Bertakoak eta kanpokoak urtez urte elkartu ditu abenduaren 13ak. Bada feriak Urretxuko eta Zumarragako herriek izandako gatazken gainetik iraun duela dioenik ere. Baina egiaz, Santa Lutzi azoka Ezkioko Anduaga auzoan sortu zen XVI. mendean. Gero, XVIII. mendetik aurrera, Urretxura lekualdatu zuten. Jauregi eta Iparragirre kaleetan eta aldapan egiten hasi ziren orduan azoka.
Zumarraga 1868 urte inguruan batu zitzaion feriari. Garai hartan bertako enpresa-gizon batzuk, eta batez ere Justo Artiz, euren produktuak feria egunean erakusten hasi ziren, baimenik ez bazuten ere. XX. mendearen erdirako, jada, Santa Lutzitako feria bi herrietan egiten hasi ziren.
Hasiera batean, Santa Lutzi feria ez zen zaldien feria bakarrik, denborarekin ganadu salmentak eta erakusketak eman badiote ere entzute handiena. Traturako ohitura galtzen badoa ere, oraindik gutxi batzuk eusten diote azokaren motorra den salerosketarako arteari. Urretxuko Larrea baserrikoak dira, esaterako, horren adibide. Abenduaren 13a berezia izan da beti beraientzat, Lizarazu-Elizburu sendiarena mendiko zaldiei estuki lotutako historia baita.
Familiako tradizioa
Jesus Lizarazu etxeko ugazaba Zumarragako Elizondo baserrian jaio zen, eta umetatik bizi izan da behorrez eta moxalez inguratuta. Ezkondu eta Larrea baserrira bizitzera joan zenean ere beti eduki izan dituzte etxean behorrak eta moxalak. Ahal izan duen arte, Santa Lutzitako ganadu erakusketa eta salmenta galdu ezinezko hitzordua izan da berarentzat.
Julia Elizburu emazteak ere badaki zerbait mundu horri buruz. Aita Pedro Elizburu tratantea zuen: «Oso ezaguna zen Santa Lutzi azokan, orain 47 bat urte aita eta Zumarragako Inazio Zaldua Bustintza ziren inguruetako tratanterik ezagunenak», dio. Gainera, Jesus eta Aitor Lizarazu semeek ere jarraipena eman diote aitonaren eta aitaren afizioari. Behorrek eta moxalek gaur egun ematen duten diruagatik baino «familiako tradizioa delako» du oraindik Jesus semeak ganadua etxean. Gainera, etxe inguruetako «zelaiak garbi mantentzeko oso aproposak» direla ere gaineratu du.
Jesus semea, Aitor anaiarekin batera, goizean goiz, 06:00etarako joana izango da feriara gaur etxeko animaliekin. Gaur egun, batez ere «animaliak erakustera» joaten dira. Dena den, saltzeko aukera sortzen bada, tratu on bat ixteari ez dio uko egingo.
Julia ama eta Jesus aita-semeak bat datoz Santa Lutzi feria asko aldatu dela esaterakoan. Bere aita tratante ibiltzen zen garaian, kanpotik ganadua erostera jende asko etortzen zela oroitu du Juliak. «Batez ere Valentziatik etortzen ziren, trenez, laranjak biltzeko moxalak erostera».
Feriak ordu hartan egun bat baino gehiago irauten zuen eta erositako ganadua «gaur egun kultur etxea dagoen eraikinean gordetzen zuten», bueltarako ordua iristen zen arte. Erositako ganadu guztia hartu eta kultur etxetik tren geltokira arteko bidea egiten zuten hurrengo egunetan valentziarrek; «ikaragarrizko ikuskizuna izaten zen», dio Juliak.
Ohitura galtzeko bidean
Valentziarrak erosle onak ziren, baina bazituzten beraien baldintzak ere. Ez zuten moxal beltzik erosi nahi izaten, «seguruenik, hilotzak garraiatzeko gurdiak zaldi beltzek tiratuko zituztelako», esan du Jesus semeak. Zuri kolorekoak ere ez ziren ondo ikusiak bertakoen artean, «norbait erotzat hartzen zenean, zaldi zuridun gurdian eramaten baitzen Santa Agedara», oroitu dute.
Usteak uste, Santa Lutzitako azoka traturako aparteko feria izan da beti. Valentziatik ez ezik, Gipuzkoatik, Nafarroatik edo Errioxatik ere jende asko etorri izan da, baita frantsesak ere «haragitarako moxalak erostera, batez ere». Tratuak egiteko modua oso gutxi aldatu da oraindik orain. Ganadua erostera datorrenak goizean goiz ganadua ikusten du. Gustukoren bat hautatzen duenean hasiko da tratua.
Jesus aitak dio garai batean tratuak errealetan egiten zirela, eta ondoren durotan. «Oraindik ere tratu asko durotan isten dira», gaineratu du semeak. Tratua isteko seinalea «eskua ematea» izaten da eta erosleak seinale bat ematen dio eskura saltzaileari. Gero, animaliaren gida erakutsi behar zaio erosleari. «Albaitariak egiten duen txosten bat da, animaliaren ezaugarriak biltzen dituena». Eta orduan egiten da ordainketa osoa, «normalean metalikoan eta eskura».
Moxalak eta behorrak eramango dituzte feriara Lizarazutarrek. Aurtengoa feria hobea izatea espero du Jesus semeak. «Iazkoa barregarria izan zen, postu asko hutsik egon ziren». Tratuaren ohiturari etorkizun beltza iragartzen dio, «oraindik iritsiko da eguna animaliak erakustera soilik joango garena», amaitu du.