umorea gehiago lantzea izango zen polita, baina bertso traszendentalek dute lehentasuna. Publiko aldetik, ikaragarri ondo, sarrerak ia leku denetan salduta, finalean bertan ere bai.
Umorea bultzatu nahi zenuten aurtengo BTNn. Txapelketa xumeagoa izan nahian agian?
Krisiak etsita, ilun, hits, gizartea tonu grisetan murgilduta dagoen garaiotan, esperantza, ilusioa, bizi-gogoa pizteko ekarpenak egingo zituen elementu izatea nahi nuen Txapelketa. Txapelketa bera ere krisiak jota dago, diru aldetik denei erasotzen dielako. Zentzu horretan, soildu egin dugu, ez dago hainbeste girnalda. Oreka bilatzeko, gustatuko litzaidake umorea, ironia eta adarjotzea lantzea eta hazi hori ereitea. Hizkuntzaren alde, batik bat.
Atxagak esaten zuen euskara mihia zegoela, mehea. Niri tristura ematen dit, Goierrin bertan, txisteak erdaraz kontatu behar jendeak graziarekin jasotzeko. Lazkao Txiki atzo hil zen, eta hark adina barre eragin diona inor gutxi izango da. Hori berreskuratu nahiko nuke: umorea, adarjotzea, ironia.
Ildo horretan, hitzartuak ziren zahatoa eta ginkasa erakustea?
Bi anekdota horiek ez dut uste aproposenak izan zirenik. Geu ari gara esaten mugikorrak itzali, alkoholik eta bestelako edaririk ez ekarri, ezin da erre… Geu ari gara erabat bete gabe uzten, eta esaten dugunari men egiten geu izan behar dugu lehenengoak. Ulertzen dut, neurri batean, sortzailea dagoen trantze-egoera horretan, behar izatea lasaigarri modura gerta dakiokeen zerbait. Baina dena mediatizatu nahian eta horren goraipamena eginez ibiltzea, ez zait iruditzen.
Bertsolaritzak helburu baino gehiago bitarteko izan behar duela esan ohi da, beste helburu batzuentzat.
Txapelketak lortzen du hori?
Txapelketa Nagusiak astindu bat ematen du, eta jendeari belarriak erne jarri. Horrek beti poso bat uzten du, bertso mundura jende berria eta gaztea erakarri, ilusioa piztu… Bestetik, BECeko bectekadak sinestarazten digu zerbait bagarela, indarraldi interesgarria da: hainbeste jende euskara hutsean egiten den jenero batean inguruan ikustea, beti egin den bezala a capella kasi, izugarria da.
Baina gainditzeko daukagun asignatura da zeharrera eragin diezaiokeen inguruko genero desberdinekiko elkarlana, orain Mintzolatik bultzatu behar duguna: bertsolaritzarekin eskutik joan litezkeen generoen (antzerkia, kantagintza…) traktore izaten saiatu. Bakoitza bere erritmoan eta eroso, baina denoi oxigenoa emateko ahalegina egitea da helburua.
Beste urteetako maila harrapatu al du 2013ko BTNk? Zer moduz dago txapelketa indarrez?
Jendearen aldetik harrapatu eta hazi, zapaldu eta azpian pasa gaitu denok. Hilabete eta astebete lehenago finaleko sarrera guztiak salduta zeuden. BECeko giroa, adorea eta bagara zerbait hori bizi nahi duen jendea ere joango da; bertsozale epelak ere joango direla esaten ari da jendea. Behin ere joaten ez dena ez da bertso zaletuko, behin joaten denak arriskua dauka kutsatzeko. Beraz, ongietorria izan bedi. Joan ezinda gelditu direnekin bronkak ere izan ditugu, baina zer nahi duzu guk egitea? Ondo egindako lanaren seinale ere izango da hori. Leku askotan dira pantaila erraldoiak jartzekotan, soziedadeak eta tabernak ari dira euren martxan antolatzen. Hori ere eskertzeko ahalegina da.
Bertsolariei buruz, zer iritzi?
Iruditzen zait erreleboa oso indartsu datorrela. Bat baino gehiago asko hazi dira txapelketan bertan. Garantia handia ematen duten pertsonak dira, iritzi kritikoa eta propioa daukatenak. Alde horretatik, asebeteta nago. Mintzolako ikerguneak lana berebat egiten baldin badu, etorkizuneko bertsolariak are eta kritikoago, aberatsago, osatuago eta ekarpen oso-oso interesgarriak egingo dituztenak izango dira.
Txapelketak zer ondoren edo ‘poso’ uztea nahiko zenuke?
Ikerkuntzatik begiratuta batik bat, gustatuko litzaidake mundu mailatik datorren jendeak nola ikusten gaituen transmititzea, zer onura eta zer gabezia dauzkagun. Ikerketan jarrai dezagun tentazioa sor diezagula etxean bertan, eta kanpokoek gehiago tira egin dezatela. Azkenean, gustatuko litzaidake bertsolaritza munduko fenomeno bezala hartzea, munduari begira jartzea.
Terraza Zientifikoan, udalekuetan edo bertso-eskoletan hezitzaile dabilen gazte jende hori kanpoko jendearekin kontaktu fisiko eta berbalean jarri nahi dugu. Kontura dadila bertsoari esker munduari begira eta munduan jar litekeela, euskaldun eta euskaratik bizi izanez eta ekarpenak eginez. Hori, etorkizuneko herri bezala, herrigintzari eskain diezaiokegun alerik inportanteena dela iruditzen zait: euskaratik eta euskaraz, gure gazteriak sinistea munduari ekarpenak egin diezazkiokegula. Gazteei eta etorkizunari nortasun eta zigilu propio bat ematea da hori.
Zer da Terraza Zientifikoa?
Abenduaren 13an [gaur] aurkeztuko dugu, Villabonako Mintzolan. Atzerritik ikerketan ari den jende mordo bat dator; AEBetatik, Kubatik, Kolonbiatik, Galestik, Sardiniatik… Katalanak ere bai, bertso tipoko lehiaketa batzuk-eta berpiztu nahian ari direnak. Ikertzaile horientzako espazio bat jarri dugu. Mintzolaren kide direnak eta bidelagun ditugunak ere gonbidatu dugu. Guztira 60 bat lagun izango dira.
Bertsolaritza Unescoren ondare ez material izendatzeko ere lanean ari zarete.
Madrilen izan gara Unescoren ekitaldi batean. Ondare ez material izendatzeko asmotan gabiltza. Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio izan dira, eta saio mundial bat egin dute. Han gailegoak, alpujarreñoak eta Almeriakoak ziren; eta Almerian Alpujarretan baino negutegi gehiago zeudela, Alpujarretan Almerian baino urdaiazpiko gehiago, horrela jardun ziren.
Egaña eta Lujanbio joan zirenean, aurrena ume desagertuen inguruan aritu ziren; kezka duen emakumea bat, eta moja bestea. Gero, bakarka, gaiak jarri zizkieten. Uste dut flipatu egin zutela hango gainerakoek, itzulpena aditu zutenean. Espainiako Kultura Ministerioko funtzionario batek zuzenean sarrera hartu zuen Internetetik, ez duela ezer ulertuko baina etorri beharra daukala eta, «hori ezin dut galdu» esanez.
Beraz, aukerak badira?
Hori esaten digute Unescotik bertatik. Eskarmentua daukatenek esaten digute praktika onak deritzenekin bete-betean parean jotzen dugula; Xenpelar dokumentazio zentroa ikaragarri ondo eginda daukagula eta finaleko irudiak harrigarriak eta eredugarriak direla. Baina denborak erakutsiko du, zeren Espainiaren babesean gaude joan beharrean; Frantziaren babesean oraindik zailago da. Bestela, Hego Amerikako edo Ertamerikako estatuekin. Oso konplikatu dugu. Izendapenarekin onuradun euskara irtetea nahi dugu, ez bertsoa bakarrik.
Txapelketan hainbat gairi eta punturi erantzun beharko diezu oraindik, lehendakari kargutik.
Bai. Dena dela, nire zeregina erraza da: aurpegia edo irudia jartzea. Saioetan gozatzea, entzutea, han egotea. Benetan lan egiten duena elkarteko ekipoa da, lanean buru-belarri dabil. Gustura, harro eta umil, hanka-sartzeak egiten ditugula aitortuz. Ondo egindakoa ere eskertzen digu jendeak. Ni oso gustura nabil, nik loreak besterik ez ditut jasotzen, kasi-kasi ehuneko ehunean.
Finaleko egunean, etzi, zer lan egitea tokatuko zaizu?
Hasteko, bezperan joan. Finalistak eta antolatzen ibiliko diren lankideak aurten ere batera joango gara, larunbatean. Andoni Egaña ere bai, azkeneko finaletan elkarrekin ibili gara, eta oso pozik gainera. Bera ere lankide izango dugu, zertan-hartan, eskatzen zaionerako.
Gero, palkora etorriko den jende mordoarekiko hartu-emanean ibili beharko dut. Gustatuko litzaidake haiek ere beste zaleek bezain ondo pasatzea, tratu duin bat hartu duen sentsazioarekin etxeratzea: ondo pasata, aberastuta, gustura, aseta. Euskaldun bezala horixe eskatzen diet neure buruari, antolaketari eta han bilduko garen guztiei. Elkar animatzeko eta indartzeko erabil dezagula aukera, eta ahaztu, ahal den neurrian, gure arteko eraman ezinak eta ikusi ezinak.
Joanito Dorronsoro ataundarrak jarriko dio txapela irabazleari
Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 2013ko irabazleari goierritar batek jantziko dio txapela, igandean, Barakaldon. Jartzaile Joanito Dorronsoro ataundarra izatea erabaki du Bertsozale Elkarteak. Ataunen jaioa, Zumaian (Gipuzkoa) bizi da. «Bertso doinutegian egin duen eta egiten ari den ekarpena, behintzat, aparta izan da. Mila esker Joanitori egin duen guztiagatik, eta zorionak aukera polit honengatik», esan zuen, igandean, Iñaki Muruak ETBko Hitzetik Hortzera programan.
Apaiz eta fundizioko langile izana, ikastolen mugimenduaren bultzatzaileetako bat izan zen Dorronsoro. Zumaiako Aita Mari ikastolan eskolak eman zituen. Bertsolaritza irakastea pentsatu, eta horretarako metodologia sortu zuen. Lan oparoena, berriz, Bertso doinutegia da. Bertsozale Elkarteak 1995ean argitaratu zuen, lau liburukitan. Bertsolaritzako doinuak bildu, sailkatu eta musika-pentagrametan ipini zituen. Une honetan 2.775 doinu ditu bildumak. Elkarteak ohorezko bazkide izendatu zuen 1999an, eta Imanol Urbietak Joanito dugu iturri eta doinua sortu zion.
«Txapeldunarentzat ohore izugarria da txapela, baina baita ematen dionarentzat ere zerbait», esan du Dorronsorok.